Mikel Garcia Martikorena
Mendizaletasunean eta naturan murgiltzeko aukera izango dute gaurtik aurrera Bilbora biltzen direnak. BBK Mendi Film jaialdiak mendia agertoki duten hainbat istorioz beteko ditu Euskalduna jauregiaren, Golem Zinemetako eta BBK gelako aretoak datorren asteko igandera arte, abenduaren 18ra arte. Jaialdiaren 15. edizioan, 59 film egongo dira ikusgai, eta hamaika estreinaldi izango dira. Film horietako 56 sail ofizialean lehiatuko dira, Eguzkilorearen garaikurra etxera eramateko. Dena dela, izenean film hitza duen arren, jaialdia ez dago zinemaz osatuta soilik: beste hamaika ekitaldi ere daude; hitzaldiak eta erakusketak, esaterako.
Zinema jaialdi “hutsa” ez dela argi du Jabier Baraiazarrak, BBK Mendi Film jaialdiko zuzendariak. Horregatik, haien helburua ez da “zenbatu” daitekeen zerbait: “Bertaratutakoak natura beste era batera ikusi eta ulertzeko gai badira, gure helburua burututzat dugu”. Iratxe Fresneda jaialdiko epaimahaikidearen aburuz, mendiaren eta kirolaren bitartez “beste hainbat kulturaren berri” izateko balio du jaialdiak, ekarpen “oso interesgarria” egiten baitu.
Bateko eta besteko kulturak ezagutzeko aukerez gain, beste hainbat ekarpen egiten dizkio jaialdiak hiriari —eta hiriak jaialdiari—. Baraiazarraren ustez, Euskal Herritik kanpo hiria “beste era batera” erakusten du jaialdiak. Zuzendariak gaineratu duenez, “banakako pentsamendua gailentzen” da egunotan, eta mendizaletasunak oinarrian duen talde lana eskaini diezaioke hiriari: “Mendira bi pertsona doazenean, soka baten bidez lotuta egoten dira momentu oro. Hori sentiarazi nahi diogu hiriari, kohesioa”. Sentimendu hori Bilbo osoan zehar zabaltzeko asmoz, ekintzak hiriko hainbat lekutan antolatu dira. Halere, zuzendariak Bilbo “osorik” estaltzeko mediorik ez izatea du damu.
Bilbok, bestetik, nazioartean ikusgarritasuna ematen dio jaialdiari; “erakusleiho itzela” da. Baraiazarraren aburuz. Jaialdiaren aurreneko aldiak Gasteizen egin zituzten arren, 2012tik Bilboko aretoek izan dituzte mendi dokumentalak ikusgai. Hori, baina, ez da jaialdia Bilbon mantentzearen arrazoi bakarra. Baraiazarrak dioenez, “Euskal Herriko mendizaletasuna Bilbon hasi zen”, XX. mendearen hasieran. Hori dela eta, hainbat urtez hiri industrializatu bat izan arren, “berezkoak” ditu mendia eta natura.
Mendiko herria
Euskal Herria herri mendizalea da oraindik, eta Bilbo ez da atzean geratzen. Horren erakusgarri dira pandemia aurretik jaialdiak izandako ikusleak: 12.000 baino gehiago. Fresnedaren ustez, Euskal herritarrek mendiarekin harreman “estua” dute, “betidanik mendi artean” bizi izan direlako. Elkarren alboan bizitze horrek, “egun mantentzen den harremana” sortu du, haren aburuz. Baraiazarrarentzat, baina, harremana baino “zerbait gehiago” da: “Euskaldunok errespetua diogu naturari”.
“Euskalduna oso esker onekoa da naturarekin; paisaian islatzen da hori”, esan du zuzendariak. Hala ere, ez du uste “edertasun” hori soilik naturaren lana denik: “Gizakiok, kasu honetan euskaldunok, urteetan mendia moldatu dugu gure nahietara, beti errespetu osoz”. Izan ere, zuzendariaren ustez, euskaldunek, mendizaleak izan edo ez, “maite dute” Urbasara, Aralarrera, Gorbeiara eta halako lekuetara joatea.
“Zinematik irten eta ikuslearen barnean bizirik mantentzen diren filmak dira onenak, ikusitakoaren inguruan hausnartu ahal delako”, Fresnedaren iritziz. Mendiarekin dagoen sentsibilizazioa dela eta, leku “aproposa” da oso Bilbo. Jaialdiko epaimahaikide izateaz gain, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazio graduan irakaslea da Fresneda. Haren ustez, pelikula bat “ona” izateko eta ikuslea aretotik ateratzean horren inguruan pentsatzen jarraitzeko, “emozioetara jo behar du”. Horretarako, ez da nahikoa zer kontatzen den, baizik eta “nola kontatzen den”.
Hizkuntza hautua
Kontatzeko moduan filmen hizkuntza ere sartzen da. Pelikula guztietatik 46k izango dute euskaraz ikusteko aukera —euskaraz direlako edo azpidatzita daudelako—. Baraiazarrak dio hasieratik argi izan dutela euskarak leku “nabaria” izan behar duela, baina ez dela “hautu bat” egin dutelako: “Euskaldunak gara, eta, euskara gure ama hizkuntza denez, oso argi genuen euskara izango zela jaialdiren lehenengo hizkuntza”. Ofizialtasunari “kasu egiteko” eta jaialdiaren nazioartekotasuna bermatu ahal izateko, gaztelania eta ingelesa ere ageri dira jaialdian. Hortaz, BBK Mendi Filmek hiru hizkuntza “ofizial” dituela dio jaialdiko zuzendariak.
Baraizarraren aburuz, “garbi” dute ahal duten neurrian filmak euskaraz ikusteko aukera eskaini “behar” dutela. Hala ere, dena haien esku ez dagoela dio zuzendariak, eta azpiegiturek eragindako “arazo konkretuen” ondorioz ezingo dituzte 59 filmak euskaraz eskaini. Azpimarratu du, dena den, jaialdian euskaraz ikusi ezin daitezkeenak “urtean zehar egiten diren bestelako ekintzetan gozatu” ahalko direla.
Euskara, gaztelania eta ingelesa ez dira izango hizkuntza bakarrak. Izan ere, antolatzaileek hautua egin dute “beste kolektiboei” egiten dutena helarazteko. Hori dela eta, lehen aldiz keinu hizkuntzan “gozatu” ahalko dira zenbait dokumental eta hitzaldi. Eskuaire elkarteak lagunduta, BBK Mendi Filmek “aurreneko pausoak” emango ditu bide horretan, Baraiazarraren esanetan: “Badakigu aurtengoa proba bat dela eta ez dugula guztiz ondo egingo, baina lehenengo urratsak egin behar ditugu”.