Ederto ospatutako kultura urtea

Ederto ospatutako kultura urtea

Amaia Igartua Aristondo

Atsegina izan zaie instituzioei, eta atsegina, orobat, herritarrei. Bilboko eta inguruetako artearen mugarri ez ezik, hirigintzarena ere bada Guggenheim museoa, eta 25 urte bete ditu aurten. Atseginez ospatu dute batzuek zein besteek, hala han bertan antolatutako afari oparo batekin, nola museoa doan bisitatzeko aukerarekin. Mende laurdeneko ibilbidea egin du erakustokiak; ez polemikarik gabe, halere, zalantzan jarria izan baitzen abiatzean, eta kritikatua izaten baita orain ere zenbaitetan.

Baina Bilbokoak 25 urte ditu jada, eta hori bada nahikoa zurtoin. Errotzeko asmotan dabil, ordea, Urdaibaikoa. Iaz egitasmoa hizpidera ekarri zuen Eusko Jaurlaritzak, Europako funtsetarako proiektuen artean gehituta, baina, aurten, kostata hartu du indarra. Izan ere, Urdaibaiko Guggenheimen bultzatzaile nagusiak ez dira bat etorri erabat: Bizkaiko Foru Aldundiak erakutsitako zirrara apaldu du Jaurlaritzak, gogoraraziz Urdaibai babestutako gunea dela, eta, hori hala, tentu bereziarekin esku hartu behar dela han. Espainiako Gobernuak, berriz, hauspoa eman dio kimuari, ostera ere. 40 milioi euro jarriko dituela hitzeman du Madrilek —120ko aurrekontua izan dezan espero da—, eta Kosta Legea berrikusteko prest agertu da, aldundiaren eskariari erantzuteko: orain, ezin da eraiki itsasadarretik ehun metro baino gutxiagora, eta langa hogeira jaistea galdegin zuten.

Kontrara, bidea egiten ari da Bilboko Arte Ederren Museo berria. Ez zailtasunik gabe, dena den. Izan ere, aurrekontua puztuz joan da poliki-poliki. 18,9 milioikoa izango zela iragarri zuten hasieran, baina beste eraikin bat gehitu zioten proiektuari; aurrekontua handitu behar izan zuten ostera ere, ez zelako enpresarik aurkeztu obra adjudikatzeko lehiaketara; eta, gainera, eraikuntzako materialen prezioak gora egin du. 45 milioi euroko kostua izango du azkenean; Urbelan SA, Altuna y Uria SA, Campezo Obras y Servicios eta Teusa Tecbucas de Restauracion SA enpresek egingo dute. Museo berriaren lehen harria azaroan jarri zuten.

Bestalde, berritzeko asmotan dauden museoei beste bat gehitu zaie aurten: Bilbo Arte. Abandoibarran sortuko diote kimu bat, ekainean iragarri zutenez. Egoitza berriak laurehun metro koadroko tokia izango du erakusketetarako, eta biltegia ere izango da. Datorren urteko azaroan zabaltzea espero dute, Bilbo Artek 25 urte beteko baititu. Egungo egoitzan artistentzako ikastaroak eta administrazio zerbitzuak eskainiko dituzte. Bilboko Udalak datozen egunetan lizitatuko ditu lokal berria egokitzeko obrak; milioi bat eurokoa da aurrekontua.

Ospakizun gehiagoren urtea ere izan da 2022a. BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak, esaterako, ehun urte bete ditu aurten.

Omako basoa

Itzuleren urtea

Ibilbideek ez ezik, itzulerek ere eman dute ospatzeko abagunea, orobat. Durangoko Azoka aurrez aurre eta segurtasun neurririk gabe antolatu dute pandemia hasi zenetik lehen aldiz, eta emaitzak pozik utzi ditu antolatzaileak: izurriaren aurrekoen antzeko jendetza bildu da, eta salmentak igo egin dira.

Kortezubiko Omako basoa aurten itzuli da, era berean: beste kokaleku batean erreproduzitu dituzte pinturak, baina Agustin Ibarrola artistak jatorrizkoari emandako izaera berarekin. Lanak bukatu ez dituzten arren, aurten zabaldu diote publikoari, bisita gidatuak antolatuta.