Natalia Salazar Orbe
U-Bai Urdaibaiko Garapen Ekonomikoa izeneko estrategia jarri dute abian Busturialdeko biosferaren erreserban. Proiektuaren helburua da eskualdea garapen ekonomiko aurreratuaren erreferentzia bihurtzea, industrian, teknologian eta balio erantsi handiko jardueratan oinarrituta. Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Zerbitzuak eta Bermeoko Behargintza eta Gernikako Lanbide Ekimenak garapen agentziek bultzatu dute estrategia, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta eskualdeko hainbat enpresaren laguntzarekin.
Estrategia horren ardatza ekonomia zirkularrerako eta garapen ekonomiko jasangarrirako erreferente izatea da, toki mailako jarduera ekonomikoa eta enplegua indartuz. Hori guztia lortzeko, gazteek sustatutako enpresak eta egitasmo ekintzaileak erakartzea da asmoa. Busturialdean garapen ekonomikoa sustatzeaz gain, bertako talentuek ihes egin ez dezaten lortu nahi dute sustatzaileek.
Busturialdeko bederatzi enpresak egitasmoaren aldeko apustua egin dute jada. Hain zuzen, automozioan jarduten den Maier kooperatibak, Echebastar eta Albacora arrantza konpainiek, Egoin enpresa eraikitzaileak, zura eraldatzen duen Ebaki XXI enpresak, Artike Investments inbertsio funtsak, arrain irina eta olioa sortzen dituen Barnak, trantsizio energetikoa sustatzeko proiektuetan inbertitzen duen Enagas Emprendek eta ekonomia zirkularrera lotutako Rotobasquek egin dute bat proiektuarekin.
Jasangarritasuna ardatz
Urriaren 7an Busturian egitasmoaren aurkezpen ekitaldian elkartu ziren ordezkariek —enpresetakoak zein erakunde publikoetakoak— azaldu zuten jarduera ekonomiko berriak sortzeko asmoa dutela, betiere jasangarritasuna ardatz hartuta. Esan zutenez, atzean utzi gura dute Urdaibain jarduera ekonomikoak sortzea ezinezkoa zela eremuak erakusten zuen irudia. Hain zuzen, gogora ekarri zuten Urdaibaikoa eremu babestua izanik urteetan irudi hori izan duela.
Etorkizunera begirako ekintza plana marrazten hasi dira. Orain arte Urdaibain antzeman dituzten indarguneak sustatuko dituzte, hala nola arrantza, zuraren sektorea, balio erantsi handiko industria jarduerak eta enpresa sorkuntza.
Egitasmoarekin bat egin duten bi enpresatako ordezkariek zehaztu dituzte proiektuaren helburuak. Batetik, Maier kooperatibako zuzendari orokor Martin Ugalde proiektuak esan du eskualdeari onurak ekarriko dizkiola: “Urdaibairekin maila guztietan konprometitutako enpresaburu talde bat gara, eta ekitea merezi duen abentura baten hasiera sinatu dugu elkarrekin: abentura horrek aberastasuna sortzeko interes komuna du oinarri, talentua erakarriz eta enpresa-ekimen berriak ezarriz. Gure eskualdeko herritarrek etorkizun hobea izango dutela ziurtatu gura dugu, enpresa fabrikako bazkideok bertan iraun gura dugulako”.
Bestetik, Bermeoko Artike Investmentseko zuzendari orokor Mikel Irastorzak adierazi du elkarrekin lan eginda bide oparoa daukala Busturialdeak: “Urdaibai ekintzailetzarako aukera ematen duen eskualdea da, eta horren alde egin behar dugu. Urdaibaik, ekintzailetzarako ekosistema legez, etorkizun handia du, denok elkarrekin gauden bitartean. Taldean aritu behar dugu lanean, Urdaibaira hainbat sektoretako talentua eta enpresak erakarriko dituen ingurunea eraikitzeko. Gure eskualdearen etorkizun estrategikoa bultzatzea gure esku dago”.
Elkarlana
U-Bai estrategiak Busturialdea eskualde berritzaile bihurtzea du helburu. Horretarako, erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlana izango du. Sei ardatz landuko dituzte: turismo jasangarriaren erreferentziazko jomuga bilakatu nahi dute; arrantzaren eta elikaduraren inguruan balio erantsiko jarduerak bultzatu nahi dituzte; egurraren eraldaketan Urdaibai berrikuntza polo bihurtzeko helburua dute; garapen teknologiko-enpresariala sustatu gura dute; eskualde mailako ekintzailetzarako ekimen egituratua sortuko dute; eta lehenetsitako sektore-ardatzekin inbertsio seinergikoak erakartzeko helburua daukate.
Sei ardatzok eskualdeko apustuak islatzen dituzte, haien arabera. Alegia, datozen urteetara begira ituntze publiko-pribatuaren ahaleginak zein esparrutan zentratuko diten zehazten dute.