I. Maruri Bilbao
Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta Ikerfel ikerketa enpresak egindako inkestan, bizkaitarrek 7,5eko nota ipini diote herrialdeko bizitza kalitateari. Hamarretik zazpik “nahiko ondo” bizi direla erantzun dute; hau da, 7 edo 8ko nota eman diote. Gehienentzat herrialdeak dituen erronka nagusiak ekonomia eta enpleguaren sustapena dira. Arazo bat baino gehiago zerrendatzeko aukera izan duten galderan, %97k inflazioa aipatu dute; %90ek, hipoteken gorakada; %82k, etxebizitzen prezioa; eta %80k, egoera ekonomikoak ekar litzakeen murrizketak. Azterlana abenduan egin zen, 2.507 bizkaitarri telefonoz egindako elkarrizketekin. Lagin akatsa %2koa da, eta %95,5eko konfiantza maila du azterlanak.
Herrialdeko egoera ekonomikoari 6,2ko nota ipini diote. %47k erantzun dute ez dela “ez ona, ez txarra”; hau da, bost eta sei arteko emaitza eman diote. Beste %44k “nahiko ona” dela erantzun dute —sei eta zazpi artean—. Zehazki, enpleguaz galdetuta, 55,7ko nota ipini diote. Erdiek baino gehixeagok erantzun dute ez dela “ez ona, ez txarra”. Baikorrenak gizonezkoak eta 18 eta 24 urte arteko gazteak izan dira.
Etorkizunera begira ez dira baikorregiak. 2,6ko nota ipini diote hasi berri den 2023. urteko ekonomia aurreikuspenari; kasu honetan, 1etik 5era puntuatzeko eskatu dute inkestatzaileek. %40k uste dute 2023a 2022aren antzekoa izango dela; %39k, berriz, “nahiko okerragoa” izango dela erantzun dute. Ezkorrenak 35 eta 44 urte artekoak izan dira, eta, bereziki, emakumeak.
Izan ere, inkestan ikus daitezkeenez, adinaren eta sexuaren arabera, lehentasunak eta kezkak moldatuz doaz. Esaterako, etxebizitza eta hipoteka, batez ere, 25 eta 44 urte arteko bizkaitarrek nabarmendu dute. Ostera, adinean zenbat eta gorago, gehiago aipatu dute klima aldaketarekiko ardura. Nagusienek agertu dute zerga iruzurrarekiko kezka handiagoa ere. Euskararen sustapena, berriz, 18 eta 24 urte arteko bizkaitarrek ipini dute lehentasunen artean. Murrizketak eta klima larrialdia, gizonek baino askoz gehiago aipatu dituzte andreek.
Aldartean ere badaude aldeak. Andreak duela urtebete baino estresatuago, frustratuago, kezkatuago eta nekatuago sentitzen dira; gizonezkoen egoera emozionala gutxiago okertu da. Adinari dagokionez, gazteek egiten dute okerrera. Oso deiagarria da 18 eta 25 urte artekoen %71 estresatuago eta %74 kezkatuago sentitzen direla. 35 eta 44 urte arteko bizkaitarrei nabarmen areagotu zaien sentipena, ostera, haserrea izan da. Dena den, oro har, baikorrak dira, eta etorkizunari 6,7ko nota ipini diote. %58k erantzun dute nahiko edo oso baikorrak direla.
Proiektuen alde, oro har
Bizkaiko proiektu nagusien inguruko iritzia ere eskatu diete elkarrizketatuei. Babesik handiena Bilboko metroaren bosgarren lineak lortu du: %92k babestu dute. Diputazioa zaintza arloan egiten ari den eredu aldaketak ere %90aren oniritzia jaso du. Zerrendaren bukaeran daude BAT Bilboko Bizkaia dorrean dagoen ekintzailetza zentroa, Frantziako Tourraren hasierako etapak Bizkaian hastea eta Omako baso berria. Inflazioa dela-eta garraio publikoa merkatzeko hartu dituzten neurriek hamar bizkaitarretik bederatziren babesa dute.