Olatz Silva Rodrigo
Nabarmen aldatu da Trapagarango Zugaztieta auzoko paisaia azkeneko mendeetan. Europako burdin meatze garrantzitsuenetarikoa zena, putzuz betetako parke bihurtu da. “Ustiapena bertan behera gelditu zenean, tokiak aurretik izan zuen kolore berdea berreskuratu zuen”, adierazi du Guillermo Olmo eskultore eta auzokideak. Nahiz eta orain Gipuzkoan bizi den, bizitza osoa eman du Zugaztietan. “Euskal Herriko paraje ederrenetarikoa sortu zen”.
Ustiapenaren amaierak eragindako paisaia aprobetxatuz, eskultura parke bat sortu zuten aire zabalean: “2007an, hamar eskultura inguru jarri genituen”. Olmo izan zen sortzaileetariko bat. Gaur egun, hamasei eskultura daude parkean, beste horrenbeste eskultorek eginda. “Obra bat, eskultore bat”. Meatzalde Goikoa du izena parkeak.
Bi kilometroko ibilbideak hamasei eskulturak lotzen ditu. Olmoren ustez, bidea “erraza” da, eta ordu bat baino pixka bat gehiago behar da dena “lasai” ikusteko. “Zugaztieta auzotik aterata, lehenengo eskultura 50 metrora ikus daiteke”. Momentuz, ez dute bisita gidaturik eskaintzen. Hala ere, datorren urtearen hasieran bisitak antolatzen hasteko asmoa dute, “jende askok eskatu baitu”. Ibilbide birtual bat sortzea ere pentsatzen ari dira, “parkean bertan aplikazio baten laguntzaz ibilbidea egin ahal izateko”. Gaur egun, bakoitzak bere kabuz bisitatu dezake, edonoiz.
Euskal Herrian ez zaio eskulturari merezi duen garrantzia ematen, Olmoren arabera. “Aurreko garaietako eskultoreak goraipatzen ditugu, baina momentu honetan sektorean jende asko ari da lanean”, esan du. Kritikatu du administrazioek eta komunikabideek ez dietela eskaintzen nahikoa arreta. Hori dela eta, parkeak euskal eskultoreen “erakusleiho” izan behar duela azpimarratu du. Ikusgaitasuna eman nahi diete eskultoreei, eta, horretarako, parkea handitu nahi dute.
Olmok eskultura bat dauka Meatzalde Goikoan, Albizuri izenekoa. Horrez gain, Euskal Herriko hainbat artistaren eskulturak ikus daitezke: besteak beste, Jasone Irigoien Aiako (Gipuzkoa) artistaren Sustraiak, Victor Arrizabalaga Mañariko eskultorearen Lolita eskultura eta Pablo Juarros Uharteko (Nafarroa) artistaren Errekarriak.
Eskulturak eta iragana
Nestor Basterretxea zenaren azken lana ere bertan dago: Garraxi, lurraren alde. Sei metroko obra da. “Hil aurretik, zorra izan zuen Ama Lur pelikula egin zuen meatze gunearekin”. Olmok azaldu duenez, 1960ko hamarkadan meatzariek oraindik lan egiten zuten, eta Basterretxea harrituta geratu zen haien lan baldintzekin. Pelikula egiteko dirua biltzen ari zela, Gallartako bi meatzarik hileko soldata eman zioten: “Familia haiek, hilabete hartan, bizilagunen laguntzarekin bizi behar izan zuten”. Bizitza osoan “ordaindu gabeko zorra” izan zen hori, eta, zorra kitatzeko, dohaintzan eman zuen bere azken eskultura Basterretxeak.
Eskultore gehienek, Meatzalde Goikorako eskultura egin dutenean, “nolabaiteko harremana” ezarri dute tokiarekin. Izan ere, Olmoren iritziz, parkeak garrantzia du Meatzalde osorako: “Meatzaritzarekin lotutako iragana du tokiak, eta hori islatzen du parkeak, baita izenean ere”. Are gehiago, nabarmendu du bertan aldarrikatu zituztela erreforma sozial guztiak: “Orain dugun ongizatea XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran eskubide sozial horien alde borrokan aritu ziren meatzariei esker lortu dugu, hala nola berrogei orduko lanaldia”.