Boluntariotza arlo denetara irekitzeko bidea hasi du Bizkaia Garak

Boluntariotza arlo denetara irekitzeko bidea hasi du Bizkaia Garak

Natalia Salazar Orbe

Bizkaiko Foru Aldundiak, EDE Fundazioak eta BBK-k babesten zuten Boluntaren lekukoa hartuta jaio da Bizkaia Gara egitasmoa. Joan den astean aurkeztu zuten. Sustatzaileek definitu duten moduan, herritarren ekintzarako, boluntariotzarako eta pertsonen, kolektiboen eta erakundeen zerbitzurako gizarte partaidetzarako agentzia berria da. Entitate horien guztien “konektorea” izateko sortu da proiektua.

Hain zuzen, Leire Ortiz de Zarate Bizkaia Garako koordinatzaileak azaldu duenez, Bolunta duela hogei urte sortu zenean helburua zen “Bizkaiko gizarte arloko elkarteak sustatzea”. Hori izan da bere lanik “garrantzitsuena”. “Orain, pauso bat gehiago eman dezakegu: kultura, kirola, enpresa eta bestelako sektore guztiekin lanean hasi behar dugu”.

Ibilbidea hasi besterik ez dute egin. “Boluntarekin egiten genituen gauza batzuk mantentzen ditugu, baina gure begirada zabaldu egin da orain, eta aurrerantzean proiektu gehiago egongo dira”, esan du Ortiz de Zaratek. Aurten hainbat sektorerekin batzartzen egon dira, “aurkezten zer den Bizkaia Gara, aztertzen zer egin daitekeen elkarrekin”.

Dena den, hirugarren sektorearekin egin duten lanari eutsiko diotela azaldu du Ortiz de Zaratek: “Proiektu sozialak egiten jarraituko dugu”. Orain artean, proiektu bat eskatzen zuten eragileen zain egoten ziren. Aurrerantzean, Bizkaitik mugituko direla iragarri du. “Bizkaiko udalerri guztiekin egon nahi dugu”. Ideiak jaso nahi dituzte, denetarikoak, antzematen diren beharrei erantzuna emateko. Behar horiek eta horiei erantzuteko prest dauden esparruak konektatuko ditu Bizkaia Gara egitasmoak.

Laguntza eskaintza eta eskaria harremanetan jartzeko bidea izan nahi du Bizkaia Garak. Gizarte entitateak, enpresak eta norbanako anonimoak jarriko ditu harremanetan. Jon Mantzizidor EDE Fundazioko presidentearen arabera, “Bizkaiak erakutsi du lurralde solidarioa dela”. Pandemia garaiak hori argi utzi duela uste du. “Orain, harreman horiek beste espazio batzuetara eraman behar ditugu, eta Bizkaia are solidarioagoa eraikiko dugu”.

Ortiz de Zaratek esan du bi aste barru bilera bat egingo dutela udalekin. “Ikusiko dugu herrietan zer beharrizan dauden eta zer-nola aktiba ditzakegun herrietako arlo guztietako ordezkariak”. Herriek erabakitzen duten proiektuaren inguruan egingo dute lanketa: ingurumena, bakardadea, gazteria zein beste arlo bati zuzendutako proiektuak martxan jartzea da asmoa.

Zenbait sektoretan aurkitu dute Boluntak planteatzen zuen lan egiteko moduarekin ez zirela identifikatuta sentitzen: “Militantzia gisa identifikatzen zuten euren lana. Esaterako, herri bateko euskara taldean aritzen zenak ez zeukan bere burua boluntario bezala. Bizkaia Garak mezu hori ere zabaldu nahi du; errelatoa aldatuz joan nahi du. Horretarako denbora behar da, ordea”, azaldu du koordinatzaileak. Hala ere, argi utzi nahi izan du proposatzen duten boluntariotzaren helburua ez dela militantzia ordezkatzea: “Boluntario zein militante sentitu, asmoa da denok aurkitzea leku batean, bakoitzak nahi duen esparrutik eta bere burua kokatu nahi duen lekutik”.

Esparru denetara begira

Boluntaren lana orain artean gizarte arloko elkarteetara oso mugatuta egon dela ekarri du gogora Ortiz de Zaratek. Aurrerantzean gauzak aldatu egingo direla iragarri du: “Orain da garaia beste esparru batzuetara zabaltzeko eta pertsona guztiek sentitzeko gai garela, bakoitzak nahi duenetik, ekarpena egiteko”.

Danel Alberdi da Bizkaia Garako beste koordinatzailea. Haren arabera, “sareak sortu” behar dituzte. “Mugimendua gara, ekintza, laguntza, bozgoragailua eta babesa eman behar diegu denen ongia helburu duten egitasmo guztiei”. Denetariko proposamenei zabaldu dizkiete ateak.