Herritik eta herriarentzat

Herritik eta herriarentzat

Olatz Enzunza Mallona

Ukrainako gerrak agerian utzi du energiaren, hornigaien eta lehengaien arloetan mendekotasun handia dagoela atzerriko herrialdeekin. Baina ez da adibide bakarra: herritarren bizitzan funtsezkoak diren hainbat produktu eta zerbitzu atzerritik inportatzen dira. Egoera iraultzeko asmoz, Leargi energia berriztagarrien komunitatea sortu dute Lea ibarreko mankomunitateko herritarrek. Munitibarko, Aulestiko, Gizaburuagako, Amorotoko eta Mendexako 90 herritar inguru daude proiektuaren atzean, eta enpresa energetiko handiekiko mendekotasuna amaiarazi nahi dute. Goiener taldearen laguntza izan dute ibilbide osoan, eta kooperatiba “mistoa, integrala eta irabazi-asmorik gabekoa” izango dela aurreratu dute.

Energiak “guztiona eta guztiontzat” izan behar duela aldarrikatu du Gaizka Zenarruzabeitia Leargi kooperatibako Kontseilu Arautzaileko kideak: “Energia iturri berriztagarrien, tokikoen eta errespetuzkoen beharrizana dugu”. Izan ere, Zenarruzabeitiak jakinarazi duenez, Euskal Herrian kontsumitzen den energiaren %10 ere ez da bertan ekoizten. Energia berriztagarrietan, berriz, are apalagoa da datu hori. “Egoera irauli nahi dugu, eta nazioarteko enpresa handietara bidaltzen ditugun aberastasun eta onurak bertan geratzea da gure helburu nagusia”.

Lea ibarreko bost udalerritako udalak duela urtebete inguru hasi ziren energia berriztagarrien kooperatiba bat sortzeko ideiari bueltaka. “Jakin-mina edo egonezina zuten mankomunitateko udalek, eta iruditu zitzaien energia berriztagarrien komunitate bat sortzea baliabide polit bat izan litekeela energiaren arazoari aurre egiteko”, kontatu du Zenarruzabeitiak.

Iazko abenduan egin zuten egitasmoaren lehenengo aurkezpen bilera herritarren aurrean, eta, ordutik, hilero-hilero jarraitu dute biltzen. Goiener kooperatibaren laguntza ere izan dute. Energia berriztagarriak ekoizten ditu talde horrek, eta energiaren kontrola berreskuratzeko eta haren garrantziaz jabetzeko sortu zuten, 2012an.

Onura ugari

Lea ibarrean sortu berri den kooperatibaren helburu nagusia soziala izango dela nabarmendu du Zenarruzabeitiak. Hau da, herritarren bizi kalitatea hobetzen saiatuko dira, bereziki: “Argindar hornidura duin bat lortu nahi dugu bazkide guztientzat: herritarren bizi kalitatea hobetu nahi dugu”. Bestalde, “pobrezia energetikoari” aurre egitea ere bada haien asmoa: “Energia kostuak zama handia dira familia batzuentzat, eta konpondu egin nahi dugu hori”.

Hobekuntza horiez gainera, fakturetan ere eragin nabaria izango dela kontatu du Zenarruzabeitiak: “Lehenengo urteetan, instalazioa ordaintzeko erabiliko da aurrezten den diru kopurua. Baina, hortik aurrera, asko merkatuko dira fakturak, eta bezeroek ere nabarituko dute”.

Oraingoz, teknologia bat bera ere baztertuko ez duten arren, energia fotovoltaikoaren aldeko apustua egingo dute: “Dudarik gabe, energia fotovoltaikoa da aukerarik bizkorrena, merkeena eta errentagarriena egun”. Aurrera begira, baina, bestelako aukera batzuk dituzte esku artean: “Errota izandako azpiegitura asko daude inguruan, eta berreskuratzea da asmoa. Horrez gainera, haize errotak ere jarri nahi ditugu eremu haizetsuetan”.

Oraindik ere “egiteko asko” dutela esan du Zenarruzabeitiak, baina gogoz daude, eta helburuak beteko dituztela uste du: “Etenik gabe jarraituko dugu ibarreko burujabetza energetikoan lanean, eta guk behar dugun energia guk geuk sortzen, baita enpresa handiekin dugun mendekotasuna alde batera uzten ere”.

Leargi

Antolakuntza taldea

Leargi kooperatibaren sortzaile diren bazkide guztiak izango dira bazkide kontsumitzaileak, eta, horietako bakoitzak 50 euroko ekarpen ekonomikoa egin beharko du kooperatiba abiatzeko. Gaur-gaurkoz, 90 herritar inguru dira bazkide, eta horietako batzuek Talde Sustatzailea osatzen dute. Hiru multzotan banatuta dago Talde Sustatzailea: horietako batzuk arlo teknikoaz arduratzen dira, eta beste batzuk, arlo juridikoaz; komunikazioari eta antolakuntzari dagokiona da hirugarren atala.

Kontseilu Arautzailea izendatuta daukate jada. Munitibarko, Aulestiko, Gizaburuagako, Amorotoko eta Mendexako hogei ordezkarik osatzen dute: hamabost kontseilukideak izango dira, eta gainontzeko bost kideak, berriz, ordezkoak. Kontseilua osatzeko orduan, herrien arteko “orekari” eustea izan da jarritako baldintza bakarra, eta, hori lortzeko, herri bakoitzeko lau ordezkari hautatu dituzte.