Ibai Maruri Bilbao
Maiatzaren 28ko foru hauteskundeetan, EAJk egun dituen 25 batzarkideak edo bat gehiago eskuratuko lituzke Bizkaiko Batzar Nagusietan, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta Ikerfel azterketa enpresak egindako inkestaren arabera. 51 batzarkidek osatzen dute herrialdeko parlamentua, eta, beraz, 26 batzarkidetan dago gehiengo osoa. Ondorioz, eta betiere inkestaren arabera, datozen lau urteetan jeltzaleek eurek bakarrik gobernatzeko aukera izan dezakete Bizkaian. Herrialdean, boto kopuruan igoera txiki bat aurreikusi diete: lehen, botoen %43,5 eskuratu zituzten; orain, %44,1 lortuko lituzkete.
Inkestaren emaitza ona da EH Bildurentzat ere, herritarrek babes handiagoa emango lioketelako, eta jeltzaleek baino hazkunde hobea lukete, gainera: 2019ko bozetan botoen %19,9 eskuratu zituen, eta inkestak dio maiatzean %21,3 izan daitezkeela. Hala, Bizkaiko bigarren indarra izango litzateke talde subiranista, batzarkide bi irabazita: egungo hamar izan ordez hamabi izango liratekeela aurreikusi du Ikerfelek. Zortzirekin jarraituko luke PSE-EEk. Elkarrekin Bizkaia koalizoak bi edo hiru aulki galduko lituzke: sei ditu orain, eta inkestak hiru eta lau artean eman dizkio. Egungo ordezkarien artetik, PPk gaurko biekin jarraituko luke.
Inkestaren arabera, abstentzioa nabarmen haziko da: ia sei puntu, %40,1era arte. Lau hausteskunde barrutietan egingo luke gora bozkatzera joango ez direnen kopuruak, baina, batez ere, Durango-Arratia barrutian: hamar puntu baino gehiago.
Enkarterrin, lehia
Duela lau urte bezala, jeltzaleak lehen indar izango dira Bizkaiko lau barrutietan. Eskuratu dezaketen 26. batzarkide hori Enkarterrietako barrutian egongo litzateke jokoan: Elkarrekin Bizkaiak eta EAJ ibiliko lirateke lehian, zeinek eskuratuko. Inkestaren arabera, sei edo zazpi lortuko ditu EAJk han, hiru PSEk, bi EH Bilduk eta bat edo bi Elkarrekin Bizkaiak.
Busturia-Uriben, jokoan dauden hamahiru batzarkideetatik zazpi eskuratuko lituzkete EAJk, duela lau urte bezala, eta botoetan gehiengo osoa lortzeko zorian leudeke, %49 eskuratuta. Batzarkide bat gehiago lortuta, hiru izango lituzke EH Bilduk barruti honetan. Orain Elkarrekin Bizkaiak duena da bat hori, eta ez luke lortuko maiatzean. Bana lukete sozialistek eta PPk.
Ikerfelek egindako inkestak ez du aldaketarik aurreikusi Durango-Arratiarako: duela lau urte bezala, bost batzarkide lortuko lituzke EAJk, hiru EH Bilduk eta bana PSEk eta Elkarrekin Bizkaiak. Boto portzentajeetan ere ez dago aldaketa handirik: nabarmenena EH Bilduren igoera da, baina ez da puntu batera ere iritsiko, inkestaren arabera.
Bilbon oraingo zazpi batzarkideei eutsiko liekete jeltzaleek, sozialistek ere hirurekin jarraituko lukete. EH Bilduk bat gehiago lortuko luke —hiru, guztira—, Elkarrekin Bizkaiak galduko duena —bakarrarekin geratuko da—. PPk oraingoari eutsiko lioke. Gutxi-asko Alderdi Popularrekoak igo egingo dira barruti guztietan, eta Vox ere bai, gutxi bada ere. Boto gehien Bilbon lortuko ditu Voxek, baina ez da %2ra iritsiko.