Premia handia, boluntario gutxi

Premia handia, boluntario gutxi

Mikel Garcia Martikorena

Bi astean behin, 25.000 bizilagunek jasotzen dute laguntza Bizkaiko Elikagai Bankuaren bitartez. Urte osoan bestelako ekintzak ere egiten dituzten arren, azaroaren bukaeran antolatzen den bilketa da handiena. Aurten, azaroaren 25ean eta 26an izango da. Gobernuz kanpoko erakunde horren jakak hirurehun supermerkatutan egongo dira ikusgai. Hala ere, Luis Crovetto bankuko presidenteak salatu du zailtasunak dituztela jaka horiek jantziko dituzten boluntarioak topatzeko; Ezkerraldean eta kostaldean, batez ere.

Bertaratzen diren erosleek nahi dituzten jakiak eman ahalko dituzte. Gainera, azaroko kanpaina ez datza jakiak biltzean soilik: astebetez, dohaintzak egin ahalko dira hainbat supermerkatutan. Horrela, eskariaren arabera, janaria erosiko du bankuak, jakirik xahutu gabe. Elikagai Bankuko presidentearen arabera, laguntzeko erarik egokiena da, lana errazten baitie.

Crovettok kezka erakutsi duen arren boluntarioak biltzeko zailtasunengatik, baieztatu du kostaldean “beti kostatu” zaiela herritarrak mugiaraztea. Rodolfo Laiz boluntarioak ere hala uste du. Jendea motibatzeko beharra dagoela baieztatu duen arren, “urtero bezala” azken astera itxaron behar dela azpimarratu du Laizek, jende gehienak orduan ematen baitu izena, haren ustez: “Urtero izaten ditugu arazoak bilketa heldu aurretik, eta, azkenean, 5.000 lagun inguru batzea lortzen dugu”.

Arazoak agertzen direnean bizkaitarrak laguntzeko prest daudela azpimarratu du Crovettok. Hori dela eta, Elikagai Bankuko presidenteak espero du aurtengoa ere “bilketa kanpaina ona” izatea. Laizek, dena den, “borroka amaigabetzat” dauka GKEk egiten duen lana, eta, bilketa ondo ateratzeko, gazteengan jarri du arreta. Gazteenak ekintzetara gerturatze aldera, Elikagai Bankuak hitzaldiak ematen ditu hamaika ikastetxetan. Laizek espero du horietan egondako zenbait gazterekin topo egitea hilaren 25ean eta 26an.

Gosea zabalduz

Boluntarioak, baina, ez dira Elikagai Bankuaren arazo bakarra. Izan ere, egungo inflazioak apaldu egiten du haren laguntzeko ahalmena. Halere, Crovettok adierazi duenaren arabera, Bizkaiko Elikagai Bankuaren laguntza behar izan dutenen kopuruak berdintsu eutsi dio urte osoan. Inflazioarekin batera kopurua igo ez izana “Bizkaiko gizarte politiken eta laguntzen” ondorio dela dio bankuko presidenteak.

Hala ere, GKErekin batera lan egiten duten gizarte langileek adierazi diotenez, “prest” egon behar dute: “Espero da urtarriletik aurrera herritar gehiagok behar izango dutela gure laguntza, horretarako arrazoi argirik eman ez diguten arren”. Laizen ustez, erosteko ahalmenaren apaltzeak ez ezik, pobrezia energetikoak ere eragingo du datorren hilabeteetan jende gehiagok jotzea elikagai bankura. Hori dela eta, horrelako garai “zailetan” herritarrek duten “indarra eta garrantzia” azpimarratu ditu: “Gizartea gabe, ez gara ezer, baina, herritarrak mobilizatzeko gai izanez gero, garrantzitsuak bihurtzen gara”.

Laguntza apalduz

Eskariaren igoera horri erantzun ahal izateko, “ezinbestekotzat” jo du Crovettok herritarren eta erakundeen laguntza. Izan ere, prezioen igoerak nabarmen eragin die janaria erosteko orduan: “Duela urtebete baino %15 edo %20 gutxiago eros dezakegu egun”. Laiz, bestalde, behar hori aseko ez duten beldur da. Hala, boluntarioak adierazi duenez, uste du herritarrek ekarpen gutxiago egingo dituztela.

Herritarrek”etorkizun konplexu bati aurre egiteko neurriak” hartuko dituztela uste du boluntarioak. Horregatik, gutxi bada ere, elikagai bilketan parte hartzeko eskaria egin die herritarrei. Crovettok azpimarratu du erakundeen laguntzak zer-nolako garrantzia duen: Susana Monsma fundazioak, besteak beste, 30.000 euroko dohaintza egiten du urtero.