Metroaren laugarren linearako jatorrizko ibilbidea eskatu dute

Metroaren laugarren linearako jatorrizko ibilbidea eskatu dute

Ibai Maruri Bilbao

Bilboko metroa hiriburuko hegoaldeko auzoetara eroatearen aldeko plataformak erakundeei eskatu die laugarren linearentzat diseinatu zuten lehen ibilbidera itzultzeko berriz ere. Iazko neguan, Euskal Trenbide Sarea sozietate publikoak beste ibilbide bat proposatu zuen, Feveren egungo ibilbidea aprobetxatuta, eta ordura artekoa baztertu. Plataformakoek ohartarazi zuten gurago zutela hasierako proiektua, Matiko, Moyua eta Errekalde lotuko zituen laugarren linearena. Baina Jaurlaritzatik diseinatutako berri hura onartzeko prest agertu ziren, hobekuntza batzuk eginez gero. Orain salatu dute ez dietela onartu proiektua “hobetzeko” egindako 3.378 ekarpenetatik bat bera ere, eta erabaki dute hasierako ibilbidea defendatzea. Auzoko bizilagun eta eragileen artean egoera aztertzen ari dira egunotan, eta esan dute aurki mobilizazioak hasiko dituztela.

“Adarra jotzen ari zaizkigula iruditzen zaigu”, esan du plataformako kide Asier Orbeak. Arrazoi bi eman ditu hasierako ibilbidea eskatzeko. Batetik, haiek eskatutako hobekuntzak egin ezean, uste dutelako ez dituela auzo horietako bizilagunen premiak behar bezala aseko. Horietako bat da Basurtuko geltokia lekuz aldatzea: berrehun metro iparralderago eroateko eskatu dute, San Mamesko geltoki intermodalarekin lotzeko. “Abandora joateko baditugu lehendik ere Feveren trena, Renferena eta autobusak, baina auzotik ez dugu modurik San Mamesko geltoki intermodalera joateko, eta gure eguneroko bizitzan ezinbestekoa dugu han lehen edo bigarren lineak hartzeko: unibertsitatera joateko, industrialdeetara, Ezkerraldeko edo Eskuinaldeko herri handietara…”. Abandon ere izango lukete linea aldatzeko aukera, baina iruditzen zaie “zentzugabea” dela mendebaldetik ekialderantz egitea soilik linea aldatzeko, gero mendebalderantz itzultzeko bueltan, joan nahi duten lekura. “Denbora galduko genuke”.

Beste eskaera nagusi bat ere izan dute: Juan Garai kalean metrorako sarbide bat jartzea, San Adriango eta Miribillako bizilagunek ere erabili ahal izateko laugarren linea. Hartara, hegoaldeko auzo guztientzat izango litzateke, eta 70.000 herritarri emango lioke zerbitzu. Orbearen esanetan, Bizkaian ez dago halako beste pertsona talde handirik metro zerbitzua ez duenik. “Gaur egun, Miribillako bizilagunek Zazpikaleetara joan behar dute metroa hartzera. Jaitsi erraz egiten da, baina igotzeko gogorra da mugikortasun arazoak badituzu edo kargatuta baldin bazoaz”, esan du Orbeak. Baina proiektuan jasota ez dagoen geltoki hori gehitzea ere ez diete onartu.

Eskaerak baztertzeaz gain, bada Matiko-Moyua-Errekalde ibilbidearen aldeko apustua egiteko beste arrazoi bat: Feveren linea oraindik ere Espainiako Gobernuarena da. Gernikako Estatutua betetzeko negoziazioetan badabiltza eskumen hori negoziatzen. “Zelan proposatu digute oraindik haiena ere ez den azpiegitura bat erabiliko duen proiektua?”, kexatu da Orbea. Lehen fasean autonomia erkidego barruko lineak utziko lituzke Espainiako Gobernuak Jaurlaritzaren esku, eta, kasu honetan, Feveren lineak baditu Balmasedara arteko trenak, baina bide beretik joaten dira Leonerakoak (Espainia) ere. Beraz, Orbeak zalantza egin du linea hori noiz geratuko litzatekeen Jaurlaritzaren esku. Gainera, laugarren linea horrek abiadura handiko trenarekin partekatuko lituzke ibilbidearen zati bat eta Abandoko geltokia, eta oraindik AHTaren Bilborako sarbideak proiekturik ere ez du prest. “Noiz arte itxaron beharko genuke obrak hasteko? Noizko bukatuko lukete? Hogei urte barrurako?”.

Bilbotik Alonsotegira

Bilboko Abandoko tren geltokitik Alonsotegiko Irauregikora joango da linea berria, Eusko Trenbide Sareak diseinatutako azken proiektuaren arabera. Obra etapa bitan egitea da erakundeen asmoa: lehenengoa, Bilbokoa, Abandotik Zorrotzara doana; bigarrena, Zorrotzatik Alonsotegirakoa. Lehenengo zatian bost minutuero igaroko litzateke trena; bigarrenean, hamabostero. Bilboko tarterako osatu ziren A eta B aukerak, eta Bilboko Irala, Errekalde, Basurtu eta Zorrotza auzoetako bizilagunek bien artean erabaki behar izan zuten. A alternatibak Feveren bideari saihesbide bat egitea proposatzen zuen: Basurtu eta Abando artean eraikiko litzateke, Iralatik eta Errekaldetik igaroko litzateke, eta bi auzo horietan geltoki bana izango luke, Ametzolakoaren ordez; B alternatiban, berriz, egungo Feveren ibilbidea oso-osorik errespetatzea zen asmoa, eta lurpeko funikular bidez lotzea Errekalde eta Irala Ametzolako geltokiarekin. Bizilagunek A alternatiba aukeratu zuten, eta hori da orain Euskal Trenbide Sarekoek esku artean duten proiektua.

Berez, hegoaldeko auzo horietara metroaren hirugarren linea iristea izan zen erakundeen lehen asmoa, Otxarkoagarekin lotuta. Baina, gero, haren ibilbidea moldatu, eta laugarrena haiena izango zela hitzeman zieten. “Orain, bosgarren lineak hartu digu aurrea, eta ez dakigu gurea noiz iritsiko den”. Haserre daude Errekalden, Iralan eta inguruetan.