Ibai Maruri Bilbao
Bihotz forma dauka Bilboko alde zaharrak, eta erdian, katedrala dago. “Zazpikaleetako kale guztiak haren bueltan sortzen dira, eta auzoan heren bat betetzen du”, azaldu du Alba Santiago katedraleko bisita turistikoetako arduradunak. Bilboko zaindari Santiago apostoluari eskainita dago. Aurretik leku berean egondako beste bi elizaren oinordekoa da gaur egungo tenplu gotikoa. Zaharrena 1300. urtean Diego Lopez Harokoa Bizkaiko jaunak Bilbori hiribildu gutuna eman aurrekoa da. 1397an hasi ziren hirugarren hori eraikitzen, eta mende oso bat behar izan zuten. 1949tik da Bilboko Elizbarrutiko tenplu nagusia.
Santiagoren esanetan, eliza handiegia da parrokia arrunt bat izateko, baina xumea katedral arranditsu askorekin alderatuz. Han egiten dira auzoko hiletak, ezkontzak eta bateoak, besteak beste. “Gustatzen zait ikustea bizilagunak erosketak egin eta etxera bidean hemendik pasatzen direla, edo eguneroko mezatara datozela. Izan ere, katedrala da, bai, baina parrokia funtzioak ez ditu galdu, eta hori deigarria egiten zaie bisitariei ere”.
Dena den, bere txikitasunean, balio itzela du. 1931n, Espainiako Gobernuak Ondare Artistiko eta Historiko izendatu zuen; 2015ean, Gizateriaren Ondare Unescok. Egungo fatxada nagusia ez da jatorrizkoa; 1880ko eta 1890eko hamarkadetan osorik berreraiki zuten: XVII. mendeko fatxada barroko zaharra kendu eta arrosa leiho gotiko handi bat duena ipini zuten. Ataria lau arkiboltak inguratzen dute, erremate konopiala kukuluan duela. Alboetan San Pedroren eta San Pauloren eskulturak daude. Goian, arrosa leihoa, erromesaren txirla eta Santiagoren gurutzea.
Ate nagusitik du sarrera. Eskumatara dago txartela hartzeko postua ipinita. San Anton eliza bisitatzeko ere balio du; besteak beste, haren azpian topatu diren Bilboko harresi zaharraren aztarnak ikus daitezke hiriburuko armarrian ageri den eliza horretan.
Katedrala Euskal Herriko arte gotikoko eraikin perfektu eta osatuenetako bat da. Hiru nabe ditu, lau zatitan banatuta; girola du kapera nagusiaren atzean. Girolan, zati laukizuzenak eta triangeluarrak txandakatzen dira, Frantziako zenbait eraikinetan bezala, nahiz eta ez izan ohikoa penintsulako arkitektura gotikoan.
1983ko urioletan hondatu egin zen, eta zaharberritu egin zuten. Ordutik, kapera nagusiak ez du erretaularik. “Horri esker, girolako beirateak hobeto ikus daitezke. Gurutzea zintzilik dago. Albo bietako zutabeetan daude Begoñako Amaren eta Santiago apostoluaren irudiak”. Bisitariei deigarri egiten zaiela esan du. Kapera nagusira begiratuta, atzean girolako kaperak ere ikus daitezke. Erdikoan, XV. mendeko eukaristia dorre bat dago. Harekin batera, San Ignazioren eta San Balendin Berriotxoaren irudiak daude. Beste sei kapera daude girolan; zazpi, alboetan; eta sagrarioarena, tenpluaren oinetan.
Ezkutuko altxorrak
Santiagoren ustez, katedralaren altxorretako bat klaustroa da. “Inork ez du espero hor barruan halakorik egotea, bere limoiondo sendoak eta guzti”. Bermeoko frantziskotarren komentukoarekin batera, herrialdeko klaustro gotiko garrantzitsuena da.
Nagusiaz gain, beste sarrera bi daude. Hegoaldeko ataria elizpe itzelean dago. Inguruko lurrak hareatsuak direlako egin zuten hain handia elizpea; tenpluari eusten laguntzeko. Atearen gainean margotutako Bilboko armarria dago. Barruan ere badago beste armarri bat; kasu honetan, Athleticena. Bisitariak topatu behar du non dagoen. Zaharberritze lanetan ibilitako langile batek margotu zuen. Klaustroak beste sarrera bat du: Aingeruarena; garai batean handik sartzen ziren Donejakue bideko erromesak.