Zihara Jainaga Larrinaga
Matxitxako eta Ogoño lurmuturren artean, Mundaka eta Bermeoren aurrean. Euskal kostaldeko uharterik handiena da Izaro, eta, mendeetan zehar historia eta tradizio gehien bildu dituena. Aitzitik, uhartearen itxura naturala asko ezagutzen den arren, oso gutxi ezagutzen da haren alderdi historikoa. Funtsean, uhartean izan zen komentua eta bertan gertatu ziren gorabehera historiko guztiak. Hori horrela, uhartearen inguruko makina bat alderdi biltzen dituen Izaro: natura eta historia erakusketa ikusgai dago Bermeoko Ertzilla dorrean dagoen Arrantzale Museoan. Xabier Armendariz urpekaritza irakasle eta itsas historialaria eta Antton Erkoreka medikuntzaren historialaria arduratu dira erakusketaz. Martxoa bitarte egongo da irekita. Otsailaren 23an Armendarizek berbaldia egingo du.
Euskal kostaldean irla gutxi batzuk baino ez daude; ez da uhartez edota artxipelagoz betetako kostaldea, beraz, nolabaiteko berezitasuna dute. Halaber, inkontziente kolektiboan uharteak beti egon dira, nola edo hala, leku misteriotsuetan, urrutiko lekuetan, leku bakartuetan. Izaro, alta, ikur bat da antzinatik euskal kostaldean. Leku berezia ikuspuntu desberdinetatik, baita garai modernoenetan ere. Erakusketa honek Izaro uhartearen historia ezezaguna erakustea du helburu, gutxien ezagutzen den alderdia.
Itxura geologikoari dagokionez, berezia da, flischak osatzen baitu. Itxura naturala aztertuz, alderdi botanikoan landare endemiko batzuk daude eta itsaspeko itxurari erreparatuz gaur eguneko hegazti haztegia da nagusi; itsas hegazti askok habia egiten dute bertan. Hain zuzen, natura gehiago ezagutzen da Urdaibaiko eremuaren barruan babestuta dagoelako. Teorian sarrera mugatua du uharteak, sarbide oso txarra izateaz gain zailtasun ugari baitu bertara iristeko.Horregatik, leku guztiz berezia da, herritarrek ezagutzen ez dutena.
Bizimodu pobrea
Historiari dagokionean, euskal uharte gehienetan ez da inor bizi izan. Kaioak baino ez dira bertatik igaro, baina, kasu honetan, Izaro uhartean, pertsona talde batek, fraide frantziskotarrek, komentu txiki bat eraiki zuten, eta bakartuta bizi izan ziren leku hartan hainbat urtez. 1422. urtearen inguruan sortu zen komentua hain zuzen; horren aurretik ez dago jasota ezer egongo zenik. “Uhartean otoitzerako espazioak, pertsonaia bakartuak, egon zitezkeela uste da”, adierazi du Armendarizek. Erkorekak duela zenbait urte idatzitako Izaro liburuan oinarritu dira erakusketa osatzerakoan.
Gertaera esanguratsuenen artean, 1483. urtean Isabel I.a Bizkaiko andre eta Gaztelako erreginak uhartea bisitatu zuen. Bisita horretan, eskailera batzuk eta harrizko galtzada bat egiteko agindu zuen erregina katolikoak, uhartearen ekialdetik komenturaino iristeko bideak zituen konplexutasunengatik. Egun, gelditzen da eskailera haien zatiren bat. Diru asko eman eta dohaintza asko egin zituen erregina izan zen Isabel Gaztelakoa. Halaber, komentua bisitatu zuenean, fraide haiekiko errukiagatik eta zuten bizitzeko moduagatik oso hunkituta geratu zela esan ohi da, ondorioz, gainean zeramatzaten bitxi guztiak kendu eta eman egin zizkien.
Bestelako pertsonaia batzuek ere egin zituzten dohaintza handiak, Isabel Valoiskoak eta Austriako Juanek, esaterako. “Bitxia da lau fraidek penintsulako ia leku guztietara zabaltzeko adinako ospea izan zutela garai hartan, eta pertsonaia handiak Izaroren botoak izan zirela”, aitortu du Armendarizek.
Kaio arrautzak, bisitari esanguratsuek eramaten zituzten limosnak edo arrantzaleek noizean behin eramaten zizkieten arrainak jaten zituzten frantziskotarrek. Armendarizek zehaztu duenez, oso pobre bizi ziren frantziskotar behatzaileak zirelako, frantziskotar pobreenak nolabait esan. San Frantzisko Asiskoaren arau zorrotzei jarraitzen zieten. Toki guztiz desolatuan bizi izanagatik egindako dohaintzei esker, ez zuten mantenua erosten inbertitu behar.
XVI. mendearen amaieran Bizkaiko kostaldeari eraso egin zioten piratek, Bermeo, Gaztelugatxeko San Juan eta Izaro uhartea erasotzea lortu zuten. Piraten lapurreta horiek erromantizismo kutsua eman izan diote uharteari. Uhartea, gainera, fraide batzuk zeudelako garrantzia zuen enklabe bat ez ezik, fraide horiek betetzen zuten nolabaiteko gizarte-lanagatik ere garrantzitsua zen. Baleak kostaldera gerturatzen ari zirela ohartarazten zuten fraideek, arrantzaleekin nolabaiteko laguntza-harremana zuten eta arrantzaleek ordainean arraina eramaten zieten jan ahal izateko.
Iragan ahaztua
Komentuak artelan batzuk izan zituen, horiek Bizkaiko museo, eliza eta abarretan sakabanatuta egon dira gaur egun arte, eta berreskuratzea lortu dute. “Arte-ondarea sinestezina zen. Oso modu soilean bizi izan ziren, aberats gisa bizi zitezkeenean”, adierazi du Armendarizek.
Izaro uharteak xehetasun interesgarriak ditu. Froga gisa, erakusketa honetarako uretan galdutako uhartetxo batetik atera ahal izan den informazio kopurua edota lotzen zaizkion kondaira guztiak. Gustatu edo ez, irudimen kolektiboan jarraitzen dute. Zenbait elementuk misterio-halo moduko bat jarri dute uhartean. Armendarizek nabarmendu du erritu edo jai moderno samarrak baino ez direla ezagutzen, eta batzuetan zaila izaten dela atzean zegoenaren oroimenari eustea. Jaiegun modernoek, nolabait, atzean dagoen historia eta are gehiago leku bakartuetan dagoena eklipsatzen duela uste du Armendarizek. Izaroren kasuan, geratzen diren hondarrak bisitatu ezin direnez, jendea modernitatearekin geratzen da.
1980ko hamarkadan, jende askok ezagutzen zuen Izaro Films produkzio-etxea filmengatik, baina ez zekien non dagoen izen hori duen uhartea. Horrek erakusten du toki bat ikono izan daitekeela ikuspuntu desberdinetatik. Armendarizek azpimarratu duenez, uhartea nondik begiratzen den, hortxe du interesa. “Beste leku batzuk, Izaroren alderdi bakar batengatik, garrantzitsuak izango lirateke; horregatik, Izaro oso leku osoa da”.