Itsasoari begira

Itsasoari begira

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko jaunak Bilboko portuari hiribildu gutuna ematean sortu zen hiriburua, eta, ordutik, itsasoari lotuta egon da haren bilakaera. “Lehorraren eta itsasoaren arteko bidegurutzean sortu zen”, azaldu du Jon Ruiperez Bilboko Itsasmuseumeko zuzendariak. Bizkaia, oro har, itsasoari estu lotuta bizi izan da Antzinatetik. Herrialdeko itsas kultura, ondarea eta memoria babesteko, berreskuratzeko eta sustatzeko sortu zuten fundazioa lehenengo, eta museoa gero. Hilaren 20an hemeretzi urte beteko dira ateak zabaldu zituztenetik.

Oraindik museo gaztea direla azpimarratu du Ruiperezek. Hamarkada bi hauetan haziz joan dira, bilduma osatuz, erakusketa iraunkorra hobetuz. Aldi baterako erakusketak ere taxutzen dituzte. “Gero eta handiagoa egiten ari da museoa”. Hiru atal ditu: kanpoko dikea, museo formala eta Erain Erriberako zur tailerra. “Azken horrek harridura sortzen du, normalean jendeak ez duelako espero horrelako tailer bat aurkitzea. Hor azaltzen dugu Bizkaiko kostaldean XX. mendean zelako ogibidea egon den zur industrian.

Erakusketa iraunkorrean ibilbide bat proposatzen dute, historikoa eta tematikoa. “Mendeetan zehar gaur egunera arte itsasoarekin izan dugun lotura guztia kontatzen da. Besteak beste, bisitariek aurkituko dituzte itsasoarekin lotura duten erakundeak, Bilboko Kontsulatua, kasurako, itsasoaren inguruko sinesmenak, merkataritza, industria eta Bilboko Portuaren ingurukoa”. Herrialde historikoaren eta itsasoaren arteko harremana aldatuz joan da denboran. Azken hamarkadetan kirolerako leku ere bihurtu da. Horregatik, arraunak, belak eta surfak euren lekua dute erakusketa iraunkorrean. “Gure museoan badugu joera ez hitz egiteko bakarrik iraganaren inguruan, orainaldia ere jorratzen dugu, eta orain kirolak garrantzi oso handia du itsasoarekin dugun harremanean”, azaldu du museoko zuzendariak.

Itsamuseum

Gazteak, erronka

Egun ikusgai dagoen aldi baterako erakusketetako bat Surfing Euskadi da, eta kirol horrek Euskal Herrian izan duen bilakaera kontatzen dute, besteak beste. Itsasmuseumeko komunikazio arduradun Leire Aurrekoetxearen esanetan, “arrakastatsua” da, gazte asko erakartzen dituelako: “Euskal Herriko surflari askok haiena egin dute erakusketa, eta kontatu egin dute erakusketa hau dagoena, eta zale asko etorri dira ikustera; batez ere, gazteak”. Surflarien objektuak ikus daitezke; besteak beste, oholak. Baina aurpegiak ere bai, eta horrekin gertutasuna eman nahi izan diote.

Aurrekoetxeak aitortu du Itsasmuseumentzat erronka nagusietakoa dela gazteak erakartzea. Izan ere, eskoletatik 10.000 ume inguru etortzen zaizkie urtean museoa ezagutzera. Familien eta turisten bisitak ere jasotzen dituzte; batez ere, asteburuetan. “Gazteengana heltzea zailagoa da. Batzuetan, zuzeneko musikarekin egiten ditugu jarduerak, eta orduan lortzen dugu, baina ez da batere erraza”.

Museoa bat da, baina bisitari bakoitzari esperientzia ezberdin bat eskaintzen diotela esan du komunikazio arduradunak. Esaterako, zapatu eta domeka goizetan umeentzako tailerrak eskaintzen dituzte; arratsaldeetan, berriz, beren-beregi familientzat prestatutako bisitak egoten dira. XIX. mendeko bukaerako Bilbon girotutako ihes gela batean ere parte har daiteke asteburu arratsaldeetan, eta kontrabandoan dabilen atzerriko kapitain baten inguruko ikerketan.

Aurrekoetxeak esan du askotan familientzat museoaren kanpoko aldean gertatzen diren gauzak ere oso garrantzitsuak direla. Han dago, berbarako, Karola garabia, Itsasmuseumeko ikur dena, eta bariku eta zapatu gauetan Karolaren arima izeneko esku hartze artistikoaz gozatzeko aukera egoten da. Mundu osotik itsasontzi ikusgarriak ere etortzen dira tarteka, eta moilan egoten dira lotuta bisitariek ezagut ditzaten. Orain, Atila izeneko eskolaontzia dago. Apirilera arte egongo da Bilbon. Zapatuetan edonork bisita dezake. “Gure zabalgune honetan gauza asko gertatzen dira, eta jende asko pasatzen da hemendik”.