Errotak, porrotak, triskantza eta tristezia

Lau haizeetara zabaltzen ari dira Kolitzapetik haize berriak. Zuhaitz erraldoiak bailiran erein nahi dituzte Enkarterriko muino eta mendietan; zerutik jausten diren geziak, Kolitzan aterpea duen San Sebastianenak bezalakoak. Gezi pozoitsu horietatik ernatuko diren haziak ez dira, baina, larre-loreak izango.

Oso ohitura zaharra da hori, pozoitutako opariak paper distiratsuekin bidaltzen dizkigutela, diskurtso arranditsuaz lagunduta. Garai batean kartzela Karrantzara ekarri nahi zuten bezala, gure mendiak errotekin hornitu nahi dituzte. 1990eko hamarkadan jarraitu zuten eskema berberarekin, urte berriari atsedenerako tarte txikia utzi diote eta konturatu orduko opari berri bat heldu zaigu energetikoen eskutik, Jaurlaritzaren alfonbra gorria jarrita. Armarrian Nafarroari zegokiona, 2023ko magenta erantsia.

Burdin Aroko errotak ordezkatzeko edo inguru horretan dauden trikuharriak, jentil-harriak… Urria zine taldeak horien omenez sortu zuen gaur egun Enkarzinen banatzen diren garaikurrak. Baziren lurperatzeko sinesmenak, eta, batzuetan, lurraren jabetza adierazteko modu bat. Euskal Haizie enpresak jakinarazi du Gordexola, Gueñes eta Zalla inguruan parke eoliko bat jarri nahi duela, sei aerosorgailukoa. Hexastilo, sei dorre baitzeukaten Erroman eta Grezian tenpluen aurrealdeak eta hortik eratorritako guztiak. Arkitekturaren ordez, ingeniaritzaren adarrak dira porrotaren bidea erakusten digutenak.

Aurretik Artzentales, Sopuerta eta Muskiz artean zortzi dorreko lerroa iragarri zuten, zoroen lasterketa honetan, nor indartsuago, handiago, azkarrago eta arinago, datozen funtsen olatua harrapatzeko. Badaezpadako erraldoiak dira, makilak ala zakilak… arraposturik gabeko galdera.

Bere garaian meategia zena beste zerbait bihurtu, hondatuta egon daitekeena gehiago hondatu; eremu horren historia eta herri hauen garapena zein izan den azaltzeko erabili ordez, suntsitu. Etorkizun beltzean, artistaren bat kontratatuko dute performance bat egiteko, zuria dena zuritzeko. Euskarri ezin egokiagoak izateaz gain, ibilbideak sortzen dituzten bideak behar dituzte, erosoak turismo mota berri baterako, urtxintxa bezala, baina ez oso libre kasu honetan. Errepikatzen da triskantza eta tristezia.

Lurraren zaurietatik bortizki ateratzen den zornea da; osatuko duen zarakarra bilakatu beharrean, etengabe isurtzen duen min likatsua. Naturaren osasunaren galgarria. Etxekalte diren pikortak, apur bat altxatzen den guztia bilakatzen baitu industriagunea.

Hiru pala omen dituzte, gehiago jarrita hobekuntza ez da nabarmena eta kostuak ez dio ekartzen onura berezirik. Gure etorkizunaren metafora. Zertarako jarri gehiago gutxiagorekin eraginkorragoak bagara? Dirudienez, funtsezkoa da udalerrien arteko elkartasuna. Ez badago adostasunik, diputazioak erabakitzen omen du. Eta badakigu zeinen alde.