Juan de Diego: “Beren bizitza eman zutenei eskaini nahi nien diskoa”

Juan de Diego: “Beren bizitza eman zutenei eskaini nahi nien diskoa”

A. Igartua Aristondo

Ezaguna du Juan de Diego musikariak (Bilbo, 1968) Elorrioko Arriola antzokiko Jazz Blues jaialdia, egona baita aurretik ere. 33. aldian ere han izango da, talde berriarekin: Grebalariak proiektua aurkeztuko dute gaur zortzi, 20:00etan.

Diskoaren oinarrian gertakari historiko bat dago.

La Canadenca konpainia elektrikoko greba izugarria, orain dela ehun urte pasatxo gertatu zena, 1919an, Bartzelonan. Konpainian hasi zen, eta gero Bartzelona osora zabaldu zen: istilu oso handiak izan ziren, 40-50 egunekoak. Azkenean, armada sartu zen, tanke eta guzti; hildakoak izan ziren, baita atxilotuak ere. Lortu zen, besteak beste, lanaldi osoa zortzi ordukoa izatea.

Zergatik aukeratu duzu oinarri moduan?

2019an, ehun urte betetzen zirenean, CNTkoek deitu ziguten, urteurrenean jotzeko. Bartzelonako Paralel etorbidean, oraindik badaude zentral termiko horren aztarnak, zentrala itxita egon arren: hiru tximinia geratzen dira. CNTkoek han ospatu zuten gertakizunaren urteurrena. Jo nuen, eta kanta bat idatzi nuen: Greba. Hortik abiatuta, pandemiaren garaian, pentsatu nuen talde berri bat osatzea, proiektu berri bat, eta disko bat grabatzea. Kanta hori abiapuntutzat jo nuen, eta, bide beretik, beste kantak sortu nituen, eta Grebalariak osatu nuen.

Beraz, diskoak badu helburu aldarrikatzailea, ezta?

Bai. Nahiz eta gero beste kantak dauden; musika unibertsala da. Errekonozimendu kontu bat da: beren bizitza eta osasuna eman zutenei eskaini nahi nien lana. Gure lanaldiari eusten ari gara, eta jende askok ez daki zer gertatu zen orain dela ehun urte, eta zelakoak izan ziren halako grebak eta istiluak. Batzuetan pentsatzen dugu gauzak mesedez eskatu behar direla, baina badakigu estatuaren aurrean batzuetan ez dela nahikoa mesedez eskatzea.

Estilo aldetik, zer-nolakoak dira kanta horiek?

Estiloa jazza da. Neure kutsuarekin, jakina, nik idatzitako hamar kanta baitira; nire ibilbideari eusten diot. Aurreko diskoak entzun dituenari gertukoa egingo zaio, nik uste. Baina, oraingoan, apur bat aldatu ditut nire aurreko diskoetako eta taldeetako musika tresnak. Tradiziozko laukotearekin egin dut diskoa: pianoa, kontrabaxua, bateria eta tronpeta. Alde horretatik, nahiz eta tradizionala izan, izan daiteke apur bat jantzia. Baina, azkenean, nire kantak egin ditut, nik daukadan oinarriarekin, jakina; horri ezin diot ihes egin.

Zer-nolakoa izango da Arriolako kontzertua? Zer espero duzu?

Espero dut gure taldea aurkeztea, jendeari gure musika eramatea: hori ja guretzat beti da pozgarria. Joan den urtean grabatu genuen diskoa, ibilbidea badugu, hainbat jazzaldi eta kontzertutan egon gara Bartzelonan, Euskal Herrian… Egin dugun eboluzioa ere zabaldu nahi dugu: beste kanta batzuk aurkeztuko ditugu.

Adibidez?

Kataluniako Filmotekan pelikula mutu bat berreskuratu dute, La montagne infidèle, Jean Epsteinena, 1923 urtekoa. Horri zuzenean musika jartzen ibili gara orain. Kanta batzuk idatzi nituen; zuzenekoa oso polita izan zen. Horko abestiren bat ere eramango dugu. Baina, jakina, diskoaren kantak izango dira oinarria. Ni Bartzelonan bizi naiz; Euskal Herrira bueltatzea eta barne-barneko proiektua hemen aurkeztea beti da pozgarria.

Argazkian, Grebalariak taldea. Eskuinetik bigarrena da Juan de Diego. / Arriola antzokia