Mikel Garcia Martikorena
Aurten hasi dute 2026ra arte Bilbon martxan egongo den Adikzioen Tokiko Plana. Duela 30 urte inguru egin zuten aurrenekoa; honako hau seigarrena da. Plana ehuntzen ibili dira, besteak beste, Aiora Arrieta Bilboko Adikzioen Prebentziorako udal teknikaria (Erandio, 1984) eta Gonzalo Mac Gragh Bilboko Osasun eta Kontsumo Negoziatuko burua (Santander, Espainia, 1960). Planak hamaika gai jorratzen ditu, datuak emanez eta ildo estrategiko zein ekintzak zehaztuz.
Zertan datza Bilboko Adikzioen Tokiko VI. Plana?
AIORA ARRIETA: Aurreko berrikuntza planaren osteko lana da egungoa, baina azken 30 urteko ikasketa du atzean. Lan hura ikusita, konturatu ginen hiru ildo jorratu behar genituela seigarren aldi honetan, bereziki; baina, azkenean, lau izatea erabaki genuen: emakume gazteen kontsumoak eta jai giroan egon daitekeen segurtasunik eza, jokoaren eta bideojokoen erabilera, sare sozialen erabilera, eta elkarren arteko laguntza taldeak. Laguntza talde horietan kontsumitzaile ohiak izandako pertsonak daude, eta haietan kideen artean laguntzen dira bizipenak partekatuz, besteak beste.
Hori lantzeko zer ekintza edo plan egingo dira?
GONZALO MAC CRAGH: Jarduketa eta ekintzen artean banatzen ditugu gure ekimenak. Ekintzei soilik erreparatuz gero, ia %60 adin txikikoentzakoak dira. Batez ere, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako erabiltzen ditugu ekintza horiek, eta, orokorrean, tailerrak izaten dira. Noski, adinaren arabera antolatzen dira horiek: ez da gauza bera 12 edo 13 urteko gazteek duten bizitza eta 15 edo 16 urte dituzten nerabeena. Aurrenekoekin, alkohola eta tabakoa lantzen ditugu gehienbat, eta, jada laugarren DBHn daudenekin, kalamua edota zorizko jokoen inguruan ere egiten ditugu lanketak. Azkeneko horiekin oso garrantzitsua da drogei buruz dituzten espektatiba eta mitoak eraistea, eta talde presioak ezeztatzeko tresnak eskaintzea. Izan ere, edateko arrazoien artean, gehienek diote dibertigarria delako edo jaiak eta ospakizunak animatzen dituelako kontsumitzen dutela alkohola; baina, gazteen artean %20 inguruk edaten dute gustatzen zaion talde batean sartzeko edo gainerakoengandik baztertuta ez sentitzeko.
ARRIETA: Gaur egun, esaterako, DBH 1eko ikasleekin martxan dugun proiektua lotuta dago pantailen erabilera arduratsuarekin. Bertan hezitzaileek hamaika gai jorratzen dituzte; hala nola, haien eta ingurukoen egoera ezagutu eta aztertu, elkarbizitza dinamikak eraiki ziberjazarpena alboratzeko edo sakelakoa ondo erabiltzeko gomendioak: oheratu aurretik ordubete erabili gabe egotea, esaterako. Gainera, substantzia guztiekin dauden mitoak ezeztatzeak berebiziko garrantzia du; eta zenbat eta lehenago egin, hobeto.
Substantzia denetan, psikofarmakoetan izan ezik, gizonek emakumeek baino kontsumo tasa handiagoa dute, baina kalamuan alde hori are nabariagoa da. Zergatik?
ARRIETA: Emakumeok arriskuaren pertzepzio handiagoa izan dugu betidanik; lehen esaten zen babes faktorea zela emakumea izatea. Hala ere, gauzak aldatu dira, nolabait; gazteen datuak begiratuz gero, datuak parekatzera jotzen dute, baina bakarrik tabakoari eta alkoholari dagokienez; hau da, substantzia legalei dagokienez. Egia da kontsumoa jaitsi egin dela orokorrean. Ziurrenik, pandemia dela eta. Halere, aurretik jada beheranzko joera zegoen. Psikofarmakoek bakarrik egin dute gora.
Zein da Bilboko egoera adikzioei dagokienez?
MAC GRAGH: Bilbon zein inguruko edozein lekutan, ordubeteko hitzaldia eman beharko banu adikzioen inguruan, argi dut zenbat denbora eskainiko niokeen bakoitzari: 33 minutu alkoholari, ia hamazortzi minutu tabakoari, bost minutu kalamuari, hiru psikofarmakoei eta minutu bat inguru kokainari. Bestelako substantziei segundo batzuk soilik eskainiko nizkieke. Bakoitzak gizartean duen eragina erakusteko adibide bat da, baina argi adierazten du nola alkohola eta tabakoa gure egunerokotasunean txertaturik dauden. Alkoholaren inguruan lan egitea garrantzitsua da, oso orokorturik dagoelako. Erraza da lortzen eta ondo ikusia dago haren kontsumoa. Halere, tabakoarekin batera hildako gehien eragiten dituen substantzia da. 15 eta 16 urte bitarteko gazteen %59 baino gehiagok alkohola noizbait kontsumitu du.
Gazteak eta zorizko jokoak. Nondik dator harreman hori?
ARRIETA: Batez ere, aurrez aurre jokatzen da; Internetez egindako apustu gutxi daude. Orain arte, gazteak erakartzeko ahalmen handia izan dute, famatuek zein taldeek publizitatea egiten baitzuten. Inguruan baditugu horren hainbat adibide; Retabet Bilbao Basket, esaterako. Futbolarekin lotura oso estua du; hortaz, gazteen aisialdian oso barneratuta daude apustuak. Aisialdi osasuntsu batekin, gainera, ariketa fisikoarekin harremana baitute.