Bizkaiko Foru Aldundiak biogasa sortu nahi du hondakin organikoekin. Haren aurreikuspenak betez gero, 2030ean 59.050 tona hondakin organiko bilduko lirateke urtean —hau da, hondakin guztien %44—. Gaur egungo konpostatze plantak ez dira hainbeste tona tratatzeko gai: 6.000 jaso ditzakete eskualdeetako hiru plantek eta 12.000 Bilboko Artigasen dagoen Bizkaiko Konpostegiak. Horregatik bilatu dute organikoarentzako beste irtenbide bat, Bilbon.
Artisagen bertan eraiki nahi dute biogasa sortzeko planta berria. Urtean 50.000 tona hondakin tratatzeko gaitasuna izango du. 8.500 metro koadroko eremua beteko luke, eta hiru gunetan banatuta egongo da: hondakinen sailkapena egingo den gunea, gasa sortzeko digestioarena eta soberakin solidoekin konposta egitekoa. Urtean, 5,9 milioi metro kubo gas ekoitziko dituzte.
Bizkaiko hondakinak kudeatzen dituen Garbiker foru sozietateak lizitaziora atera du plantaren proiektua eta 50 urterako kudeaketa, 75,6 milioi eurotan. Karrantzako plantaren sustatzaileek esan dute Artigasko plantaren lehiara aurkeztea aztertzen ari direla.