Ibai Maruri Bilbao Amaia Igartua Aristondo
Mungian, Lore Jokoen jaia ospatu zuten joan den domekan, urriko azken domekan egin ohi duten legez: aurtengoan bendejerak omendu dituzte, ortuko produktuak hartu eta asteroko azokara saltzera joaten ziren emakumeak. Sasoi batean haien bizimodua zelakoa zen antzeztu dute, besteak beste. Gutxi badira ere, oraindik ere joan ohi dira Mungiara barikuetan, eta Gernika-Lumora astelehenetan. Asteongoa berezia izan da Gernikan, urriko azkena, urteko garrantzitsuena. Saltzailez lepo bete dira herriko kaleak. Urte osoan astero Merkatu plazan egoten direnak askoz gutxiago dira. Bai Mungian, bai Gernikan, emakumeak dira saltzaile gehienak. Dena den, Bizkaiko Foru Aldundiak egindako azterlan batek hautsi egin du andre baserritarrei lotutako uste oker bat: salmentan baino gehiago, ekoizten egiten dute lan; hau da, erdiak baino gutxiago ibiltzen dira saltzen.
Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak landa inguruan behar egiten duten 1.431 andre elkarrizketatu ditu ikerketarako. Amaia Antxustegi foru diputatuak esan du andre horien errealitatea zein den jakiteak aukera ematen diela haien sailetik garatzen dituzten politikak baserritarron beharretara egokitzeko. “Haien begien bidez aurkitu ditzakegu sendotu behar ditugun indarguneak eta gainditu behar diren ahuleziak”. Soslai bat egiten ahalegindu dira: hamarretik zazpi ustiategiaren jabeak dira; batez beste, 27 urte daroate lan horretan beharrean; batez ere, familia tradizioagatik hasi ziren, eta bizi kalitatea “oso ona edo nahiko ona” dutela uste dute.
Azoketan ikusten den legez, saltzen ibiltzen diren andre gehienak ez dira gazteak izaten, eta, azterlanaren arabera, baserrian beharrean ibiltzen direnak ere ez: batez beste, 58,27 urte dituzte. Beraz, azterlanak argi utzi duenez, emakume gazteak nekazaritzara erakartzea egiteko dago oraindik. Diputatuaren esanetan, belaunaldi berriak sektorera erakartzea eta kontziliazioa dira erronka nagusiak. Iratxe Martinezek Garain du ustiategia; 47 urte ditu. Haren arabera, “oso zaila” da lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitea. Kontatu du zorionez eskolako autobusa etxera joaten zaiola, eta horrek “asko” errazten dizkiola egitekoak. Baina azaldu du beste andre batzuek lana utzi behar izaten dutela umeak eskolara eroateko. Azterlanaren arabera, andreon %32k baino ez dute jakin amatasun baimena hartzeko edo ordezkoak eskatzeko eskubidea dutela. %8,5ek baino ez dute eskatu. Martinezen esanetan, beti gerta daiteke kontziliazioa oztopatu dezakeen zerbait: “Animaliaren batek hanka apur dezake, edo makinaren bat matxuratu daiteke. Horrek ezinbestean lanorduak luzatzea ekar lezake, eta aukera bakarra atsedenari orduak kentzea izaten da”.
Hamarretik ia zortzik esan dute euren jarduera nagusia ez dela nekazaritza; beste bat dute ogibidea. Muxikako Elbi Inza, berbarako, jostuna izandakoa da. 40 urterekin hasi zen ortua egiten, bere amak utzi zuenean. Orain, 70 urte ditu, eta etxerako eta astelehenetan Gernikako plazara produktuak eroateko baino ez du ekoizten. “Nire senarra kamioilari izandakoa da, eta haren soldatatik bizi izan gara betidanik”. Nekazaritza gogorra dela esan du, handik bizi nahi bada: “Alboan berotegiak dituzten batzuk ditugu, eta haien lana oso esklaboa da. Ordu asko egiten dituzte”.
Landa inguruan lan egiten duten andreen %36,1, ustiategiko beharretan baino ez dira ibiltzen; ez dute nekazaritzari lotutako beste lanik egiten. Euren jarduera ekonomiko nagusia nekazaritza duten andreen kasuan handiagoa da portzentaje hori: %86,3 dira soilik ustiategiko beharretan dabiltzanak; %26,4 pentsiodunak dira; %25,2k nekazaritza edo abeltzaintza ez den beste jarduera batean egiten dute lan, batez ere, eta %10,1 etxeko lanetan ibiltzen dira.
Gehiago dira abeltzainak
Hamarretik lau behi hazkuntzarako eta okelatarako behi azienden arduradunak dira; %11,6k, ardi azienda dute; %7,8k, berotegiko barazkiak ekoizten dituzte, eta beste horrenbestek, aire zabalekoak; %4,1ek esnetarako behiak dituzte. Gehienbat, Enkarterri, Durangalde eta Uribe Butroe eskualdeetan bizi dira.
Andreon %43,8k lehen mailako ikasketak dituzte; %24,4k, lanbide ikasketak, eta %16k, unibertsitate edo goi mailako ikasketak. %38,4k nekazaritza edo abeltzaintza jardueretarako prestakuntza jaso dute, eta jaso duten horiek “oso erabilgarritzat” jo dute. Erdiek baino gehiagok “ondo” edo “nahiko ondo” egiten dute berba euskaraz.