‘Eid Al Fitr-eko oparia’
Arabiera. Ramadana amaitzean islamiarrek egiten duten jaia da Eid Al Fitr. Ohikoa da opariak egitea. Eskuzabal jokatzeak zoriontasuna dakarrela ikusiko dute protagonistek.
‘Txilibitu magikoa’
Errumaniera. Karpato mendietan, Xuri bildotsak zerbait ikusi du larrean dir-dir egiten. Hagaxka magikoa ote da? Ukuiluko abere lagunek eta Mugur artzainak hori argitzen lagunduko diote.
‘Katu artistak’
Frantsesa. Katu artista batek jateko gura duen guztia lortzen du bere ikuskizunekin. Beste katu bat agertu da, ordea, eta hari lekua kendu dio.
‘Hitza hitz’
Galegoa. Mouroak Galiziako lurpeetan bizi diren izaki erraldoiak dira, eta dohain bereziak dituzte. Uxio nekazariak tratua egin du holako batekin.
‘Deabruaren zubia’
Katalana. Isovol herrian, iturrira joateko errekaren bestaldera joan behar zuten, zubirik gabe. Egun batean, deabruak zubia eraikitzea eskainiko dio Ponetari, arimaren truke.
‘Matsu, itsasoko jainkosa’
Txinera. Lin Moniang arrantzale familia batean bizi da Txinan. Gau batean amesgaiztoa izan du: aita eta neba ontzian joan dira, eta ekaitz ikaragarria hasi da.
‘Gizon aberatsa’
Urdua. Ezbehar batek eraman du ospitalera Pakistango gizon dotore bat. Han, baina, agerian geratu da nolakoa den benetan gizona.
‘Zoriontsu izateko gakoa’
Wolofera. Zoriontsu izateko zer behar den galdetu dio Senegalgo gazte batek aitari. Hitzez azaldu beharrean, ekintzez erakutsiko dio.
‘Dortoka zekena’
Jorubera. Andre zahar bat oinez zihoan, buruan karga astuna hartuta. Txakurrak eta dortokak ikusi zuten: txakurrak lagundu nahi izan zion, dortokak ez, ordea.
‘Caipora’
Portugesa. Amazoniako oihanean bizi da Caipora, neska indigena. Animaliak ditu bere lagunik onenak. Bat-batean ezbehar bat izango dute, ehiztari batekin.