Mikel Garcia Martikorena
Bizkaiko eskoletako ikasleek aldaketa bat egin beharko dute testuliburuetan. Arkatza hartu, eta bi zenbakia agertzen den lekuan hiru bat idatzi beharko dute: 112ak 113ari emango dio lekua. Izan ere, Bizkaiak 113 udalerri ditu herenegundik, Usansolok utzi egingo baitio Galdakaoren parte izateari. Usansoloko herritarrek urteak daramatzate independentzia aldarrikatzen, eta lortu dute.
Hamaika pauso eman ditu Usansolok desanexioa lortzeko, eta behin betikoa ere eman dute: Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkurak oniritzia ematea, asteazkenean. Aldeko 39 boto jaso ditu (EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia), zortzi ezezko (PSE-EE) eta bi abstentzio (PP). Talde kudeatzaile bat eratuko da orain, trantsizioa bultzatzeko. Hiru izango dira eragileak: Bizkaiko aldundia, talde kudeatzailea eta Galdakaoko Udala. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak iragarri du Espainiako Estatuko Abokatuak helegitea aurkeztuko duela, erabakia legearen kontrakoa dela jota.
Usansoloko Udala sortzen denean —fisikoki eta administratiboki—, Galdakaoko Udaleko 25 langile hara igaroko dira, eta eskumenak udalerri batetik bestera eskualdatuz joango dira. Hasieran, Usansoloko Udala argiaz, garbiketaz, saneamenduaz, liburutegiaz eta kiroldegiaz arduratuko da. Bi udalak elkarrekin ibiliko dira lanean hilerria, musika eskola edo euskaltegia kudeatzeko. Azkenik, Usansolok herrirako planteamendu urbanistiko berria onartu arte, Galdakaokoa erabiliko du.
Baina horiek biharko kontuak dira, eta Usansolon jakin badakite hori. Orain, ospatzeko garaia heldu zaie. Izan ere, independentziaren albistea ezin zen garai hobean heldu: gaur hasiko dira Usansoloko jaiak. Halere, bizilagun gehienentzat asteazkenean hasi ziren. Kaleak apaindu dituzte horretarako, eta kolore berdea eta Usansolo gure herria dioten banderak nonahi topa daitezke. Apaingarri boteretsuekin batera, herritarren irribarrea eta algara.
Batera bultza eginez
Jai hori piztu duen txinpartaren atzean, mugimendu politiko bat dago, eta herritar gehienen nahia. Izan ere, Usansolo Herria plataformak bereizketaren aldeko politikak eraman ditu 2011tik Galdakaoko Udalera. Den den, horren aurretik independentziaren aldeko sentimendua erroturik zegoen bizilagunen artean, eta plataformako kideek argi dute hori. Iñaki Urgoiti Usansolo Herria plataformako zinegotzia da Galdakaon, eta, haren arabera, “Usansoloko herritarrak izan dira protagonista nagusia” desanexio prozesuan. Agustin Aizpuru ere plataformako zinegotzia da, eta bat dator Urgoitirekin: “Usansoloko herritarrak beti egon dira gurekin, indarra ematen”.
Usansoloko herritarrek bozketa egunean Gernika-Lumon utzi dituzten irudiak horren argigarri dira. Aizpuruk dioenez, “herri sentimendua betidanik” izan dute, eta Batzar Nagusietan baiezkoa eman denean “emozio denak batera” irten zaizkiola onartu du. Izan ere, Aizpuruk bezala, Usansoloko bizilagun askok urteak daramatzate bereizketaren alde lan eginez. Idoia Otxandiok, esaterako: jaiotzez galdakoztarra den arren, betidanik bizi izan da Usansolon. “Bizitzako egunik zoriontsuenetakoa” izan zen asteazkena harentzat.
Ainara Arrese Fernandez da horietako beste bat. Txikitatik, Usansolo herritzat eduki du, eta asteazkena egun hunkigarria izan zen harentzat: “Gure aitak bizitza osoa eman zuen Usansolo herri moduan ikusteko lan egiten. Tamalez, duela hiru hilabete hil zen, desanexioa ikusi gabe. Harengatik joan gara Gernikara”. Arreseren aita bezala, “izan zirenengatik, badirenengatik eta izango direnengatik” topa egin zuten asteazkenean Usansoloko bizilagunek 18:00etan, Unkina plazan.
Jaia hasia dute; eta, agian, motibo gehiago dituzte ospatzeko. Usansolon ONCEren loteria postua duen Graciela Uriartek azaldu duenez, 11.323 zenbakia eskatu zuen, asteazkena gogoan hartuz, eta “ziztu bizian” bukatu da.