Iaz jakinarazi zuen Promociones Zubiarraun enpresak Lezaman, Eguzkitza errekaren bi ertzetan, Asua ibaiaren arroko lursailetan, zabortegi bat egiteko interesa zuela. Balorizazio planta bat eraikitzeko asmoz erosi zuen orubea, aspaldi. Berriak kezka sortu zuen herrian. Eusko Jaurlaritzaren plana irakurrita, Lezamako Udalak orain esan du ez dela planta egingo. Baina EH Bilduren udal taldeak ez dauka iritzi bera. “Jaurlaritzaren oharrak berak dio hondakinak murrizteko helburuak 2030erako beteko ez balira ‘administrazioak zabortegi berriak baimendu beharko’ dituela”, ohartarazi du Lezamako EH Bilduk.
Promociones Zubiarraun enpresaren proiektuak Uraren Euskal Agentziaren aldeko iritzia ere jaso du aurten: “Potentzialki baimentzeko modukoa” dela esan zuen. Eta enpresak ez du, oraingoz, proiektua baztertu. Beraz, EH Bilduk uste du arriskua ez dela desagertu. Joan den hilean, EH Bilduk berak udal gobernuari proposatu zion Promociones Zubiarrauni Eguzkitza baserria eta inguruko bost hektarea lursail erosteko. “Ondare garrantzitsu bat publiko egiteaz gain, zabortegia ez dela egingo bermatuko genuke”.