Ibai Maruri Bilbao
Gaur egun Loira eskualdean [Frantzia] dauden gaztelu erromantikoen artean beste bat dirudien arren, Butroeko gaztelua [Gatika] hasieran ez zen horrelakoa. Gotorleku sendo bat zen, dorre karratu bat, inguruan harresi bat zuela, gaur egun oraindik ikus daitekeen Zamudioko dorrearen eta Martiartu dorrearen antzekoa”, azaldu du Jata Ondo Uribe Butroeko landa garapenerako elkarteko turismo teknikari Jagoba Martinezek. Hasierako dorretxe hura egungo gazteluaren barruan dago. 1879an egindako eraberritze sakon batek eman zion oraingo itxura: “Disney estilokoa edo ipuinetakoa” dirudiela esan du Martienezek. Gazteluaren jabea zen Tordesillako markesak eskatuta, Cubasko markesak diseinatu zuen. “Orduko arkitektorik ezagunenetakoa zen, eta orduan modan zeuden horrelako gazteluak”. Estilo neogotiko, neoarabiar eta erromanikoan inspiratutako eraikin eklektikoa da.
Butroe ibaiaren meandro estrategiko batean dago. Butroe familiarena izan zen jatorriz. Gaminiz kapitainak eraiki zuen, VIII. mendean, kondairaren arabera. Butroetarren familia geroagokoa da. Billelako jaunak ondasun asko zituen. Haren alaba Juan Perez Ajangizkoarekin ezkondu zen 1225ean. Haiek hil zirenean, ondasunak hiru semeen artean banatu zituzten. Nagusiari Billelako lurrak eman zizkioten, Mungian. Bigarrenari, Ibarguengo orubea, Erandion. Txikia geratu zen Butroerekin. Orduan sortu zen butroetarren leinua.
Boterearen erakusgarri
Bizkaiko familiarik garrantzitsuenetakoa izan zen leinuen arteko gerran, XIV eta XV. mendeetan. Aramaioko jaun izatera heldu ziren, Araban. Eta Bizkaiko aberatsenetakoa zen Muxikako orubea eskuratu zuten. Arriskutsu fama zuten. 1393an, Hermandadeak —orduko Poliziak— zazpi hilabetez inguratua izan zuen dorretxea, butroetarrek ez zutelako legea betetzen. Gerra amaitzean, dorrea zaharberritu zuten, nahiz eta butroetarrak gehienbat Plentzian bizi ziren; gaur egun Plasentia de Butron museoa den dorretxea zuten bizileku, eta handik kontrolatzen zuten portuko merkataritza guztia.
Butroeko gazteluaz eta Plentziako dorretxeaz gain, etxeak izan zituzten Otxandion, Zornotzan, Mungian eta Balmasedan, besteak beste. Errotak, burdinoak, ganadua… zituzten Bizkai osoan. Butroen bertan ere bai. Errota bat zuten garia ehotzeko. Burdinolan armak egiten zituzten. Santa Maria Magdalenari eskainitako ermita bat ere eraiki zuten. “Hiru botereak ordezkatzen zituzten butroetarrek: ekonomikoa, militarra eta erlijiosoa”.
Ermita uztailaren 22an bisitatu daiteke, auzoko jaiak ospatzen direnean meza egiten baita barruan. Ostera, burdinolak eta errotak jabe pribatuak dituzte, eta ezin da haietara sartu. Beste horrenbeste gertatzen da gazteluarekin: 2021ean Errusiako talde inbertsiogile batek erosi zuen.
Hala ere, inguruko parkeaz lasai goza daiteke. Oraingoz, ez dute harako sarbidea zarratu jabeek. Dena den, zaindaria ipini diote, eta ingurura autoz sartzea debekatu dute. Mundu osoko zuhaitzak ditu: zedroak, sekuoiak, magnoliak, hibak, pinaburuak, kriptomeriak, zefalotejoak… Martinezen ustez, ikusgarrienak Japoniako zedroak eta sekuoia erraldoi bat dira. Azken hori inguratzeko, bost bat lagun behar dira.