A. Igartua Aristondo
Bilboko Zazpikaleak multzo historiko-artistiko izendatu zituzten 1972an, eta ordutik askotariko babes mailak aitortu izan zaizkio. Legez babestuta daude hango elementuak, eta sare horrek eragina izaten du auzokoengan, batzuetan. Alabaina, legea ez da beti betearazten, edo ez zorroztasun berarekin, behintzat, Alberto Gomez Bihotzean Zazpikaleetako auzo elkarteko presidentearen arabera.
Auzokideek etxean obrak egiten sumatzen dute lege babesa, batez ere. “Adibidez, ezin dituzu etxeko leihoak aldatu eta beste kolore batekoak jarri, ezin duzu egitura ukitu, leiho berririk ireki… Horretan du eraginik handiena”, azaldu du Gomezek. Elementuaren diseinuari eta materialei dagokienez, jatorrizkoak errespetatu behar dira, osotasunari bere hartan eusteko. “Leihoek egurrezkoak izan behar dute, ezin da beste materialik jarri”.
Horrez gain, etxean moldaketaren bat egiteko, baimena eskatu behar diote Surbisari, hiri zaharberritzeaz arduratzen den Bilboko Udaleko enpresari, hain zuzen; halaber, hark bermatu behar du obrak arauak betetzen dituela. Neurriengatik, obrak garestiago atera ohi zaizkie.
Negozioek ere badituzte mugak, araudiaren arabera. Gomezek azaldu duenez, saltokiek ezin dituzte promozioetako elementuak jarri hormetan, ezta elementu deigarriak ere, eta, koloreei dagokienez, osotasuna zaindu behar dute, orobat. Baina, halakoetan, legea ez da hain zorrotz betetzen. “Irudipena dugu batzuetan aplikatzen dela, eta beste batzuetan, ez. Adibidez, denda askok eta ostalaritzak erabiltzen dituzte hormetan jartzeko elementuak”. Taberna eta jatetxe batzuek argidun kartelak dituzte, esaterako, eta, pandemiaz geroztik, ika-mikak izan dituzte horietako batzuekin, terrazak direla eta. “Terraza oso handiak ipini zituzten, hainbat koloretakoak; elkartearen kexaren ondoren, erregulatu dute, eta kolore berekoak izan behar dute orain”.
Zakarrontziak jartzeko orduan ere, ez da kontuan hartzen araudia, bozeramailearen irudiko. “Babesa ez da ondo kudeatzen. Arauek ez dute eragin handirik auzoa politago egon dadin”. Hori hala, auzokideek kontrol handiagoa eskatzen dute. “Zorrotzago jokatu beharko litzateke”.
Turismorako mugarik ez
Zazpikaleen eraberritzea izan zen mehatxu nagusia multzo historiko-artistiko izendatzeko garaian, baina, orain, beste arrisku batzuk gailendu dira. Turismoa da horietako bat. “Bilboko alde zaharra ez dago Donostiakoaren edo Baionakoaren egoera berean, baina ikusten ari gara joera bera hartu duela”, adierazi du Gomezek. Horren harira, ordea, babes txikia dagoela dio. “Ez dago azterketa minimo bat, beste leku horietan izandako ondorioak hemen gertatu ez daitezen”.
Baina, ostera ere, arazoa ez dago araudian, haren aplikazioan baizik. “Balio dezake turismoaren ondorioetatik babesteko, baina ez da horretarako erabiltzen”. Kontrara, “erakarpen” moduan funtzionatzen du multzo historiko-artistikoaren izendapenak. “Turismo gehiago erakartzeko erabiltzen da, kontrol barik, edo bere eraginak aztertu barik”.