Mikel Garcia Martikorena Olatz Silva Rodrigo
Hamabost urte lan hitzarmen berarekin. Hamabost urte bizitza garestituz doan heinean soldata izoztuta. Hamabost urte erosahalmena galtzen. Hori da Bizkaiko larrukien eta oinetakoen merkataritzako langileek salatzen duten egunerokoa. Izan ere, 2007tik ez dute berritu lan hitzarmena, eta haien soldata izoztuta geratu da, KPIa igoz joan den arren. Antzeko zerbait gertatzen da ehun merkataritzarekin eta merkataritza orokorrarekin: 2014tik eta 2018tik ez dira berritu hitzarmenak, hurrenez hurren.
LAB sindikatuaren arabera, 2019tik ari dira negoziatzen sindikatuak eta patronala —Cecobik eta Bizkaidendak—; baina, oraingoz, ez dira akordio batera heldu. Hori dela eta, ELA eta LABek deituta, Bizkaian bi greba egun antolatu dituzte azarorako. Gaur izango da bigarren greba eguna, eta Bilboko kaleetan manifestazioak egingo dituzte, besteak beste.
ELAk eta LABek azaldu dutenez, gaur egungo gutxieneko soldatatik “oso gertu” daude merkataritzako hitzarmen kolektiboak. Marije Fernandez ELAko merkataritza arloko arduradunak emandako datuen arabera, larrukien eta oinetakoen merkatarien soldata 1.012 euro gordin da hilean; eta merkataritza orokorraren eta ehun merkataritzaren kasuan, 1.059 euro eta 1.200 euro, hurrenez hurren. Hala ere, Fernandezek adierazi duenez, datu horiek ez dira errealitatearen isla: “Egunerokoari erreparatuz gero, konturatzen gara merkataritzako langileen baldintzak oso prekarioak direla, langileen %60-70ek lanaldi partziala daukatelako”.
Baldintzei dagokienez, langileen artean ezberdintasun handiak daudela gaineratu du Fernandezek. Izan ere, saltoki handietan errazagoa zaie sindikatuei enpresa barneko hitzarmenak lotzea, denda txikietako langileak atzean utzita. Horregatik, lurralde osoa hartuko duen hitzarmen baten garrantzia azpimarratu du.
Handien eta txikien arteko desberdintasunak, baina, ez datoz soilik barneko hitzarmenetatik. Irati Sienra LABeko merkataritza saileko arduradunaren arabera, “saltoki txikietan askotan ez da guztiz errespetatzen hitzarmena; batzuetan, ezjakintasunagatik, eta, beste batzuetan, jauntxokeriagatik”.
Merkataritzan Internet
Lan baldintzak aldatuz doaz. Gaur egungo salerosketen munduak hainbat ezberdintasun ditu 2014 eta 2018an zegoenarekin; eta zer esanik ez 2007koarekin. Merkataritzak pairatu dituen aldaketa horiek egiteko berriak sortu dizkiete langileei. Horregatik, sindikatuen ustez, hitzarmenek funtzio horiek jaso beharko lituzkete.
Merkataritzan azken urteotako iraultzarik handiena Internet izan da. Sienraren aburuz, Internetek lehen ez zituzten lanak ekarri dizkie merkataritzako langileei: hala nola kexak entzutea, komunikazio lanetan ibiltzea eta paketeak egitea. Funtzio berri horiek direla eta, LABeko ordezkariak uste du bi neurri hartu beharko liratekeela: langileei formakuntza erraztea eta soldata igotzea funtzio berrien truke. Azken hori aurrera eramateko, ELA eta LAB sindikatuek online plusak izenekoak proposatu dituzte. Horren helburua “sarean irabazitakoa langileen artean banatzea” da, LABek dioenez.
Hala ere, online salmentak ez dira merkataritzan sartu diren berrikuntza bakarrak. Gaurko black friday eta halako egunek eragin handia dute lan egiteko eran. Sienraren iritzian, “izugarrizko” lan karga eragiten dute, astebete lehenago jarri behar baitute paketak egiten eta online erositakoak prestatzen.
Negoziazio mahaia
Negoziazio mahaian aurrerapausoak ez emateagatik deitu dute grebara sindikatuek. Patronala egin dute blokeoaren erantzule. Patronala ez dator bat horrekin. Cecobiko idazkari nagusi Jon Lasaren esanetan, ez dira ari negoziazioak blokeatzen; kontrara, esan du hiru proposamen jarri dituztela mahai gainean, bana sektoreko. Lasak sindikatuen planteamenduei egozten die negoziazioak geldirik egotearen erantzukizuna: “Sindikatuek eskatu dutena ezinezkoa da negozio askorentzat, oraindik ez dira-eta heldu pandemia aurretiko salmentetara”. Iritzi berekoa da Jose Andres Cebrecos Bizkaidendak-eko presidentea: “Gaur egungo krisia dela eta, mozkinak galtzen ari gara, eta ezinezkoa zaigu soldatak igotzea”.
Cecobi, “baikor”
Cecobiko idazkari nagusiak onartzen duen arren oraindik “urrun” daudela bi aldeen proposamenak, “baikor” dago, akordio bat lortuko delakoan. Negoziazio mahaiaren gainean eskariak eta marra gorriak daude, eta azken hiru urteetan horien gainean egin dute lan. Sindikatuek, online plusaz gain, hainbat proposamen egin dituzte. Sienra LABeko ordezkariak adierazi duenez, negoziazioak hasi zirenean, eskatu zuten soldatak KPItik gora igotzeko, baina, merkataritzaren egoera ikusita, igoera KPIan uztea erabaki dute; aurten, %7,5 igo da. Horrez gain, lanaldi osoari orduak kentzea ere proposatu dute. ELAko ordezkari Marije Fernandezek dioenez, neurri horrekin prekaritatea arintzea lortuko lukete, lanaldi partzialen baldintzak “hobetuz”.
Patronalak azpisektoreka proposatu ditu soldata igoerak: ehun merkataritzan, %10,2; larruki eta oinetakoetan, %15; eta merkataritza orokorrean, 2019tik 2021era %2ko igoera urtero, eta%4,5ekoa aurten. Cecobiko idazkari nagusiaren iritziz, neurri horiekin KPIaren %75-80an egongo litzateke igoera.
Soldatek ez ezik, gaixoaldiek eragiten dute gatazka bi aldeen artean. Izan ere, orain arte soldataren %100eraino osatzen ziren arren, bestelako neurrien truke hori egiteari uztea proposatu du patronalak. “Hainbat saltokitan, langileen %20-25 daude gaixoaldian. Horiek betetzeak kostu handia eragiten die saltokiei”, esan du Lasak. Horren aurka daude sindikatuak.
Azken hiru urteetan aurrerapausoak eman dituzten arren, oraindik lana geratzen zaie bi aldeei akordio batera heltzeko.