Urtekaria, bizitzaren urtikaria

Maiztasuna aldatu didate aurtengo azken Bizkaiko Hitza-n urtea agurtzen duen gehigarrian nire ekarpena sartzeko.

Inoiz bizi izan ez dugun egoera batetik atera gara, egunerokoa berregiten ala epe horretan egin ez ditugunak antsietatez betetzen. Badago gai orrokorrei —Osakidetza, gerra, aldaketa klimatikoa—, Kolitzapetik bertatik heltzeko modua. Dena den, begirada ezberdinerako tartea dago, urte bukaerako afarietan gertatzen den bezala. Batetik bestera hariak txirikordatzen, sakontzeko gaitasunik gabe, beharrik gabe, isiltasunari izkin egiteko helburuaz.

Denbora badoa gure bizitzetan metatzen etxe zaharretako hormetan pintura bezala: gure flysch partikularra. Mugimendu geologikoen arabera moldatzen, mugitzen, hondoratzen eta tolesten azalaren arrakaletatik agertu arte. Geruza guztiek hitz egiten dute gutaz aurrekoaren gainean jausi direlako. Hori da gure urtekaria, bizitzaren urtikaria.

Urteak baditu neurtzeko modu ezberdinak; aurrera begirako urtekaria herriz herri Kolitzapetik. Hamabi hilabetetatik herrietatik bezala pasatuz. Denbora azala da eta hurrengo hauek ezagutzen ez direnak ulertzeko laginak.

Urtarrila, Alonsotegi: bere garaian Bilbora begira jarri zen, Barakaldotik banatu eta gero. Ziaboga egin du Enkarterrirantz begiratzeko.

Otsaila, Artzentales: “Por pasar la puente exponerme a la muerte” dauka armarrian. Baita, Tuetxen, San Antolin eliza eta zezen plaza elkarturik ere.

Martxoan, Balmaseda: balmasedanismoaren turistifikazioa bilatzen ari da; mozorrotzen duen guztiak arrakasta du.

Apirilean, Galdames: San Esteban eta San Pedro artean bihurritua. Ogi mamitsua eta igandeetan baino irekitzen ez duen museoa.

Maiatzean, Gordexola: bi bailara baten prezioan. Azken bolada honetan antzerkia dute gustuko.

Ekainean, Gueñes: hainbat herri bere hartan hartzen dituena. Sodupe, Zaramillo eta La Quadra.

Uztailean, Karrantza: berak bakarrik mereziko luke urtekaria, auzoz auzo egiteko ibilbidea.

Abuztuan, Lanestosa: txikia bada ere, bizitasun handia erakusten ari den herria. Beti dantzan.

Irailean, Sopuerta: meategien inguruan egun euritsuetan labeen kebide ederrak gordetzen dituena.

Urrian, Turtzioz: Jose Antonio Agirre lehendakaria zapaldu zuen lurren artean izan zen herriaren adorea miresten.

Azaroan, Zalla: Sabino Aranaren gorpuzkiak ezkutatu zituen lurra, Francisco Francoren diktadura luzeak iraun zuen bitartean.

Abendua. Enkarterri. Denak elkartzen dituena.

Amaitzen dena nire urtea da, agian itzuliko naiz. Luzatzen dizuet gonbidapena herri hauek ezagutzeko. Begirada luzatu konplexurik gabe eta jarraituko duzue gozatzen estereotipoen gainetik.

Urtikariarekin, kontuz ibili. Urtekaria denborak sortzen du eta besteak…, edonori gerta dakioke. Bitartean, ospatu beharra ere badago, Olentzero zain baitaukagu.

Dagoenaz aparte nik badaukat zer krema erantsi, atipikoa, atopikoa eta utopikoa aldi berean. Urte berri on!