Enpresak hezkuntzara erakartzeko ahalegina

Enpresak hezkuntzara erakartzeko ahalegina

Mikel Garcia Martikorena

“Zerbait ondo irten dadin, zuk zeuk egin behar duzu”. Esaldi benetan famatua, eta, beti horrela ez den arren, egia da ekintzailetza garrantzitsua dela gizartean; batez ere, enpresa munduan. Eskualde bateko jarduera sozioekonomikoa indartzeko modu egokitzat daukate Arratian. Izan ere, duela gutxi arte, Zulaibar Lanbide Heziketako eskola zenak aldaketa esanguratsua izan du. Campus Zulaibar deitzen da orain. Izena, baina, ez da aldatu den bakarra Zeanurin. Lanbide Heziketaren eta enpresen arteko harremana ulertzeko modua iraultzen ere saiatu dira, beti ekintzailetzan indar egin asmoz. Xabier Aldama zentroko zuzendariak azaldu duenez, proiektu berriarekin ezarri dituzten helburuak argi dituzte: “Prestakuntza handiagoa eta hobea eskaintzea, eskualdeko enpresen lehiakortasuna handitzea eta eskualdeko jarduera sozioekonomikoa indartzea”.

Hori egin ahal izateko, 3.500 metro koadroko eremua izango dute, enpresekin duten harremana errotik aldatzeko azpiegitura berriak eraiki baitituzte. Horien artean aurkitu daitezke, besteak beste, galdagintza fineko tailer aurreratu bat, errendimendu handiko fabrikazio tailer bat, saiakuntza elektrikoen bankua, pertsonen autonomia sustatzeko laborategia, eta enpresa haztegi bat. Ekipamendu berri dena enpresari lotua dago.

Lanbide ikastegiaren hasierako ideia, dena den, ez zen Arratiako 25 enpresekin batera campus bat eratzea. Aldamak dioenez, eraikina berritzeko Zulaibar barria izeneko proiektua zuten martxan joan den urtean. Baina Bizkaiko Foru Aldundiaren proposamena heldu zitzaien, eta atzera bota zuten: “Iazko uztailean dena prest genuen zaharberritzea egiteko, foru aldundia Arratiara etorri zen arte. Lurraldeko industria berritzeko plan bat sortzeko ideiarekin heldu ziren”. Zulaibar “lekurik egokiena” zela erabaki zuten; hortaz, “indarrak batzea” erabaki zuten, haren esanetan.

Enpresari ateak zabalduz

Urtarriletik ari dira campus berria lantzen, eta ikasturte honetan aurreneko emaitzak ikusi dira, Aldamaren ustez, betiere hasieratik finkatutako lau ardatzen gainean lan eginez. Irakaskuntza da horietako lehenengoa: aurten irtengo da gizarteratzeko zikloaren aurreneko promozioa, eta automatizazio eta robotika zikloak bere lehenengo ikasleak jaso ditu. Bigarren eta hirugarren ardatzak enpresarekin dute zerikusia, berrikuntza eta ekintzailetza bultzatzeko. Azkenik, nazioarteko ikuspegia erantsi nahi diete campuseko ekintzei, Lanbide Ikastegi bezala, baina baita enpresako loturak eta harremanak indartzeko ere.

Enpresarekin lotutako alderdiak nabariak dira proiektu osoan. Aldamak argi du Lanbide Heziketak garai “oso garrantzitsua” bizi duela gaur egun, enpresei dagokienez: “Aldaketa garaian gaude, eta nahitaezkoa da enpresak bertan egotea. Dugun erronkarik handiena da enpresak Lanbide Heziketaren beste partaide bat bihurtzea”.

Hori bideratzeko instalazioak “enpresei begira hobetzeko” aukera izan dute, diru laguntza ez baita hezkuntzatik etorri, Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikorako Sailetik baizik. “Enpresek eskola haien luzapen moduan ulertu behar dute”. Zuzendariaren aburuz, Arratiako industria “birdefinitzen” dabil: “Automozioaren menpe bizi izan gara duela gutxi arte, baina orain aukera dugu beste bide bat eraikitzeko”.

Errotek gariarekin bezala

Bide berri horretan campusa sartzeko, Errota fundazioaren laguntza izango dute. Eskualdeko garapen sozioekonomikoa bultzatzea xede du fundazioak, eta bulegoak ditu campusaren barnean, enpresaren eta ikastegiaren artean zubi lanak egiteko. Aldamak argi du “Arratian enpresak sortu eta bertan mantentzeko” balio beharko lukeela proiektuak. 250 ikasle daude guztira, eta “urtero enpresa berri bat” sortzea dute helburu. Iratxe Goikoetxea Errota fundazioko koordinatzaileak ekintzailetzaren garrantzia azpimarratu du, eta argudiatu ekintzailerik gabe ez direla lanpostuak sortzen. Hori dela eta, ikasleak enpresa sorkuntzara gerturatu nahi ditu: “Ikasleei ekintzailetza zer den erakutsi nahi diegu, ideia bat izatekotan garatzeko aukerak dituztelako”. Goikoetxeak dioenez, Arratian orain arte ez da lekurik egon enpresa bat sortu nahi duen norbaitek erabiltzeko; “orain, berriz, zortzi postu daude eskaintzeko”.