Enkarterriko txarriboda

Hotzarekin batera garatzen ziren garai bateko ohiturak, naturak emandako elikagai urriak kontserbatu egin behar baitziren. Auzolana ezinbestekoa zen txarribodan, baita ongi zehaztutako ordutegia eta lanaren banaketa ere. Aho guztietatik ateratzen zen lehenengo orduetako arnas lurruna izerdia bilakatzen zen eguna aurrera joan ahala. Gorputzak artega, egun berean jokoan baitziren hurrengo hilabeteetako otordu asko.

Dena dela, askoz gutxiago badira ere, badaude ohitura mantentzen direnak bere osotasunean zein haragia baino erosten ez dutenak txorizoak prestatzeko, odolkiak agian. Inguruan geratzen diren baserritar apurrei erostea iragan hurbil horrekin lotzeko modu bat da.

Kroketak, bexamela, xumea etxea. Gertukoa, hurbila, adierazgarria eta esanguratsua. Pauso bakoitzak arreta eskatzen du. Xarma ondo prijituta daudenean. Ezin huts egin uneren batean; bestela, akabo. Askotan beste garai batera eramaten gaituzte; beste oroipen eta maitasun batzuk. Su motelean baina pausoz pauso heldu da Enkarterri gaur egungo egoera honetara, hasiera batean bateraezinak ematen dituzten ekaiak uztartuz ontzi egokian eta mugimendu aproposekin. Tankera horretan agertzen zaizkigu oroitzapenak, baita Kolitzapetik hedatzen den eskualdea ulertu nahi dugunean ere.

Beraz, azaroko itzal luzeak, etzanda eta nagituta altxatzeko dagoen eguzkiak sortzen dituenak, garaiarekin bat datozen itzalak dira. Egungo argi izpiak ezin dute saihestu erdian mantentzen dutena. Garai bateko eraikinak zein lurraldea hutsik geratu dira, ikerketa sakona eskatzen duen Enkarterrin. Agintariek 1990eko hamarkadan hartu zituzten erabakiek hobeto azaltzen dute gaur egungo egoera, historiako aztarnek baino. Enkartberriak aldizkariak jaso zituen horietako asko 1990-1998 artean, baina ez du inork digitalizatzeko interesik guztion eskura egon daitezen.

Garai hartan erabaki zuen Alonsotegik Bilbo handitzea. 2000ko hamarkadan hautatu zuen Zalla “Bilboko auzorik ederrena” izatea. Karrantzako zein Artzentalesko biztanleek erabaki zuten eskolak defendatzea; txikiak diren arren, herrietako birikak dira. Esanguratsua da nola oraindik ere ez daukagun Lanbide Heziketa publikoa eskualde honetan. Nola ezagutu ditugun krisi guztietan fakturatu dutenak Elizarekin zerikusirik dutenak izan diren. Etorkizuneko irtenbidea egurrarekin lotu, zein sukaldaritzarekin.

Aurreko ostiralean agertu zen Bizkaiko Hitza-ren orriotan Enkarterri ikertzeko gaia hartzen duen egitasmo baten berri, Arantzazu Luzarragak gidatua, hausnartzeko pandemiaz geroztik aldiri bilakatu den landa eremuaz. Ezin da balio bakarra izan Bilbotik gertu egotea. Nola indianoen etxeak eta Erdi Aroko dorretxeak hala eskualdea bera, turistentzako kutxa hutsak, Pandorarenak baino itxaropen txikiagoa sortzen dutenak.

Odolusten dena odolki gozoak sortzeko balio du, baina ez da berez gertatzen den anatomiaren funtzioetako bat.