Udazkena, arriskutsuena

I. Maruri Bilbao

Inguruko lurraldeetan sute handiak izan dira udan. Berbarako, Nafarroan 15.000 hektarea erre ziren ekainean. Baina, Bizkaian, normalean, irailean hasten da baso suteen arriskurik handieneko sasoia, landareek neguko etenaldia hasten dutenean, eta apirilera arte irauten du, berriro berpiztu arte. Ohikoa izaten da, gainera, tarteka hego haizea bizi ibiltzea: epela izaten da, eta, giroa lehortzeaz gain, tenperatura ere igotzen du.

Suabeago edo gogorrago, aste osoan jo du haizeak hegotik, eta hala egin zuen aurrekoan ere. Iragarpenen arabera, datozen egunetan ere norabide beretik ibiliko da. Alerta laranja ezarrita dago. Irailean, Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunak Bizkaiko Hitza-ri esan zion basoetako sikatea konpontzeko metro koadroko 150 litro euri behar direla. Hau da ordutik Balmasedan bildutakoa: 56 litro, irailean —batez ere, azken astean—, eta 2,6 litro, urrian. Behar denerako, oso gutxi. Beraz, baldintzak ezin hobeak izan dira sua isiotzeko.

Bizkaiko basoak “oso-oso-oso lehor” daude. Hala esan diote Bizkaiko Hitza-ri Baso Ingeniari Teknikoen EAEko Elkargotik: “Aspaldi ez dugu halakorik ikusi: udako muturreko beroaren eta euri faltaren ondorioz, aurreratu egin da udazkena, eta lehenago sikatu da landaredia, lehenago hasi dira hostoak erortzen”.

Foru aldundiak urte osoan ditu baso suteei aurre egiteko baliabideak prest: ehun basozain inguru ibiltzen dira suteak prebenitzeko eta itzaltzeko lanetan. Sute arrisku sasoietan, erretenak indartu egiten dituzte: hiru ez, bost izaten dira. Haietako bakoitzean sei basozain daude. Bi teknikari guardian egoten dira etengabe, baita badaezpadako beste erreten bat ere. Basalaneko beharginak eta foru suhiltzaileak gehituta, beti laurogoei bat lagun egoten dira gertu. Muturreko baldintzak daudenean, ezohiko erretenak ere martxan jartzen dira.

Balmasedako sutea

Epe motzera ez du ganoraz euririk egingo. Dena den, egingo balu ere, asko behar dela ohartarazi dute elkargokoek. Gainera, arazoa ez litzateke egun batetik bestera konponduko: “Euriak giroa freskatzen lagunduko luke, eta arriskua txikituko litzateke. Baina landarediak denbora behar du euria xurgatzeko”. Beraz, kezkaz begiratzen diote gerta daitekeenari. Hala ere, argi utzi dute suteak sortu aurretik itzali behar direla, prebentzio lanaren bidez. Monolaborantzak ere errazten du sua hedatzea, eta, azken hamarkadetan, pinua eta eukaliptoa landatu dituzte, gehienbat. Diputazioaren politikek sustatu duten fenomenoa da, eta orain buelta eman guran dabil.

Prebentzioa basoetan

Inausketak, entresakak egin, sasitzak eta sastrakak garbitu… Urte osoan egin behar dira basoak mantentzeko lanak. Azken batean, suari erregaia kentzea da helburua, indar handiagoa har ez dezan. Diputazioko baso langileek egiten dituzte lanok, eta jabe pribatuentzat ere diru laguntzak egoten dira. Dena den, baso ingeniarien elkargotik esan dute azken urteetan baserriko lana utzi den neurri berean basoak zaintzeari ere utzi diotela jabeetako askok. Gainera, abeltzaintzak eta artzaintzak behera egiteak ere kalte egin dio basoen eta mendien mantentzeari.

Diputazioak suteei aurre egiteko azpiegiturak indartzeko plana du: ur hargune berriak sortu ditu, ur biltegiak eraiki, suebakiak ugaritu eta baso pisten sarea mantentzeko lan egiten du, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak azaldu duenez. Gainera, pisten inbentarioa egin dute: 445 bide nagusi eta bigarren mailako 468 daude; guztira, 2.180 kilometro. Bizkaiko baso suteek ezaugarri jakin batzuk dituzte, eta aurre zelan egin jakiteko prestakuntza jasotzen dute diputazioko beharginek. Atzo jaso zuten, esaterako.