Neguko Bidaia musika zikloa hasiko da bihar

Neguko Bidaia musika zikloa hasiko da bihar

Mikel Garcia Martikorena

Urteroko Neguko Bidaia kontzertu zikloa hasiko da bihar Getxon, Areetan. Andres Isasi musika eskolako auditoriuma “estilo anitzeko soinuz” beteko da zapatuero, otsailaren 18ra arte. Sei astetan, musika eskolara bertaratzen direnek rocketik hasi eta musika klasikorainoko estiloak “gozatuko” dituzte. Euskal folkloreak, jazzak zein mariatxiek ere haien lekua izango dute Getxoko Neguko Bidaian.

Zikloari 2009an hasiera eman ziotenetik, musika klasikoaren doinuek Areetako musika eskolako paretetan burrunba berezia eragin dute. Protagonismo hori zikloaren izenean hasten da: Neguko Bidaia. Izan ere, Mario Clavell Larrinaga zikloaren programatzaile eta Andres Isasi musika eskolako txirula irakasleaak adierazi duenez, izena Franz Schubert konpositore austriarraren Winterreise liederretik hartu zuten.

Horregatik, eta bestelako doinuak alde batera utzi gabe, aurtengo zikloan sei kontzertuetatik bik musika klasikoa ekarriko dute Areetara; urtarrilaren 21ekoak eta 28koak, hain zuzen. Aurrenekoak Ernesto Chulia eta Pia Rojas izango dira, 19:30ean —kontzertu guztiak bezala—. Chuliaren tronpeta Rojasen pianoarekin uztartuko da, haren disko berria aurkezteko. Diskoak Para ti, a mi madre Mari Carmen Ramiro du izena, eta Chuliak bere amari hil ostean egindako omenaldi musikala da.

Ama eta amodioak sustrai etimologiko berdina dutenez, zikloaren antolatzaileen ustez, kontzertua “ama guztientzako eta maitasunarentzako omenaldi handi bat da”. Tronpetistak haren aitak Salvador Chuliak idatzitako abesti bat estreinatuko du Andres Isasin. Antolatzaieen arabera, abestia “Getxorentzat, eta, bereziki, Neguko Bidaiarentzat” dago idatzita.

Hilaren 28an, berriz, lumiere hirukote bat igoko da oholtzara: Angeline Danel sopranoa, Rafael Climent klarinetista eta Iryna Alekseiychuk piano jolea. Hirukotearen helburua lied musika “aztertu eta aberastea” da. Horretarako, poesia eta musika bateratzen dute. Andres Isasin eskainiko duten kontzertuan, besteak beste, Lousi Spohr, Giacomo Meyerbeer eta Franz Schuberten piezak entzungo ditu publikoak.

Los Parranderos de Mexico

Kultura aniztasuna oholtzan

Munduko kultura ezberdinak bateratuko ditu auditorium bakarrean Neguko Bidaiak. Euskal folkloreak bihar izango du bere txanda, Harribitxi bikotearen eskutik. Iker Alvarezek eta Aitor Urkiak osatutako taldeak txistuaren euskal musika tradizionalari begirada berri bat gehitu dio; pertsona orkestraren izaera bereganatu, eta hainbat musika tresna jotzeko gai dira momentu oro, doinu ezberdinak sortuz.

Mexikok itxiko du aurtengo edizioa, otsailaren 18an, Los Parranderos de Mexico mariatxi taldearen abestiekin. Estreinakoz egongo da taldea Bizkaian, eta 1922an UNESCOk Gizartearen Kultura Ondare Immateriala aitortutako Mexikoko musika tradizionala joko du. Hamaika musikari mexikarren lanak egongo dira entzungai; hala nola, Juan Gabriel, Vicente Fernandez, Pedro Infante edo Jorge Negreterenak. Zikloaren programatzaileek argi dute publikoak kontzertuaz “gozatuko” duela. Haien aburuz, “mariatxi soinuarekin mundua abesten hasten” da; Cielito Lindo, Mexico Lindo edo Volver Volver abestiekin, esaterako.

Leioa Big Band

Doinu modernoak

Tradizio eta klasikoez gain, Neguko Bidaia zikloak doinu modernoak ere bereganatzen ditu. Aurtengo edizioan, Leioa Big Band eta Melted Klocks taldeek erakutsiko dute haien ahalmena. Lehenengoa, 2007an Leioan sortutako jazz taldea da. Kontserbatorioetako ikasleek eta ikasle ohiek, musikari amateurrek, erdiprofesionalek eta profesionalek osatzen dute taldea; horrek eragiten du adin tarte ezberdinetako kideak egotea, baina, betiere, ezaugarri komun batekin: musika modernoa “maitatzea”. Funky-a, New Orleanseko doinuak edota Kubako Guaracha batzen dituzte haien kontzertuetan. Haize atal batek, erritmo atalak, abeslari batek eta zuzendariak osatzen dute taldea.

Otsailaren 11n, aldiz, rockaren txanda izango da Andres Isasi musika eskolan. Melted Klocks taldeak eskainiko du kontzertua, zikloari tinbre ezberdina eskaintzeko xedearekin. Taldea Bizkaiko musikari batzuek eta AEBetako Damon Robinson abeslariak osatzen dute.