Usansolo: kronologia

Usansolotarrak 1980ko hamarkadaz geroztik ari dira desanexiorako pausoak ematen. Bizkaiko Aldundiaren eta Batzar Nagusien Batzordearen babesa dute.

Lehen galdeketa
Bereiztearen alde. 1987an egin zuten Usansoloren etorkizunari buruzko lehen galdeketa: %85ek egin zuten Galdakaotik bereizi eta udalerri bilakatzearen alde.
Bideragarria. Galdakaoko Udalak egin zezala ikerketa sozioekonomiko bat Usansolo herri bideragarria izango litzatekeen jakiteko, hala eskatu zion Bizkaiko Foru Aldundiari. Hiri Lur aholkularitza enpresak ebatzi zuen Usansolo herri izateko egitasmoa bideragarria zela.

Prozesuaren etena
1991ko txostena. EAJk beste txosten bat aurkeztu zuen Galdakaoko Udalean. Txostenaren arabera, Usansolo herri bihurtzeko prozesua ez zen bideragarria, eta eten egin zuen prozesua.

Usansolo Herriaren sorrera
UH 2011n sortu zen. Desanexio prozesua bizkortzeko, Usansolo Herria (UH) plataforma sortu zuten 2011n. UHk 1.693 boto lortu zituen urte bereko udal hauteskundeetan; erroldatutako herritarren %62,5ena.

Aldundiaren neurriak
2012ko foru araua. Bizkaiko Batzar Nagusiek 9/2012 Legea onartu zuten. Arauaren arabera, Bizkaiko 112 udalerriez gain, ezin zen besterik sortu. Neurri horren aurkako emendakina aurkeztu zuen Usansolo Herria plataformak Espainiako Auzitegi Gorenean.

Bigarren galdeketa
2014ko azaroa. Bigarren erreferenduma egin zuten usansolotarrek: 2014ko azaroaren 23an. Usansolo udalerri izatea nahi duzu? galderari erantzuteko aukera izan zuten. Usansolotarren %73k eman zuten botoa, eta horietatik %90 agertu ziren herri bihurtzearen alde. EHUk egindako ikerketa batek baieztatu zuen udalerri bilakatuko balitz, ekonomikoki bideragarria litzatekeela. Halaber, Galdakaok kaudimena mantenduko lukeela ondorioztatu zuen.
Araudia aldatzeko pausoak. Galdeketaren emaitzen ondoren, Batzar Nagusiek 2012an onartutako araudia aldatzeko eskaera egin zuten Galdakaoko Udalean. PSE, EH Bildu, UH eta Galdakao Bizirik taldeen babesarekin onartu zen mozioa; abstenitu egin zen EAJ, eta aurka bozkatu zuen PPk.

Foru arauaren aldaketa
2015eko martxoa. Bizkaiko Batzar Nagusiek desanexio prozesua galarazten zuen 9/2012 foru araua aldatu zuten, 2015ean. Gaiari buruz herritarrak galdeketara deitzeko aukera jasotzen du arauak, eta udalerri bihurtu nahi duen guneak bete beharreko ezaugarriak ere azaltzen ditu: gutxienez, 2.500 biztanle izan behar ditu, eta zerbitzuen zein ekonomiaren aldetik bideragarria izan behar da.

Babesa berretsi
2015eko udal hauteskundeak. 2011ko hauteskundeetan lortutako emaitza berak lortu zituen UHk 2015ean: 1.681 boto.

Adostasunak
2016ko uztaila. Usansoloko desanexioa ahalbidetzeko proposamena aurkeztu zuen Galdakaoko Udalak, 2016ko udan. Aurrera begira eman beharreko urratsak adostu zituzten bi aldeek.

Blokeoa
2017. Adostutakoa ez betetzea leporatu zioten Usansolo Herria plataformako kideek Galdakaoko Udalari, behin eta berriz.
Espainiako Gobernuari baimen eske. Galdakaoko Udalak baimena eskatu zion Espainiako Gobernuari Usansoloren desanexioari buruzko galdeketa egiteko. Mugak zedarritzeko beharrezkotzat jo zuen babesa. Espainiako Gobernuak ez zuen eman baimenik. UHk esan zuen baimen eskaera hori ez zela beharrezkoa, Bizkaiko foruak arautzen dituelako prozesuok. 2018ko uztaila zen.

Behin betiko bultzada
2019ko udal hauteskundeak. EH Bilduk hartu zuen Galdakaoko alkatetza, Auzoak eta UH plataformen eta Elkarrekin Podemosen babesarekin.
UH, udal gobernuan. Udalean Lurralde Antolaketarako sailaren ardura hartu zuen UHk.

Batzorde Mistoaren eraketa
2020ko otsaila. Desanexio prozesuak aurrera egiteko 9/2012 foru arauari oniritzia eman zion Galdakaoko udalbatzaren gehiengo osoak. Batzorde Mistoa eratzea ere onartu zuten.
Batzorde Mistoa. Galdakaotik alkateak berak —Batzorde Mistoko presidentea da— eta bi zinegotzik osatzen dute Batzorde Mistoa. Foru arauak ez du aipatzen bi zinegotziok nola aukeratu behar diren, baina EH Bilduko eta EAJko bana aukeratu zituzten. Usansolotik, hauteskundeen emaitzen araberako hiru ordezkari aukeratu behar dira; beraz, UHko bi eta EAJko bat sartu ziren batzordean. Aldundiko teknikari bi ere aritu dira aditu moduan, boto eskubiderik barik.
Memoria. Batzorde Mistoaren eginbeharra, Usansolo desanexionatuta bi herrien ezaugarriak jasotzen dituen memoria ontzea da; alegia, foru arauak eskatzen dituen baldintza tekniko guztiei erantzuna ematea.

Aldundiaren oniritzia
2021eko uztaila. Memoria Aldundira bidali zuten iaz.
Aldundiak, oniritzia. Iazko abenduan aldundiak oniritzia eman zion memoriari, eta prozesuarekin jarraitzeko onespena eman zuen.

Prozesua aldundiaren esku
2022ko urtarrilaren 27a. Galdakaoko osoko bilkurak Batzorde Mistoak egindako memoria onartu zuen, eta aldundira bideratzea erabaki zuten: udal gobernuko taldeek baiezkoa eman zioten; EAJ abstenitu egin zen, eta PSE-EEk eta atxiki gabeko zinegotziak kontra bozkatu zuten. Galdeketa egitea ere onartu zuten osoko bilkuran bertan. Dena, gehiengo osoz.

Hirugarren galdeketa
2022ko martxoaren 27a. Usansoloko herritarrek berriro eman zioten baiezkoa udalerri izateko galderari. Segregazio prozesua hasi zutenetik hirugarrenez egin zuten galdeketan, herritarren %63,12k eman zuten botoa. Horietatik %81,54, Usansolo Galdakaotik bereizi eta udalerri bilakatzearen alde agertu ziren.

Espainiaren ohartarazpena
2022ko apirilaren 6a. Espainiako Lurralde Politiketako ministro Isabel Rodriguezek adierazi zuen Usansolok ez duela betetzen estatuko legediak herri bat sortzeko ezarritako gutxienezko biztanle kopurua. 5.000 izan behar dituela dio Espainiako legediak, eta Usansolok, UHren arabera, ia 4.800 ditu.

Aldundiaren oniritzia
2022ko irailaren 13a. Bizkaiko Foru Aldundiak irailean ontzat eman zuen Galdakaoko Udalak Usansoloren segregazioa ofizialki eskatzeko bidalitako txostena. Ostean, Batzar Nagusietara bidali zuen prozesuak aurrera jarrai zezan.

Batzar Nagusietako bidea
2022ko urriaren 11. Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak Usansolo Bizkaiko 113. udalerri bihurtzea onartu zuen urriaren 11n. EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak babestu zuten; PSE-EEk aurka bozkatu zuen, eta PP abstenitu egin zen. Osoko bilkuraren oniritzia falta da orain; azaroaren 23an egingo dute.