I. Maruri Bilbao
Karrantzako abeltegietatik ateratzen den gehiegizko mindari irtenbide bat emateko proposatu zuten abeltzainek planta bat egitea, 2000. urtean. Horretarako, Karrantzako Minda izeneko enpresa sortu zuten, eta horrek Ade Biotec SM enpresa kontratatu zuen obrak egiteko eta, gerora, planta kudeatzeko. Kostatuta, 2009an hasi ziren eraikitzen. Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 13,5 milioi euroren laguntzak eman zizkioten proiektuari; horietatik hamar pasatxo, obrak hasi aurretik. Diru hori guztia inbertitu ostean, baina, lau horma baino ez ziren eraiki. Eta egin gabeko lanen fakturak ere pasatu zituen enpresak. Hala, erakunde publikoek diru laguntzak emateari utzi zioten. 2010ean bertan behera geratu ziren lanak, ez zutelako aurrera jarraitzeko dirurik. 2011n, hartzekodunen konkurtsora deitu zuen Karrantzako Mindak.
2015ean, planta sustatu zutenak porrotaren erantzule egin zituen konkurtsoaren kudeatzaileak: Martin Askasibar Ade Biotec SM enpresako administratzailea eta proiektua martxan jartzerakoan Jaurlaritzako Nekazaritza Saileko Berrikuntza eta Teknologiaren Garapeneko zuzendaria izandakoa, Jose Luis Portillo Karrantzako orduko alkatea —hilda dago—, Jose Ignacio Muro orduko zinegotzi jeltzalea eta Karrantzako Minda sozietateko zuzendaritzako hiru kide —Angel Maria Ruiz Quintano, Manuel Fisure eta Luis Albisua—. 2017an Bilboko Merkataritza Arloko 2. auzitegiak errugabetu egin zituen, baina 2018an Bizkaiko Auzitegiak, zigortu. Aurten Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du epaia. Bi urtean ezin dituzte besteen ondasunak kudeatu, eta, AdeBiotec SM enpresak ezin badu laguntzetan jasotakoa itzuli, sei zigortuek egin beharko dute: bakoitzak 480.00 eta 2,2 milioi euro artean itzuli behar du.
Akusaziorik ez
Aldi berean, zigor arlotik ere salatu zituzten porrot haren 22 erantzuleak. Diru laguntzen parte batekin geratu izana egotzi zieten. 2014an hasitako auzibidea, baina, artxibatu egin du aurten Balmasedako Auzitegiko epaileak, fiskalak eta Karrantzako Udalak ez dutelako haien aurkako akusaziorik aurkeztu. Beraz, hamarkada bat igarotakoan, aurten zarratu da, behin betiko, Karrantzako Mindako auzia.