Durangoko artea babestea

Durangoko artea babestea

Amaia Igartua Aristondo

Leku bat artea egiteko, beste espazio batzuk landutakoa erakusteko, aitortza eta publikoa dituzte artista guztiek jopuntuan. Baina, batez ere, artista batek behar du ekoitzi, horrek egiten baitu ofizioa bideragarri. Pandemiak hamaikagarren astindua eman zion lehendik ere prekarioa zen esparru bati, eta hauspoa makaldu zion aspalditik murrizten ari zen merkatuari. Artista gehienek denbora izan zuten izurriaren hilabeteetan, baina finantzabidea falta zitzaien. Hori horrela, Durangoko Udalak Durango Sor(tzaileen) Leku beka sorta eskaini zuen, hainbat diziplinarako: artea, literatura, antzerkia eta kultur proiektuak.

Durango sortzaileen leku

“Nahiz eta pandemiak aspaldiko kontua dirudien, haren ondorioak daude oraindik ere, hala nola kulturan”, Julian Rios udalerriko alkateordearen hitzetan. Udalak kultur sorkuntza izan zuen jomuga berraktibazio planean, besteak beste, eta 95.000 euro jarri zituen beka horietarako. 39 lan aurkeztu ziren beketara, eta hemeretzik jaso zuten diru saria. Horietako bostek arte erakusketa bat garatzeko erabili dute dirua, eta udalerriko Arte eta Historia museoan jarriko dute ikusgai emaitza. Ismael Iglesiasen Begizulo-k abiatu zuen erakusketa segida, formatu handiko koadroz osatutako bilduma bat; eta gainontzeko laurak bisitatzeko aukera izango da azaroaren 27ra bitartean.

Durango sortzaileen leku

Askotariko proiektuak aurkeztu ziren beken deialdira, Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariaren arabera. Bazeuden udalerriaren historia industrialari begiratzen ziotenak, auzo konkretuei erreparatzen zietenak, eta aurkeztu zituzten, orobat, testuinguru historikorik gabeko lanak ere. Hasieran, hiruk erakutsiko zituzten euren obrak museoan, baina, arte plastikoetako proposamen asko aurkeztu zirenez, bosti egin diete leku. Eta denak dira Durangokoak, Arrizabalagak nabarmendu duenez. “Azkenaldian, museoan artista famatu batzuen erakusketak egin dira, edo [Madrilgo] Thyssen museoko lanak ikusi ahal izan ditugu. Baina ezin dugu ahaztu museo hau durangarra dela, eta durangarrei ere ateak zabaldu behar zaizkiela”.

Orain, Jone Ertzillaren EX3 obra eta Nerea Gastonen Latsarriak: emakumeen ahotsak ikerketa lana daude museoan —azken hori, hilaren 30era arte—. Urri bukaeran, lekua utziko diete azkenengo bi erakusketei: Karlos Martinezen Un agujero en el cielo, eta June Baonzaren Ama ta asunak.

JONE ERTZILLA (artista). “Arte prozesuetan, ez da beti emaitza baten bila aritu behar”
Jone Ertzilla
Domekara arte hartuko du museoak Jone Ertzillaren (Durango, 1999) EX3 erakusketa, bere bakarkako lehena. Askotariko formatuak erabili ditu artistak bere lanerako: pegatina txikiekin egindako irudi handiak ipini ditu hormetan, argazki txikiak ere ageri dira, binilo batzuk zintzilikatuko ditu leihoen kanpoko aldean, eta bi proiekzio gehitu dizkio bildumari: horien soinuak ere zeresana izango du erakusketaren espazio denean. Ikasturte osoan argiarekin egin du lan, baina, haren indarrak baino, distira txikiek erakarri dute. Distira horien multzo bat paratu du aretoan. Izenburuko formulak batzen ditu elementu horiek guztiak: ex3. “Sinbolo eta material moduan erabili dut beste zeozer egiteko. Nik formula modura ulertzen dut, lan egiten jarraitzen uzten didana. Etxe bat eta bihotz bat dira, baina, aldi berean, ez dira ez bata, ez bestea”.Hori izan du irizpide bakarra, lanak ez baitu abiapunturik, ez beste heldulekurik, eta ez baitihardu gai konkretu batzuez. “Ez dago oinarrituta ez ideia, ez proiektu batean, nik uste dudalako behin lanean ari zarenean irteten direla gero aterako diren gauza horiek”. Emaitzaren kontzeptua bere ikusmoldetik kanpo dago, artistaren berbei erreparatuta. “Momentu batean, zerbait ateratzen duzu lan egiten ari zaren leku batetik, eta beste puntu berri batera eramaten du horrek. Ez da emaitza bat, ze lantzen jarraituko dut, baina badago munduratze bat”.

Izan ere, artea eta gainontzeko ekoizpenak bereizi egiten ditu artistak. “Arte prozesuek beste helburu eta erritmo bat dute, gainerako produkzioetatik aldentzen dena: ez da beti emaitza baten bila aritu behar”. Baina aretoa bete beharra dago, eta eskakizun horrek nolabaiteko talka eragiten du bere beharrean, onartu duenez. “Zaila da. Adibidez, erakusketa hau prestatzean, batzuetan ideia baten menpe ipini izan naiz, badakidalako zerbait atera behar dela. Horrek mugatu nau lanean, izan behar duena izan beharrean, nik zeozer inposatu dudalako”.

Temak askatu du mataza, nolanahi ere. “Lan prozesuek erritmo eta beharrizan desberdinak edukitzen dituzte momentuaren arabera, baina zerbaitekiko iraute bat egon behar dela uste dut. Horrekin, azkenean beti heltzen gara punturen batera”.

JUNE BAONZA (artista). “Nire helburua da amatasunez hitz egitea etxea ez beste lekuetan”
June Baonza
June Baonzaren (Durango, 1979) Ama ta asunak azaroaren 4tik 27ra bisitatu ahalko da. Amatasunez dihardu, askotarikoez, eta bere inguruko emakumeen lekukotzetan dago bermatua proiektua. Sei emakume elkarrizketatu ditu, horietako erdiak baino ez amak, eta amatasun horien aurkia eta ifrentzua islatu dira haien berbetan; ama ta asuna, hain zuzen ere: “Hitz joko hori erabili dut lekua emateko bai plazerari, baita minari ere”, artistaren hitzetan. Sei elkarrizketekin bideo bat ondu du, 38 minutukoa, museoan proiektatuko dena, eta, horretan oinarrituta, lan grafikoa ere osatu du. Museoko beheko solairuan dagoen areto txikia egokitu egingo du Baonzak, umetoki itxura emateko.Ezkutukoa azaleratzea da erakusketaren akuilua, artistaren arabera. “Pribatuan gorde izan dena herriko plazara ateratzea: horrela ulertu behar da amatasunaren politizazioa”. Dioenez, amatasuna etxe barruan ezkutuan bizi beharreko gauza bat izan da, eta berak muga horietatik kanpo ateratzea izan du jomuga, plazetara, kaleetara, edo, bere kasuan, museo batera. “Nire helburua da amatasunei buruz hitz egitea etxea ez den beste esparru batzuetan”.

Eta ama direnei bakarrik ez, ama izateari uko egin diotenei edo uko egin behar izan diotenei ere eman die tokia lanean: amatasunaz mintzatzean ama izateko erabakiaz edo ukoaz ari baita, batez ere, ama izateaz bainoago. “Non biltzen dira hautu hori jarraitzen ez duten bizi esperientziak? Zer da alaba izatea? Proiektu honek eskaini nahi du erresumin horiek adierazteko behar diren arnasguneak, azaleratu eta loratu daitezen; gozamenari eta minari duintasun berarekin tokia eman, bizigarriagoa izango den lekua sortzeko”.

Hori horrela, askotariko ertzak batu ditu lanean. “Gura izan dut hitz egitea emakume lez gizarteratuta izan garenon partetik espero denaz”, esaterako. Jaso ditu, halaber, alaba izatearen inguruko hausnarketak, eta haiez espero denaren inguruko gogoetak. Berba egin du, era berean, ama ez den 20 urteko andre batekin. Ama sekula izango ez den beste baten diskurtsoa ere jaso du, antiespezista eta jaiotzen aurkakoa. Beste elkarrizketatu batek, nahiz eta ama izan nahi, ez du lortu, eta abortu pila bat izan ditu dagoeneko. Heriotza perinatala ere jorratu du. Amarekin ere solastatu da, berau “guztiz zeharkatzen” baitu. Amatasun “bolleroa” ere badu hizpide, eta ama ez-biologikoa izatearen gogoetak ere bildu ditu. Edonola ere, esperientzia gehiago biltzeko asmoz geratu dela dio.

KARLOS MARTINEZ (artista). “Proiektuaren oinarria da sortzea bigarren azal bat eskulturaren bidez”
KARLOS_MARTINEZ
Datorren ostegunetik azaroaren 27ra bitartean ikusi ahal izango da Karlos Martinezen (Durango, 1982) Un agujero en el cielo bilduma. Martinezek eskultura lantzen du, batik bat, eta bere obretan abangoardia historikoak berreskuratzen ditu, haien inguruko beste irakurketa bat egiteko, eraginei erreparatu, eta eremu garaikidera txertatzeko. Oraingo honetan, argazkiez eta bere artxiboko bestelako materialez baliatu da, hala nola bozetoez. “Proiektuaren oinarria da sortzea bigarren azal moduko bat eskulturaren prozeduren bitartez eta arkitektura efimeroen errepresentaziora joz. Helburua da instalatua izan dadin Durangoko antzinako eremu industrialean”.Erakusketarekin, Martinezek hizpidera ekartzen ditu “ez-lekuak”, Marc Auge antropologoak deskribatutakoaren bidetik. Augeren arabera, ez-lekuak dira “hiriko espazio trukagarriak”, eta, horietan, gizakia anonimo bilakatzen da gizartean.

Durango sortzaileen leku