Ibai Maruri Bilbao
Azaroan hamahiru urte beteko dira Karrantzan behien mindarekin argindarra sortzeko planta bat eraikitzen hasi zirenetik. Porrot egin zuen proiektuak, auzitara eraman zituzten sustatzaileak, eta mindaren arazoak konponbide barik jarraitzen du. Orain, inbertsiogile pribatu batzuek beste proiektu bat bultzatu gura dute: urriaren 6an sortu zen Karrantza Green Gass sozietatea, eta haien asmoa da mindarekin eta beste hondakin organiko batzuekin biogasa eta ongarria sortzea leku berean. Hamahiru milioi euro inguruko inbertsioa egingo dute.
Nortzuk dira sustatzaileak?
Lurgreen taldea ingurumen ingeniaritzan eta aholkularitzan lan egiten duen enpresa bat da, minda plantetan espezializatua. Aurea Capital Development arrisku funtsak sustatutako Aurea Green Gass taldearekin batera sortu du Lurgreenek Karrantza Green Gass. Ez dute lehen elkarlana: Kantabriako (Espainia) Hazas de Cesto herrian beste planta bat eraikitzen ari dira gaur egun. Javier Gonzalez Sopelana Lurgreeneko zuzendari exekutiboak esan du Bizkaikoa haren antzekoa izango dela.
Zer egingo du planta berri horrek?
Karrantzan sortutako 140.000 tona hondakin organiko bildu nahi ditu enpresak: %85 behi esneen minda izango da, eta gainontzekoa, oiloen zirina, untxien gorotzak, gaztandegi bateko gazura, adar inausiak… Orain, abeltzainekin kontratuak sinatzen ari dira, hondakinak lortzeko. Gonzalezek esan du ez direla 140.000 tona biltzera helduko, agian, baina bai 100.000. Hondakin horiekin lehenengo gasa sortuko dute, eta prozesu horrek utzitako hondakinekin ongarria.
Zer diote abeltzainek?
Sustatzaileek hainbat bilera egin dituzte Karrantzako abeltzainei proiektua azaldu eta haien minda lortzeko. Ekaitz Setienek Sancricesen du abeltegia, eta parte hartzeko asmoa du. Aitortu du abeltzainak beldur direla, aurreko proiektuarekin gertatutakoa berriz errepikatuko den. Haietako batzuek uzkur hartu dute proposamena. Setieni interesgarria iruditu zaio. Uste du abeltzaintzak sortzen duen ingurumen inpaktua txikitzeko eskatuko dietela, gero eta gehiago, eta hori lortzeko bide bat izan daitekeela.
Zer egiten dute gaur egun mindarekin?
Eusko Jaurlaritzak azpikontratatutako enpresa batek biltzen die minda, eta lursailetan banatzen du ongarri modura. Jaurlaritzak diru laguntza bat ematen die, baina urtez urte aldatzen da. Setienek esan du berak ez duela behi askorik, baina lursail asko dituela. 25 egunetik behin edo hilero, 200.000 litro minda sortzen ditu. Horiek bildu eta banatzeko 8-10 ordu behar ditu enpresak, eta orduko 70 euro kobratzen diote. Esan du proiektu berriak eskaintzen dienak kostua apur bat txikitzen lagunduko liekeela.
Zer proposatu die enpresak?
Gonzalezek azaldu duenez, orain arte minda biltzeagatik eta belardietan zabaltzeagatik ordaintzen zuten abeltzainek; eurei biltzea baino ez diete ordaindu beharko, eta horrek merkatuko luke prezioa. Tona bat mindako, hamahiru euro ordainduko dizkiete. “Baina esan digute ustiategiak banan-banan aztertu behar dituztela. Ez da gauza bera plantatik bost kilometrora edo 25 kilometrora egotea”, esan du Setienek. Baldintza batzuk ere ipini dizkiete; esaterako, plantara joango den mindak bost egunez aparte egon behar du bildua. “Nik biltegi bi ditut, eta erabil ditzaket bat nik belardiak ongarritzeko eta bestea plantarako, baina abeltzain askok bakarra dute eta ez dute non gorde aparte. Agian, inbertsio bat egin beharko dute, eta ez dakit kasu guztietan egiteko moduan egongo diren”, azaldu du abeltzainak.
Zelan sortuko da gasa?
Materia organikoarekin digestio anaerobikoa eginez sortuko dute gasa. Urtean sei miloi metro kubo biogas lortuko lituzkete. Baina gas horrek ez du balio hornidura sarera sartzeko. Digestio horretatik lortu den gasaren %40 CO2a da, eta hori kendu behar diote, upgrading izeneko sistema batekin. Behin prozesu hori eginda, urtean 31 gigawatt biogas lortuko lukete. Haien asmoa da hornidura hoditeriarekin lotzea. Arazoa da lotunea plantatik hamalau kilometrora dagoela, Kantabriako Ampuero herrian. Gas banaketa enpresekin ari dira negoziatzen, horri zer konponbide eman ahal dioten. Lortuko dutela espero du Gonzalezek; oso seguru agertu da. Gas horrek 4.500 etxe berotuko lituzke, haren arabera.
Bestela, badute alternatiba: BioGNLa sortuko lukete. Gas likidotua da. Santanderko (Kantabria) eta Bilboko portuetatik irteten diren ferryek erabiltzen duten erregaia dela esan du Gonzalezek: “Sortuko genukeen guztia kontsumituko lukete”. BioGNL hori, baina, kamioiz eroan beharko lukete portu bietara. Haien kalkuluen arabera, astean hiruzpalau kamioi irtengo lirateke plantatik. Gonzalezek ziurtatu du kamioi horiek “erabat seguruak” liratekeela. Edozelan ere, proiektuaren sustatzaileek gurago dute gasa sortu, BioGNLa izozteak kostuak handituko lituzkeelako.
Zelakoa da digestio prozesu hori?
Hermetikoki itxita dauden kamioietan iritsiko da minda plantara. Sartzean, kamioiak pisatuko dituzte lehenengo. Lurperatutako edukiontzi batzuetara botako lukete minda. Azpimarratu du prozesu horretan ez dela isuririk egoten. Minda ez diren beste hondakin organikoak ekarriko dituzten kamioiak pabiloira sartuko lirateke. Dakartena edukiontzietara isuri ahala, urarekin garbituko lukete, lurrazalean hondakinik ez geratzeko, eta pabiloian gera zitekeen kiratsa xurgatuko lukete. Behin eta berriro errepikatu du Gonzalezek plantak ez duela usain txarrik isuriko ingurura.
Hondakin guztiak nahastu, eta hermetikoki itxitako edukiontzi batzuetan digestioa hasiko litzateke. “Oxigeno faltari esker, bakterio batzuek egiten dute digestioa, eta gasa sortzen da”. Ondoren, beste eraikin batean egingo liokete upgrading delako prozesua.
Zelan sortuko dute ongarria?
Gasa sortu ondoren geratuko zaizkien hondakinekin ongarria egingo dute. Urtean 25.000 tona sortuko dituztela uste dute, eta “kalitate onekoa” izango dela ziurtatu du Gonzalezek. Digestio ondorengo hondakin guztiak ondo nahastu, gehiegizko hidratazioa kendu eta ongarriak behar duen dentsitatea emango diote, eta, bukatzeko, sikatu.
Zer egingo dute ur zikinarekin?
Ongarria egin ondoren, ur zikina geratuko da, eta hari ere konponbidea eman beharko diote, prozesua bukatzeko. Ur zikinak arazteko estazio bat eraikiko dute plantan. Hazas de Ceston araztegi organiko bat egiten ari dira. Biltegi bi ditu: batean dekantazioa egiten da eta bestean landareen bidez arazten da ura. Gonzalezek esan du ura ibaira isurtzeko moduan dagoela prozesua burututa, baina haiek ur zikinen sarera botako dute. “Ingurumen eta kalitate arautegiek eskatzen dizkiguten neurriak baino zorrotzagoak erabiliko ditugu prozesu osoan, baita ura garbitzean ere”. Karrantzan erosi duten orubea Kantabriakoaren aldean txikiagoa da, eta orain aztertu beharko dute azaldutakoa bezalako araztegia sortuko duten ala beste alternatiba bat landu beharko duten.
Zer fasetan dago proiektua?
Batetik, hondakinak lortzeko kontratuak sinatzen ari dira abeltzainekin. Bestetik, azaroaren 30a baino lehen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzan ingurumen baimen bateratua eskatu nahi dute, eta tramitean ari dira. Era berean, lehengo minda plantaren azpiegitura zelan dagoen aztertzen hasiko dira egunotan. Eraikitzen hasi ziren, baina ez zen bukatu, eta azken hamar urteetan bertan behera utzita egon da.
Hortik aurrera, egutegi ideala irudikatu du Gonzalezek. Espero dute Eusko Jaurlaritzak apirila bukatu aurretik emango diela ingurumen baimena. Ondoren, Karrantzako Udalari jarduera ekonomikorako baimena eskatu beharko diote. Gonzalezek esan du udalak “oso abegi ona” egin diola proiektuari. Uste du maiatzaren 15erako lor dezaketela baimen hori. Ekaineko lehen edo bigarren hamabostaldian hasiko lirateke obrekin. Orain ikusiko balute Karrantzan dagoeneko eraikitakoa balekoa dutela, zortzi hilabetean eraikiko lukete planta berria; bestela, luzatu egingo litzateke prozesua. 2024ko otsailean hasi gura dute proba fasea. Urte hartako ekainean martxan hastea da sustatzaileen asmoa.
Enplegurik sortuko luke Karrantzan?
Gonzalezen arabera, plantak 20-30 lanpostu zuzen sortuko lituzke. Enkarterriko Udalen Mankomunitatearekin berba egin dute, eta haien garapen elkarteak hautatuko ditu postu ez-kualifikatuetarako langileak. Kualifikatuetarako beharginak, berriz, enpresak berak hautatuko lituzke.