Bertsotan egingo dituzte foru museoetako bisitak, asteburuon

Bertsotan egingo dituzte foru museoetako bisitak, asteburuon

Mikel Garcia Martikorena

Euskara, bertsolaritza eta Bizkaiko foru museo eta aretoen ondarea uztartu nahi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Bihar ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna: hori da aitzakia, eta, egitasmoa antolatzeko, Azkue fundazioaren esku dagoen Euskararen Etxera jo dute. Gida Bira, gure museoak bertsotan izeneko ekinbidea izan da emaitza: bertsolariak gidari lanetan arituko dira museo eta aretoetako bisitetan. Zazpi bertsolari hamar museotan ibiliko dira bihar eta etzi artean, kantuan, bisitariei esperientzia kultural “berezi eta erakargarria” eskainiz.

Lorea Bilbao Ibarra Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak egitasmoaren aurkezpenean azaldu duenez, Gida Birak museoez “era ezberdin batean gozatzeko” aukera emango die bisitariei: “Bertsolariek ondarean murgiltzea gidatzen dutenean, euskarari lotutako ondare immateriala eta ondare materiala batzen dira”. Bilbaoren ustez, euskarak “berez” munduari begiratzeko modu “berezi” bat eskaintzen du, eta bertsolaritzaren bitartez hori “ondorengoei” helarazi dakieke.

Bilbaorekin batera, Iurdana Acasuso Azkue fundazioko zuzendaria, Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia eta Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia egon dira aurkezpenean; astelehenean izan zen, Bilbon. Acasusok azaldu du aurtengoa ez dela Euskararen Etxea eta foru museoak elkarlanean aritu diren lehen aldia. Izan ere, joan den urtean jada proiektu bat bultzatu zuten: Ondarea berbetan. Acasusok dio emaitza “onak” izan zituztenez, aurten Euskararen Eguna batera ospatzea erabaki dutela, Gida Bira egitasmoa antolatuz.

Acasusok uste du aukera “ezin hobea” dela Bizkaiko museoak “beste era batera” ikusteko: “Sortzaileek esperientzia bikaina eskainiko dute, proposamen kultural oparo eta erakargarria eratuz”. Bertsolari bakar batek egingo ditu gidari lanak museoan, eta egitasmoa Bizkaiko hainbat herritan egiteko modua eman; besteak beste, Bermeo, Balmaseda, Gernika-Lumo edo Kortezubi. Bertsolariei dagokienez, Oihana Bartra, Miren Amuriza eta Ander Elordui ibiliko dira kantuan museoetan, besteak beste. Bisita bakoitzeko bertsolari bakarra egongo denez, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, bisitariak museoarekin jarri behar dira kontaktuan zuzenean.

Euskara helburu

Bertsolaritza aukeratu izana ez da huskeria. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala abenduaren 18an jokatuko da, Iruñean. Bilbaok esan duenez, hori aitzakia gisa hartu, eta, Euskaraldiarekin, euskarak gizartean izan duen presentziarekin batzeko asmoa dute gizartea euskal ondarearengana erakartzeko.

Bilbaok euskara esparru “guztietara” zabaltzeko duten nahia azpimarratu du. Haren ustez, kulturarekin bat eginez euskara “erakargarriago” bihur daiteke, aisialdi eremuetan kokatzen baita. Gida Birak aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak duen helburuetako batekin bat egiten duela gaineratu du diputatuak: euskarazko sorkuntzak babestu eta bultzatzea. Euskara eta bertsolaritza Bizkaiko gizartean “berebiziko garrantzia” duten ondare immaterial dira, eta horiek bultzatu beharra nahitaezkoa ikusten du. Gainera, datorren urtean Europa mailan emango den joera bati aurreratuko direla dio diputatuak. Izan ere, 2023an Europako Batasunak ondare immateriala indartzeko hamaika proiektu eta estrategia jarriko ditu martxan. Hori Bizkaiarentzat onuragarria dela dio Bilbaok, Bizkaia “ondarearen lurraldea” baita.

Bilbaoren aburuz, euskararen aldeko apustua egitea “gauzak ondo egitearen aldeko apustua” egitea da. 1982ko EAEko Euskararen Normalizazio Legea ekarri du gogora Bilbaok ideia hori indartzeko: “Gorabeherak izan arren, 40 urte daramatzagu gauzak ondo egiten euskararen normalizazioaren alde”. Hala eta guztiz ere, oraindik “bide luzea” geratzen dela gehitu du.