“Aldea dago familiek zer egin nahi duten eta zer egiten duten”

“Aldea dago familiek zer egin nahi duten eta zer egiten duten”

Ibai Maruri Bilbao

6 eta 12 urte arteko seme-alabak dituzten Bizkaiko 612 familia elkarrizketatu ditu BBK Familyk, umeak hazteko eta hezteko zer konpetentzia, ahulgune, indargune eta behar dituzten jakiteko. “Txikiagoak direnean, lan gehiago ematen du zaintzak. Adin horretan, ostera, nerabezarorako beharko dituzten konpetentziak lantzeko aukera izaten dute gurasoek, oro har, ez delako garai zaila edo gatazkatsua izaten”, azaldu du Ainhoa Allende psikopedagogo eta BBK Familyko koordinatzaileak (Barakaldo, 1976). Ume eta nerabeak zaintzen lan egiten duten eragileekin landuko dute azterlanean bildutako informazioa.

BBK Familyk elkarrizketatutako 612 familiatan, mota asko egongo dira, ezta?

Bai, ia familia beste mota daude: guraso bakarrekoak; homosexualak; aita-amek eta seme-alabek osatuak; gurasoak banatuta dituztenak; batzuetan guraso batekin eta besteetan bestearekin bizi diren umeak; jatorri askotakoak; maila sozioekonomiko guztietakoak…

Zelan ikusten dute familiok beren burua?

Argazkian ondo atera direla esango nuke. Ikusi dugu aldea dagoela familiek egin nahi dutenaren eta egiten dutenaren artean: argi dugu marko teorikoa, baina gero ez gara konturatzen zer egiten dugun egunerokoan. Badakigu zer egin nahi dugun, baina ez dakit diogun hori egiten ote dugun.

Adibidez?

Esaten dute seme-alaben autonomia sustatu nahi dutela, baina gero galdetzen diegunean ea eskolako lanak egiten laguntzen diegun, gehienek erantzuten dute baietz; beraz, ez gara ari autonomia hainbeste sustatzen. Badakigu zer nahi dugun, baina egunerokoak beste era batera jokatzera garamatza.

Zer egin nahi dute, bada?

Autoestimu osasuntsua duten seme-alabak hezi nahi dituzte. Harreman ona sortu nahi dute seme-alabekin. Autonomia sustatu nahi dute. Garenaren eta egiten dugunaren arteko koherentziari eutsi nahi diote. Gatazkak eragotzi nahi dituzte. Horiek dira, oro har, neurtu ditugun konpetentziak.

Zenbateraino lortzen dute nahi duten hori egitea?

Dena lortzea oso zaila da. Item batzuetan, ez dabiltza ondo. Semaforo moduko bat egin dugu. Autoestimua eta nork bere buruaz duen irudia dira emaitzarik onena ematen dutenak; hori berdean dago. Gatazkari eta gurasoen estresari dagokien arloa atera da okerren: sarritan, seme-alaben aurrean eztabaidatzen dute gurasoek, estresak jota bizi dira, ez dute beren burua zaintzeko astirik —batez ere, andreek—… Hobetu beharreko beste arlo bat, emozioen kudeaketa eta adierazkortasuna dira. Erdibidean hainbat item geratu dira: seme-alabekiko harremana, gizartean jasotzen duten babesa, heziketa estiloa, autonomia…

Azterlanaren emaitzak ikusita, zerbaitek arreta eman dizue?

Sakelakoaren erabilerak seme-alabekin duten harremanean zer-nolako eragina duen ikusteak. %80k baino gehiagok esan dute seme-alabekin daudenean sakelakoarekin ibiltzen direla. Beraz, gurasoen arreta ez da erabatekoa.

Adin horretako umeek, oro har, ez dute sakelakorik erabiliko.

12 urtekoek eskolako kontuetarako erabiliko dute, eta gurasoek askotan esango diete ez erabiltzeko hainbeste. Baina hori esan, eta gurasoak eurak sakelakoarekin ibiltzen dira. Bagenekien halako gailuek zelako eragina duten guztion egunerokoan, baina deigarria egin zaigu. Egia da positiboa iruditu zaigula gurasoak konturatu izana arazo bat dutela horrekin.

Ohiko zalantza izaten da seme-alabak hezteko zigortu edo saritu behar diren. Horren inguruan zer diote?

Koherentziari eutsi nahi diotela esaten dute, baina gero ez dute betetzen. Adibidez, umeei esaten diete hau egiten badute beste hau izango duela ondorio. Baina ez da betetzen. Gero izkin egiten diegu ondorio horiei, nahiz eta aurrez iragarri ditugun. Beraz, ez diegu irakasten hartzen dituzten erabakiek ondorio batzuk dituztela, ezta ondorio horiek zeintzuk diren ere.

Oro har, gurasoek laguntzarik jasotzen dute heziketarako eta zaintzarako?

%85ek esan dute familian badutela babesik. Baina erdiak baino gutxiago dira laguntza eske lagunengana jotzen dutenak. Hala ere, badago aldaketa bat: lehen, familia zabalean topatzen zen laguntza: aitona-amonengan, izeko-osabengan…; orain, familia eredua aldatzen ari da, eta gehiago hitz egiten da familia loturez edo babestu nazaketen loturez. Horretan, presentzia handiagoa dute lagunek eta eskolak. Orain, gehiagotan bilatzen ditugu gure hezteko ereduaren antzekoagoak diren aliantzak, eta sarea zabalagoa da.

Laguntza motaren baten premia ikusten dute?

Guraso bakarreko familiek gehiago jotzen dute babes baliabideetara. Baina, oro har, familiek ez dituzte askorik erabiltzen konpetentziak hobetzeko. Esaterako, ez dira prestakuntza jasotzera joaten; batez ere, emakumek izaten dira halakoetara joaten direnak.

Nerabezaroak kezkatzen ditu?

Azterlan honetan, ez dugu aztertu garai hori, baina BBK Familyn badugu nerabeen gurasoek osatutako talde bat, eta haien kezka nagusiak sexualitatea, kontsumoak eta ipini beharreko mugak izaten dira, oro har.