Hamaika hizkuntza euskaraz

Hamaika hizkuntza euskaraz

Natalia Salazar Orbe

Kaleak hasi dira betetzen ahobizi zein belarriprest txapak soinean darabiltzaten euskal hiztunez eta entzulez. Gaur hasi eta abenduaren 2ra arte egingo da Euskal Herriko kaleetan Euskaraldia. Hamabost egunetako ariketa izango da. Hala ere, urteko gainerako 365 egunetan ere euskara erabiltzearen garrantziaren jakitun, erakunde zein eragileek bestelako kanpaina eta baliabideak ere badarabiltzate. Besteak beste, Alkarbide Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak Bizkaiko hainbat udalerritako euskara teknikariekin batera eskuko euskarazko hiztegi txiki bat argitaratu du. Helburua da etorkinei euskara gerturatzea eta egunerokoan erabil ditzaketen berbak eta esamoldeak euskaraz zer-nola esaten diren erakustea, euren integrazioa errazteko.

“Egunerokotasuneko kontuak dira. Agurrak —kaixo, agur, egun on—, denborari lotutakoak, egunero erabiltzen ditugun berbak —eskerrik asko, barkatu. bihar, atzo, goizean, eguerdian—. Eguneroko bizimoduan gehienbat erabiliko dituzten berbak dira: urrun, hurbil, behean, goian, autoa, kamioia…” Alkabide bilguneko kide Mirari Erkiagak eman ditu azalpenak.

Euskara, gaztelera, ingelesa, frantsesa, portugesa, arabiera, txinera, errumaniera eta wolofa hizkuntzak jaso dituzte hiztegian. Abanto, Zornotza, Berango, Berriz, Elorrio, Etxebarri, Ermua, Gernika-Lumo, Lekeitio, Leioa eta Ortuellako udaletako euskara zerbitzuek eskatu diete hiztegia, eta horiei denei banatu diete. Erkiagaren esanetan, “etorkinei harrera zerbitzuetan eskaintzeko baliabidea da, eurek eskura izan dezaten zerbitzua. Baita euskara zeharka sartzeko ere”.

Denak, ondo etorriak

Hiztegiaren lehen atalean azalpentxo batean jaso dute euskarak ez duela inor baztertzen: “Euskarak ez du inor arrotz eta hemen denok gara etorkin”, dio. “Batzuk duela hamar mende heldu ginen, beste batzuk orain dela bi minutu; eta beste asko, berriz, bidean gatoz. Ondo etorri, denok”.

Hiztegiak udaletara iristen direnean, udal bakoitzak erabakitzen du zer erabilera ematen dien eta zer-nola egiten duen zabalkundea. Elorrioko Udalean, esaterako, Herritarren Arretarako Zerbitzuan zabalduko dute, Berdintasun eta Ongizate sailen bitartez, Bittor Uriarte euskara saileko teknikariak azaldu duenez: “Beste batzuk Caritasen bitartez zabalduko ditugu, eta gainerakoak, errefortzu saioak deritzoten jarduerak aprobetxatuta. Bertara doazen ikasleen bitartez gurasoen artean banatzea da asmoa”.

Uriartek uste du “tresna baliagarria” direla euskararen erabilera sustatzeko. “Hitz gutxi batzuk, oinarrizkoenak, ikasiz gero, beharbada jendea animatu egingo da gehiago sakontzera. Hemen garrantzitsua dira errefortzu saioetara joaten diren umeen gurasoak”.

Hiztegian atalka jasota daude eguneroko bizimoduan erabiltzen diren esamoldeak. Tartean daude garraioari, denborari, leku izenei, etxebizitzako kontuei, orduei, jan-edanei zein agurtzeko erabiltzen diren esamoldeei buruzko adierak. Hain zuzen, hamalau ataletan banatuta dago hiztegia: agurrak, denbora, norabideak, ohiko hitzak, garraioak, pertsonak, jatekoak eta edatekoak, egunak, zenbakiak, etxea, lekuak, dirua, sorlekuak eta komunikazio euskarriak.

Agurren artean aurkitu daitezke, bai, ez, mesedez edota eskerrik asko, besteak beste; denborari dagokion atalean, gauean, eguerdian edota gaur eta atzo; norabideen atalean, hemen, han edota artez; ohiko hitzen artean, hau, hori, gutxi, zenbat balio du?; garraioen eremuan, autobus geltokia zein azkar; pertsonen atalean, umea edota medikua; jatekoen alorrean, gurina, afaria, ura edota haragia; egunetan, asteko egunak jaso dituzte; zenbakietan, hainbat zifra; etxea atalean, etxeko atalak eta elementuak, besteak beste, mahaia, edota sardexka; lekuen alorrean, ospitalea edota hotela; diruari dagokionez, euroak, garestia edota merkea; sorlekuetan, nazioa zein aberria ageri dira, eta, komunikazioetan, egunkaria, eskutitza zein karneta. Euskararen kasuan, euskara batua eta mendebaldeko hizkeran erabiltzen diren adierak ere jaso dituzte.

Alkarbide Bizkaiko euskara zerbitzuko ordezkariak azaldu du euskara teknikariek ontzat jo ohi dutela hiztegia bera. “Duela urte batzuk ere egon zen martxan, eta, aurten, teknikariek berriro eskatu digute argitaratzeko, eta eskaini egin diegu”, esan du Erkiagak.