3.000 etxe hornitzeko plakak

3.000 etxe hornitzeko plakak

Ibai Maruri Bilbao

Galdakaoko Udalak bederatzi hektareako industria orubea erosi du Gorozibain (Usansolo), plaka fotovoltaikoak ipini eta energia kooperatiba bat sustatzeko asmoz. Orubearen kokapena eta orientazioa aproposak direla esan du Asier Egiraun Galdakaoko Hirigintza zinegotziak: “Hegoaldera begira dago, eta egun osoan jotzen dio eguzkiak. Horregatik, hektareako sor daitekeen energia maila oso altua da: megawatt bat baino gehiago”. Bederatzi hektareetatik bospasei erabilita, sei bat megawatt sortzeko aukera izango lukete. “Horrek esan nahi du 3.000 familia edo etxebizitza hornitzeko gaitasuna izango genukeela”. Bizkaiko plata fotovoltaikoen parkerik handiena litzateke Gorozibaikoa.

Nahi duten herritarrek osatutako kooperatiba batek kudeatuko luke parkea, eta udalak berak ere bazkide izan nahi luke. Energia “demokratizatzeko” bidean sustatuko duten proiektua dela azpimarratu du zinegotziak: “Oso garesti kobratzen da megawatt bakoitza merkatu librean. Herritar gehienek ezin dute hainbeste ordaindu. Horrelako kooperatiba energetikoekin argindarra demokratizatzearen aldekoa da Galdakaoko Udala”.

Orube hori Maderas Basañez enpresarena izan zen. Hartzekodunen konkurtsora deitu zuen, eta beste enpresa batek erosi zuen. Bigarren honen helburua zen hondakinak tratatzeko planta bat martxan jartzea. “Guri eta inguruan bizi diren herritarrei ez zitzaigun proiektu hori gustatzen, eta erabaki genuen enpresarekin hitzarmen bat egitea”, gogoratu du Egiraunek. Enpresak orubeagatik ordaindu zuena eta ondoren han egindako deskutsatze, garbitze eta hesitze lanetan inbertitutakoa, guztira, 1,6 milioi euro izan ziren. Udalak hori ordainduko dio enpresari, itundutako desjabetze batean.

Zinegotziak azaldu duenez, orain kooperatiba sustatuko duen enpresa hautatu behar dute. Horretarako lehiaketara aterako dute proiektua. Aukeratuko duten enpresa horrek egin nahi dena azalduko du herrian; modu horretan lortu nahi dituzte bazkideak Galdakaon eta inguruko herrietan. Ez da izango soilik galdakoztarrentzako kooperatiba. Izan ere, ordubea Galdakaoko Udalak erosi duen arren, orain, Bizkaiko Batzar Nagusietan desanexioa onartu denetik, Usansolon dago. Beraz, usansolotarren eta galdakoztarren kooperatiba izango da.

Oraindik Usansolok ez du udalik. Behin erakunde berria sortzen denean, hari dagokion gainontzeko ondarearekin hori ere jasoko du Usansoloko udal berriak. Galdakaoko Udalak ez du galduko egindako inbertsioa, ondare horretatik deskontatuko diolako Usansolokoari. “Galdakaoko Udaleko Usansolo Herriako zinegotziak ados egon dira proiektu honekin hasieratik”, zehaztu du Egiraunek.

Hori gertatu bitartean, bada, sortuko den kooperatibako bazkideek Galdakaoko Udalari kanon bat ordaindu beharko diote lursailagatik. Kalkulatu dute bazkide bihurtzeko egin beharreko inbertsioa zazpi urtean amortizatuko dutela bazkideek. Plaka fotovoltaikoen parke honetan sortutako argindarra ez dute bazkideek zuzenean kontsumituko; argindar konpainiari salduko diote. “Enpresak bazkideei ordainduko die bere ustez argindarra sortzea kostatu zaiena: 50 euro kilowatt bakoitzeko”.

Autohornidura

Energiari dagokionez, Galdakaoko Udalak baditu beste proiektu batzuk ere esku artean. Besteak beste, udal eraikin guztietan panel fotovoltaikoak jartzeko asmoa dute, autohornidura bermatzeko. Momentuz, zazpi proiektu eskatu dituzte, zazpi eraikinetan jartzeko. Datorren urtean zehar lizitatuko dituzte. Kasu horietan plaka horiek sortuko duten argindarra udal eraikinak eta bostehun metroko erradioan dauden inguruko eraikinek kontsumitu ahal izango dute.

Aparkaleku publikoetan elektrolinerak jartzen ere badabil udala: Galdakaoko bitan eta Usansoloko batean egongo dira.