Guztia ez da liskarra izan

Guztia ez da liskarra izan

Imanol Magro Eizmendi

Pankarta askoko eta megafono hots ozeneko urtea izan da Bizkaian. Lan gatazka eta greba egun ugariko hilabeteak izan dira, eta arretagunea gehienbat metalgintzako lan hitzarmenaren negoziazioan jarri bada ere, haren itzalean hainbat lan hitzarmen garrantzitsu adostu dira. Besteak beste, bulego garbitzaileek, zamaketariek eta kontserba sektoreko langileek berritu dute ituna. Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) arabera, urte hasieran Bizkaiko langileen %17,9k ziharduten lan hitzarmen berritu baten eraginpean; azaroaren 1ean, aldiz, %32,7 ziren. Dena den, gehiengo handiak lan ituna amaituta edo aurreko baldintza beretan luzatua du.

Metalgintzako negoziazioen azken esprintaren zain, aurten Bizkaian berritu den itunik zabalena bulegoetako garbitzaileena da. Eragiten dion langile kopuruari erreparatuz gero, lurraldeko bosgarren hitzarmena da. CCOOk, LABek eta UGTk uztailean lortu zuten akordioa patronalarekin. ELAk, aldiz, ez zuen sinatu, nahikoa ez zelakoan. Akordioarekin 12.000 langileren baldintzak berritu dira, ia guztiak emakumeak.

2024. urtera arteko akordioa sinatu zuten, tarte horretan %13ko soldata igoera bermatuz, eta 1.200 euroko hamabost ordainketako gutxieneko soldata bat ezarriz. Historiarako geldituko dira greba egun ugariak eta protestaldi koloretsuak. Dena den, sektorean dena ez da distira, eraikin askotako lan hitzarmen pribatuak berritzeke daudelako oraindik.

Urteko lehen akordio handia kontserben sektoreko langileena izan zen. 2.000 langileri eragiten dien ituna da, eta, garbiketan bezala, ia guztiak emakumeak dira. Iazko urte amaierako greba egunen ondoren LABek, CCOOk, eta UGTk urtarrilean itxi zuten akordioa patronalarekin. %14,39ko soldata eguneraketa adostu zuten 2024ra bitarte, eta, haren amaieran KPI erreala kopuru hori baino handiagoa bada, urtean 17.250 euroko gutxieneko soldata igoera bermatuta dago. Soldata hori mailaketa apaleneko langileentzat izango da.

Soldaten eguneraketa da lan hitzarmen gehienetako talka puntu nagusia. Inflazio datu handiek asko zaildu dituzte akordioak. Dena den, eta LHKren arabera, aurten soldatak %4,15 igo dira batez beste Bizkaian —azaroaren 1era arteko datua da—. Inflazio datuak baino gutxiago da hori: %6,5koa izan zen iaz, eta %7,2koa aurtengo azarora arte. KPI osoa bermatzea da sindikatuen eskaera nagusietako bat; bai, behintzat, lan itunaren indarraldia amaitzean.

Igoera hori bermatu dute, esaterako, autoeskoletako bostehun langileek. Hamabi urte zeramatzaten ituna berritu gabe, eta batez ere ELAk sustaturiko berrogei greba egun egin zituzten —CCOOk ere sinatu zuen ituna—. Ekainean sinaturiko itun berria lau urterako akordioa da, eta tarte horretan %36 igoko diete soldata. Era berean 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatu dute sektore guztirako.

Zamaketarien korapiloa

Aurten askatu den korapilo historiko handienetako bat Bizkaiko portuko zamaketariena izan da. Bilbo Estiba zamaketarien jarduna kudeatzen duen enpresak eta kontratu finkodun 375 zamaketariek akordioa lortu dute. Azken urteetan soka luzea ekarri duen lan gatazka izan da: azpiegitura estrategikoa da lurraldean, Bilboestiba hartzekodunen konkurtsoan sartuta zegoen, zamaketariek berrogei eguneko greba egin zuten 2020ko udan… Enpresak eta zamaketariek maiatzean sinatu zuten akordioa. Coordinadora eta UGT sindikatuek sinatu zuten. Langileek hilabeteko 300 euro inguruko soldata murrizketa onartu dute Bilbo Estibak pilaturiko zorraren zati bat ordaintzeko. Sei urterako akordioa da eta ondo bidean lasaitasuna ekarri beharko luke portura.

Akordioak, baina, badu bere alde iluna, aldi baterako kontratua zuten zamaketariek —ehun inguru dira— alboratu egin dituztela salatu baitute. 2020ko greban langile finkoei batu zitzaizkien, eta eskaera nagusietako bat haien egoera erregularizatzea zen. Hainbatek hamabost urte daramatzate behin-behinekotasun egoeran. Aurten, baina, oso egun gutxitan deitu dituzte lanerako. Kide finko batzuk ordu gehiago lan egiten ari dira eta portuan mugimendua murriztu egin da. Aldi baterako hainbat zamaketarik enpresa salatu dute epaitegietan, eta norabide ezberdinetako ebazpenak lortu dituzte.

Lau lan hitzarmen horiez gain, beste batzuk ere adostu dira. Azkenetakoa izan da gasolindegietako langileena (bostehun inguru) UGTk, LABek eta CCOOk, azaroaren amaieran sinaturikoa. 2022ko KPI osoa berreskuratzea adostu zuten eta %6,4ko soldata igoera 2023rako. Fruta eta barazkietako biltegietako langileek (614 langile), botika dendetakoek (1.380 langile) eta errepide bidezko pertsonen garraiokoek (3.000 langile) ere lan itun berria dute.

Garbitzaileak

Urte amaiera beroa

Sektore mailako hainbat lan hitzarmen berritu diren arren, oraindik negoziazio prozesu asko irekita daude. Puri-purian dagoenetako bat merkataritza orokorreko, arropa dendetako eta larrugintzako eta oinetako saltzaileen lan hitzarmenena da. ELA eta LAB elkarrekin negoziatzen ari dira. Hiru itunen artean 11.000 langile inguru dira, eta aurten hainbat greba egun deitu dituzte. Patronalaren arabera, azken asteetan jarrerak gerturatu dituzte.

Zahar etxeetako langileak (4.938 langile), etxez etxeko laguntzakoak (1.337), ostalaritzakoak (23.000 inguru), gizarte laguntzakoak (2.282) edota bulegoetakoak ere gatazka betean daude. Azken horiek hamar urtean ez dute lan hitzarmena berritu, eta abenduan hasi dira mobilizazioekin. Duela hamar urte, 22.181 langileri eragiten zien akordio horrek. Egun, sindikatuen arabera, 30.000 inguru dira. Datu hori berretsiz gero, Bizkaian gehien zabaldutako hitzarmenetan bigarrena litzateke.

BILBOKO PORTUKO ZAMAKETARIAK GREBAN