I. Maruri Bilbao
Herrian parke eoliko bat jartzeko asmotan, Delta Power enpresakoen bisita jaso zuen Pedro Mari Intxaurraga Orozkoko alkateak joan den astean. PLT Italiako enpresa dago atzean. Dena den, garrantzia kendu dio: “Uste dut proiektua udalean zelan hartuko genukeen jakitera baino ez direla etorri”. Orozkotik Zeberiora, 11 aerosorgailu ipini nahi lituzketela esan diote Intxaurragari: zortzi Orozkon eta hiru Zeberion. “Lursailak norenak diren galdetu zidaten; bat izan ezik, denak dira udalarenak. Baina argi esan nien gu aurka gaudela. Larragorriko parkearen inguruan dugun iritzi bera izango genuke honekiko ere”.
Izan ere, Orozkon Green Capital Development 147 enpresak egin nahi duen parke eolikoak kezkatzen ditu, gehienbat. Martxa hartuta dago: Intxaurragaren esanetan, datorren hilean jaso dezake Eusko Jaurlaritzaren ingurumen baimen bateratua. Txostena aztertu eta alegazioak aurkezteko asmoa du udalak.
22,5 megawatteko potentzia sortzeko gaitasuna izango duten bost aerosorgailu ipini nahi ditu enpresak Jesuri mendian: bost Orozkon eta bat Laudion (Araba). Ekaineko osoko bilkuran proiektua eteteko eskatu zion Orozkoko Udalak Eusko Jaurlaritzari. 11 hautetsietatik zortzik babestu zuten eskaera: udal gobernua osatzen duen Adie plataformako seiek eta EH Bilduko biek; EAJko hiru zinegotziak abstenitu egin ziren. Alkateak esan du orain ingurumen baimena ezagutu arte itxarongo dutela. Ondoren, ez dute baztertzen herri galdeketa bat egitea, otsail-martxo aldera. Energia berriztagarrien aldeko konpromisoa berretsi du Intxaurragak, baina uste du ez direla “edozelan” bultzatu behar: “Energia sortzeak ezin du eragin ekosistema garrantzitsuak edo aberastasun biologikoa galtzea”.
Diputazioa isilik
Errotak jarri ahal izateko Aiaraldeko Plana aldatu behar dela esan du alkateak; Bizkaiko eta Arabako foru aldundiei plana aldatzeko eskatuko die enpresak, eta alkateak uste du aldatuko dutela. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiari txosten juridiko bat egiteko eskatu dio Orozkoko Udalak, diputazioak proiektuaz duen iritzia zein den ezagutu gura duelako. “Hilabete baino gehiago pasatu da, eta ez dugu erantzunik jaso. Jasoko dugunik ere ez dut uste”.