M. Garcia Martikorena
Getxoko Neguko Bidaia musika zikloko aurreneko emanaldia Harribitxik eskainiko du bihar, Andres Isasi musika eskolan. Iker Alvarezek eta Aitor Urkizak osatzen dute. Tradizioa eta gaurkotasuna uztartzea dute xede. “Musika tradizionalaren elementuak eta oinarriak” baliatzen dituztela dio Alvarezek; eta, “ikusmira garaikidea” lortzeko, bestelako elementuak gehitzen dituzte.
Taldearen oinarriak txistua eta txistuaren bikotea dira. “Antzina plazetan asko ikusten zen formatu hori, baina egun galdu egin da”, dio Alvarezek. Egun, txistulariak talde tradizionaletan txertatu dira, lauzpabost kideetakoak. Hori dela eta, Alvarezen ustez, formatua “abandonaturik” dago, eta “zuku handiagoa” ateratzeko asmoarekin sortu zuten taldea; hori bai, berrikuntza argi batekin: pertsona orkestrarena.
Txistua ezkerreko eskuarekin jotzen da, eta eskumarekin, normalean, danbolina. Hankak libre uzten ditu horrek, eta hori baliatu dute Harribitxikoek bestelako elementuak sartu eta formatua berritzeko: “Bikote formatuan tinbre eta kolore gehiago izateko erabiltzen ditugu oinak, bestelako musika tresnak joz”. Alvarezek, adibidez, kaxoi flamenkoa jotzen du pedal batekin. Indiako zein bestelako kulturetako tresnak ere erabiltzen dituzte; horietako batzuk, Alvarezek dionez, txistuaren “soinu zorrotza apaltzeko” erabiltzen ditu, tonu baxuak baitituzte.
Publikoa herriratuz
Proiektua 2020an hasi zen, eta hamar abestiz osatutako diskoa argitaratu dute, 2022an hain zuzen. Neguko Bidaia disko hori publiko berrira gerturatzeko aukera “ezin hobea” dela dio Alvarezek: “Andres Isasi musika eskolak duen auditorioan jotzea, eta Neguko Bidaia zikloak jadanik duen publikora gure musika gerturatzea luxua da”. Alvarezek horrelako ekimenetan herri folkloreari garrantzia ematea azpimarratu du, eta jendea musika horretara gerturatzeko plaza iruditzen zaio.
Alvarezen ustetan, haien proiektuak duen “onena” da euskal kulturari “oso lotuta” dauden musika tresnak erabiltzen dituztela. Hori dela eta, publikoak “azkar” sartzen da jokoan, “berarenak” diren soinuak entzuten dituelako; “baina, era berri batean jasotzen dituenez, asko eskertzen du”. Izan ere, azken hiru urteetan eskainitako kontzertuetan publikoak “era oso positiboan” erantzun duela dio Alvarezek: “Herri musika berritzeak jendeak oso era positiboan jasotzen du”.
Harribitxi taldeko kidearen hitzetan, musikari “guztien helburua” zuzenean jotzea da, eta horretarako publikoarekin konexioa eratu behar da, “harekin sortutako energiaz gozatzeko”. Haren ustez, musika “komunikazio tresna bat da”, eta komunikatu ahal izateko “entzulego aktibo bat beharrezkoa da”.