M. Garcia Martikorena
Industrialdeen lehiakortasuna eta bertako enpresen arteko laguntza sustatzeko proiektuak Bizkaia osoan zabaltzen ari dira azken urteetan. Egungo krisiei aurre egiteko asmoz, enpresen elkarteak sortu dira hainbat lurraldetan. Busturialdea da joera horren alde apustu egin duen azkena, Gernika-Lumon dagoen Ibarra industrialdean, hain zuzen. Ehun enpresa inguru dituen industrialdean elkartegintza eta kolaborazioa sustatzeko eta elkarren artean sortu daitezkeen arazoak konpontzeko asmoz sortu da egitasmoa.
Lanbide Ekimenak zentroak du aurten hasitako proiektuaren gidaritza. Martxoan hasi ziren hiru fasez osaturiko egitasmoarekin lanean. Aurreneko fasean, industrialdeko enpresak elkarrizketatu zituzten —guztira, 27—, haien beharrak eta kezkak ezagutu, horien erradiografia osatu eta ondorio batzuk ateratzeko. Aitor Kortazar Lanbide Ekimenak-eko enpresa teknikariak azaldu duenez, ondorioen artean, besteak beste, Ibarrak dituen arazoak ageri dira. Enpresentzat “kezkagarrienak” urbanismoarekin eta azpiegiturekin daude lotuta; hala nola aparkalekua, garbiketa, argiztatzea eta seinalizazioa.
Bigarren fasean, datu horiek hartu eta ekintza plana eratu dute. Bertan proposatu dute, besteak beste, elkartea eratzea enpresen arteko lankidetzan bitartekaria izateko, tokiko enplegua sustatzea, iraunkortasunari buruzko sentsibilizazio kanpainak, enpresentzako arreta zerbitzuak, eta enpresen digitalizazioa eta berrikuntza bultzatzeko prestakuntza eta maileguak.
Martxan jartzeko garaia
Orain, hirugarren eta azken fasean daude. Kortazarrek dio azken fase horren emaitzak abenduaren 31rako prest izatea espero dutela, eta hurrengo urtean, “posible balitz”, industrialdeko berrikuntzak egin eta elkartea eratzea gustatuko litzaiekeela. Horrekin aktibitate ekonomikoa bultzatuko dela esan du teknikariak. Haren arabera, “erraztasun gehiago” daude Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntzak lortzeko enpresa elkarte baten bidez. Izan ere, aldundia Bizkaiko industrialdeak elkarteetan batzearen alde agertu da azkenaldian, Kortazarren aburuz.
Plan berriarekin eta diru laguntza horiei esker, “enpresak lagundu eta hemen geratzea” espero du teknikariak, egungo egoera onena ez dela iritzita: “Deslokalizazioa dago. Multinazionalek bertako enpresak erosten dituzte, eta erabakiak ez dira hemengo testuingurua kontuan izanda hartzen”.