“Gernikatik ‘bakea’ esatea ardura handia da, baina baita aukera ere”

“Gernikatik ‘bakea’ esatea ardura handia da, baina baita aukera ere”

Mikel Garcia Martikorena

Unibertsitatetik irten berria zen Maria Oianguren Idigoras (Gernika-Lumo, 1966) Gernika Gogoratuz Bakearen Aldeko Aztertegian lanean hasi zenean. 1992a zen, eta aztertegiak soilik bost urte zeramatzan martxan. Iaz bete zituen 35 urte. 2002an, zuzendari izendatu zuten, eta oraindik ere karguan jarraitzen du. Bere ibilbidean, hamaika sari eta errekonozimendu lortu ditu: besteak beste, Eusko Jaurlaritzak ematen duen Rene Cassin saria 2010ean, giza eskubideen alde egindako lanagatik. Haren ustez, bakeaz hitz egitea zaila da oso: “Bake hitza hain da potoloa, ezen, batzuetan, hutsik dagoela dirudien”.

Noiz hasi zinen Gernika Gogoratuz zentroan?

Zuzendari izendatua izan baino hamar urte lehenago, gutxi gorabehera. Unibertsitateko ikasketak bukatu bezain laster deitu zidaten praktikak egin eta liburutegian lan egiteko. Momentu hartan jarri genuen martxan, 1992an, egungo liburutegiaren datu basea. Nire aurreneko lana datu base hori elikatzea izan zen. Baina hasieratik hasi nintzen bakearekin lotutako gaien inguruan irakurtzen eta ikasten.

Zein izan zen aurreneko lana?

Memoria kolektiboari buruzko lehenengo ikerketa jarri zen martxan urte hartan, eta Gernikako bonbardaketaren memoria kolektiboa izan zen lehenengo ikerketa. Bonbardaketa bizi izan zuten pertsonen historiak batzea zen proiektu haren xedea. Orain, testigantzaren garrantzia ezagutzen dugu, baina garai hartan, garrantzitsua zela bagenekien arren, ez zen arrunta horrelako ikerketa bat egitea. Akademiatik eta prentsatik ikertzen ziren gatazka eta biolentzia, baina biolentziaren biktimen kontakizunak biltzea arraroa zen oso. Hango hartan hasi zen indarra hartzen ikerketa modu hori.

Zergatik izan zen garrantzitsua horrela ikertzen hastea?

Testigantzak ez dira garrantzitsuak soilik zer gertatu zen jakin eta bizipen horiek gogoratzeko, baizik eta ezagutza material bezala. Oroitzapenak partekatzerakoan ate asko zabaltzen dira. Bi xederekin gogoratu daiteke. Alde batetik, gerra egiteko, eta bestetik, bizitza zaintzeko. Ezagutza zabaltzea oso inportantea da, eta memoria ezagutzaren atal garrantzitsuenetariko bat da. Iraganaz ari gara; hau da, gure identitateaz. Identitatea diodanean, norberarena, familiarena, kulturarena eta gizartearena diot. Tokikoa, noski; baina egun ez gara soilik gure herrietan bizi: lokalak eta globalak inoiz baino lotura estuagoa dute. Hortaz, mundu osoarena. Bizitzak erabaki asko hartzera behartzen gaitu, eta, batzuetan, aukera okerraren alde egiten dugu. Testigantzei esker, horren inguruan ikas dezakegu; berriz agertuz gero beste era batera egiteko aukera izateko.

Zer da bakea?

Bizitza zaintzeko garatzen ditugun gaitasunek osatzen dute bakea. Azken urteotan, bakearen agenda zabaldu egin da, eta bizitzaren zaintzaz dihardugu, bizitza bere zentzu orokorrean, ez soilik era partikularrean ulertuta. Bakea zaindu egin behar da, ez soilik mantendu, eta horrek jarrera aktibo bat eskatzen du. Dauzkagun gaitasunak ezagutu, ulertu eta partekatu behar ditugu hori gerta dadin. Bakea ez da soilik gerra falta edo biolentziarik eza. Bakearen ezaugarri garrantzitsuak dira horiek, noski, eta historian horrela definitu da, baina pazifismoak akademikoki garatu dituen marko teorikoak zabaldu egin dira. Bakea ez da soilik negatiboki definitu behar. Zerbaitek izena har dezan, positiboki izendatu beharra dago, ez beste zerbaiten galera bezala. Ezezkoak gauza asko esaten ditu, baina harago joan behar dugu.

Gaur egun bakean bizi gara?

Gaur egun bakea ulertzen den bezala ulertuz gero, lehen definizio horretara joz gero, hemen bakean bizi gara. Ez dago gerrarik, ezta agerian dagoen biolentzia masiborik ere. Baina definizio zabalago batera joanez gero… Giza eskubide asko urratzen dira, eta pertsona askok ez dute bizitzak behar duen duintasun gutxienekoa. Egoera horiek guztiak kontuan izan behar ditugu. Bakearen eta bizitzaren arteko lotura oso estua da. Aurreneko pausoa biolentzia zuzena amaitzea da, eta hori badakigu. Baina, gero, bestelako biolentziak ere badaude: biolentzia kulturala eta biolentzia estrukturala, besteak beste. Bake egoera horretan bizi ahal izateko, horiek ere bukarazi behar dira.

Zuk zelan irudikatzen duzu etorkizuna?

Uste dut pesimismoak ez duela azken hitza izan behar. Ez dakit zer gertatuko den etorkizunean; baina badakit gaur egun aukerak daudela mundua eraldatzeko. Historiko bat dugu, eta hori kontuan izan behar dugu gauzak beste modu batean egiteko: bizi garen lekutik ekarpenak egitea. Gernikak sinbologia potentea du, ez bakarrik maila nazionalean, baizik eta mundu osoan. Gernikatik bakea esaten dugunean, ardura handia da, baina baita aukera handia ere.

Zer egiten duzue bake hori lortzeko?

Sare lana bultzatzen dugu. Gure proposamenak eta proiektuak gizarte zibilarekin partekatzen ditugu. Azkenengo sei urteetan nazioarteko programa bat lantzen ibili gara: Gatazka egoeran dauden lurraldeak. Gatazkak, guretzat, bakearen parte dira. Gatazka horiek jorratzeko eran dago ezberdintasuna. Gure proposamena da beti biolentzia barik jardutea. Ukrainan ikusi da egungo estatuek ez dutela berdin pentsatzen; bide biolentoak erabiliz konpondu nahi dute.

Zer lurralde hartzen ditu proiektu horrek?

Urdaibai, Kolonbia eta Mozambike. Orain dela 30 urte hasi ginen lanean Kolonbiako elkarte eta unibertsitateekin. Garapenerako programak egiten genituen elkarrekin. Esperientziak partekatzen genituen. Hainbat urtez elkarlanean ibiltzeak erraztu egiten du proiektu bat formulatzeko orduan besteak kontuan hartzea. Egungo gatazkak lurralde ezberdinetan zelan identifikatzen diren jakin nahi genuen; ez bakarrik akademiaren ikuspegitik, baizik eta biztanleriaren ikuspegitik.

Zer helburu zenituzten?

Bi helburu nagusi genituen: lurralde bakoitzeko problematikak identifikatu eta ekiteko aukera ematea herritarrei. Garrantzitsua da bakeaz hitz egiterakoan, pentsatzeko eta hausnartzeko aukera eskaintzeaz gain, ekiteko aukera ere ematea. Ez da soilik administrazioari edo akademiari dagokion zerbait, baizik edonork egin dezakeen zerbait. Bizikidetza ulertzeko moduan dago gakoa. Bakea ezin da unibertsitatean egon soilik: kalera ere irten behar da ezinbestean.

Rene_cassin_saria_2010

(Rene Cassin saria. Maria Oiangurenek Rene Cassin saria jaso zuen 2010ean. Giza eskubideen alde egiten duen lana dela-eta erabaki zuen hari saria ematea Eusko Jaurlaritzak. Juanan Ruiz / Foku)

Zergatik Urdaibai? Ez dago bakean?

Urdaibain ez gaude gerran, ez dago biolentzia terroristarik, eta ez dago giza eskubideen aurkako urraketa masiborik. Baina, bakeaz hitz egiterakoan, mikrobiolentziaz ere hitz egin behar da. Horretarako, Gernika Gogoratuz-en egiten den lanaz gain, Urdaibain dauden hamaika elkarterekin batu ginen. Ekonomiarekin, ingurugiroarekin, kulturarekin eta ezberdintasunekin lotutako problematikak topatu genituen. Ardatz horietara bideratu genuen ikerketa, beraz.

Zer zegoen egiteko?

Arazo ekosozialari dagokionez, esaterako, topatu genuen ez zela bultzatzen horren inguruan hausnartzeko espazio nahikorik. Eta bultzatu izan direnean, parte hartzeko aukera handirik ez da egon. Horren atzean parte hartzeko gogo falta ere badago. Bizitza modu indibidual batean ulertzen dugu egun. Egungo bizitza frenetikoa eta parte hartze horrek eskatzen duen konpromisoa, askotan, ez dira bateragarriak. Administrazioak hori kontuan hartu beharko luke. Zubiak jartzen dira, baina gero horiek mantendu beharra dago. Horren ardura guztiona da: administrazioena, gizarte zibilarena eta gu bezalako elkarteena.

Bakea nola landu daiteke?

Tokiko esperientzietatik abiatuta, ezagutza teoriko-praktiko-kritikotik eta gizartea elkarlanean saretuz zubiak eraikitzeko. Entzuteko eta ekiteko gaitasunak ere funtsezkoak dira. Azken horiek bereziki garrantzitsuak dira, jaio garen tokiak eta garaiak ez gaituztelako definitzen, baizik eta momentu bakoitzean zauden lekuan eragiteko gaitasunak.

Nolakoak izan ziren ETA osteko lehenengo urteak?

ETAk armak uztea erabaki zuenean, espazio berriak asmatzen hasi ginen. Biolentziak gizartean eta bakoitzaren bizitzan izan duen eragina partekatzeko eratu genituen. Hamaika talde batu ginen gatazkaren inguruko testigantzak biltzeko. ETAren zein bestelakoen biolentziaren biktimen testigantzak biltzearen garrantziaren jabe ginen jadanik. Hala ere, biktima zuzenak izan ez ginen pertsona guztien testigantzak biltzea erabaki genuen, guztion bizitzan eragin baitzuen. Horretarako, gune babestuak sortu behar ziren, nahi zuenak bere testigantzak partekatu zitzan. Memorialab proiektua sortu genuen. Hasieran oso zaila izan zen deialdiak egitea, jendea ez zelako animatzen. Batzuek zioten haiei ez zitzaiela ezer gertatu zuzenean, eta, hortaz, ez zeukatela ezer esateko, eta beste batzuek ez zuten horren inguruan hitz egin nahi. Isiltasuna sumatu nuen. Horrelako gaien inguruan esperientziak partekatzea ez da batere erraza.

Testigantzak bi aldeetatik jaso zenituzten?

Ez dago alderik honetan. Gizarte osoarentzat zen gonbidapena. Horrelako esperientziez hitz egiteko espazioa babestu behar da. Bi eguneko ekintzak izaten ziren. Bakarleku batera joaten ginen. Garrantzitsua da lasai egoteko leku batean egotea horrelako testigantzak partekatu eta entzuteko. Espazio babestuak direla diogu, mantentzeko ere lan egin behar delako, testigantzak partekatzerakoan tentsioa sor daitekeelako.