Modan bide berriak zabaltzen ari dira aspalditik, eta, horiekin batera, etengabean ari da aberasten arloko hiztegia. Hona hemen gero eta gehiago entzuten ari diren kontzeptuetako zenbait.
Biodiseinua. Material berriak sortzean datza biodiseinua, materia organikoa erabilita. Esaterako, fruta eta barazki azalak landu, eta horiekin oihalak sor daitezke jantziak egiteko. Horrela egiten dira, adibidez, larru beganoak, plastiko sintetikoetara jo beharrean. Materialok azkarrago desegiten dira naturan.
Superbirziklapena. Birziklapen soilarekin alderatuta, urrats bat harago doa superbirziklapenaren kontzeptua. Birziklatzean, hondakin bat transformatu egiten da, objektu berriak ekoizteko; superbirziklapenean, hondakinekin objektu berriak sortzen dira irudimenaren laguntzaz; hori hala, balio erantsia dute. Birziklapen irudimentsua bezala ere ezagutzen da prozesu hori, eta diseinatzaile batzuk badarabilte jada jantziak sortzeko.
Zero zaborra. Kontsumitzaileari dagokionez, dituen arropak berrerabili, transformatu edo besteek erabil ditzaten ematean datza zero zaborra. Baina ekoizpenean ere lor daiteke hondakinik ez eragitea: adibidez, oihal guztia aprobetxatuko duen diseinu bat sortzea, jantziaren patroia egitean txatalik gera ez dadin soberan.
Moda geldoa. Moda azkarrari kontrakar egiteko asmatu zuten moda geldoa kontzeptua. Alegia, aldarrikatzen ditu guztiz kontrako ezaugarriak: kalitatezko jantziak, ahalik eta gehien iraungo dutenak, ekoizpen kate pausatuagoak eta etikoagoak, langileen lan baldintza duinak, modaz inoiz pasatzen ez diren diseinuak.
Hiru dimentsioko inprimaketa. Eredu baten arabera inprimatuta, materialak aurreztu daitezke, eta hondakinak saihestu. Halaber, bide ematen du eskariaren arabera ekoizteko, stockik sortu gabe.