Ibai Maruri Bilbao
Balmasedan, Eguen eta Bariku Santuan, Jesu Kristoren nekaldia antzezten dute. Erdi Aroan sortutako prozesioen bilakaera moduan hasi ziren herritarrak jazoera haiek antzezlan bidez gogoratzen. 1865. urtean egin zuten lehenengoz. “Bizkaian eta seguruenik Euskal Herrian ezagunena den Aste Santuko jarduera da gurea”, esan du Jorge Gomez Balmasedako Pasio Bizigunaren Interpretazio Zentroko arduradunak. “Zerbait behar genuen Aste Santuan egiten duguna urte osoan erakusteko, eta erabaki genuen museo hau sortzea”. Balmasedatik Burgoserako (Gaztela eta Leon, Espainia) irteeran dagoen Santa Klara komentua izandakoaren elizan daude, 2009an ireki zutenetik.
Aste Santuan erabiltzen dituzten arropak, tresnak eta elementuak erakusten dituzte, besteak beste. Laurehun lagunek baino gehiagok hartzen dute parte antzezpenean, baina erakusketan 30 bat pertsonaiaren arropak daude ikusgai: Pilatorenak, hamabi apostoluenak, erromatarrenak… Gainontzekoak zentroko gela batean dituzte gordeta. Bestelako elementuak ere badaude: lantzak, ezpatak, 62 kiloko Jesusen gurutzea… Baita prozesioetan ateratzen dituzten pausoak ere.
Oro har, balio handiko irudi erlijiosoak dira. Baina Gomezek Ecce Homo izenekoa nabarmendu du: “Egurrez egina dago. Jendeari ikaragarri gustatzen zaio Jesusen aurpegia irudikatuta duen moduagatik. Oso adierazgarria da”. Aurten ehun urte bete ditu irudi horrek, gainera.
Aste Santuko elementuez gain, interpretazio zentroak badu erakusteko besterik: erretaulak. “Komentua zarratu zen arren, erretaulak hemen daude oraindik, eta ikusgarriak dira. Jendeari asko gustatzen zaizkio”, esan du Gomezek. Nagusia klaratarren ordenako sortzaile Santa Klararen omenezkoa da. “XVII. mende bukaerakoa da, barrokoa, oso ederra”. XVIII. mende hasierako beste batzuk ere badaude, rokoko estilokoak. “Oso ikusgarriak dira, urrezko xaflez estaliak”. Koruan Bizkaiko organorik zaharrenetan bigarrena dute: 1777koa da.
Aste Santuaren bueltan zarratuta egoten da interpretazio zentroa, han gordeta edo ikusgai duten guztia kalera ateratzen dutelako. Beraz, urteko gainontzeko hilabeteetan jasotzen dituzte bisitariak. Eta, Gomezen arabera, asko izaten dira. Adin guztietakoak, gainera: pentsiodunen taldeetatik hasi eta ikastetxeetako umeetara. “Balmasedan oso garrantzitsua da Aste Santua, fededun izan edo ez. Gure nortasunaren parte garrantzitsua da. Beraz, Balmaseda ezagutu nahi duenak ezinbestekoa du hau ere ezagutzea”.
Bilbotik Balmasedara
Bisitari gehien udan izaten dituzte. Baina azken asteetan ere ari dira Katalunia eta Madril aldeko bisitariak jasotzen. Azaldu du gehienak Bilbora etorritako turistak izaten direla, eta han Bizkaian zer ikusi dezaketen azaltzen dietenean izaten dutela Balmasedaren eta museo honen berri.
Interpretazio zentroa nork bere kasa bisita dezake. Dena den, gidariaren azalpenak nahi dituztenei ere gidatzen diete bisita. Gomez bera arduratzen da, besteak beste; hogei bat minutu irauten du, eta doako zerbitzua izaten da. Ikus-entzunezko baten bidez ere kontatzen diete nekaldi antzeztuaren berri.