Udako goraldiaren jarraipena, zalantzan

Udako goraldiaren jarraipena, zalantzan

Natalia Salazar Orbe

Turismoa pandemia aurreko datuetara itzuli da, eta ondu ere egin ditu datuok, udako kanpainari erreparatuz. Bisitari kopurua %12,5 handitu da aurtengo udan, duela hiru urteko datuekin alderatuta. Hala ere, kopuru orokorrei begiratuta, sektoreak aurten oraindik ez ditu berreskuratu COVID-19aren aurreko datuak. Hala ondorioztatu du Bizkaiko Turismoaren Behatokiak. Datuok eskuan, “udazken eta negu ziurgabea” datorrela iragarri du Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatuak.

Aldundiak baikortzat jo dituen datu aipagarriak jaso ditu behatokiak: Bizkaia bisitatzen duen turistak batez beste egiten duen gastua %49,2 handiagoa izan da aurten, 2019ko udarekin alderatuta. Igoerari “ikusgarri” iritzi dio Basurkok, 794,4 eurora iritsi baita zenbateko hori.

Lurraldeko bisiten banaketari dagokionez, Bilbo da oraindik turisten kontzentrazio gune nagusia —han izan dira hotel establezimenduetako sarreren %66,5—. Hala ere, nabaritu dute turistek gero eta interes handiagoa dutela lurraldeko beste gune batzuk ezagutzeko eta bisitatzeko. Hiriburuarekin batera, Busturialdea-Urdaibai izan da bisitari gehien jaso dituen eremua.

Igoera orokortua

Bi eremu horietatik kanpo ere, nabarmen hazi dira beste eskualde batzuetako turismo datuak. Esaterako, aurreko datuen arabera, bisitarien %25,3 izan ziren Ezkerraldean; orain, berriz, %52,9. Lea Artibai —%9,6tik %34,6ra—, Arratia Nerbioi —%1,1etik %9,2ra—, Uribe Kosta —%17,3tik %23,2ra— eta Enkarterri —%3,2tik %6,5era— eskualdeetan ere igoera nabarmenak izan dituzte. Busturialdea-Urdaibaik, Eskuinaldeak eta Durangaldeak igoera apalagoak izan dituztela jakinarazi du aldundiak.

Turista bakoitzak batez beste egin duen gastuaren hazkundea aletu du Bizkaiko Turismoaren Behatokiak. Haren arabera, ostatuan eta jatetxeetan gastatu dute gehien: batez beste, 333,3 euro xahutu dute ostatuan, eta 255,9 euro jatetxeetan. Horrez gain, bisitatzen dituzten lekuetako jardueretan gastatu duten kopurua ere handitu egin da: 60,2 euro zenbatu zituzten egonaldi bakoitzeko 2019an, eta aurten, 129,3 euro izan dira. Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Bultzatzeko zuzendari Cristina Mugikak baztertu egin du gastuaren areagotze hori prezioen igoeraren eta inflazioaren eragin soila izatea.”Ezta Bizkaian ematen duten egunen areagotzea ere”.

Aitzitik, “sektorearen eskutik bisitariek egiten duten gastuan positiboki eragiten duten produktu eta esperientziak garatzen egiten dugun lanaren isla da gorakada hori”, esan du Basurkok. Eta landutako arloetako batzuk zerrendatu ditu: erosketen, enoturismoaren, kultur proposamenen, nekazaritza turismoko proposamenen eta abarren arloak.

Turistek Bizkaian egindako gastuei dagokienez, Espainiako Estatutik kanpoko atzerritarrek estatukoek baino %6,3 diru gehiago gastatu dutela ondorioztatu du datu bilketak. Datu hori ikusita, Basurkok adierazi du “Bizkaiak nazioarteko bisitariak” behar dituela. Helburu hori lortzeko bidean, datozen hilabeteetan Bizkaia mundu osoan ezagutarazteko sustapen lanei ekingo dietela iragarri du. Besteak beste, hegaldien bidezko loturak hobetuko dituzte.

Udako datu onen ostean, datorren udazkenerako eta negurako dauden iragarpenek bestelako agertokia irudikatzen dute. Ukrainako gatazkak eragindako krisiak, horrek energiaren prezioan izan duen eraginak, eta inflazioak ziurgabetasunezko etorkizuna marraztu dute turismoaren sektorerako.

Bizkaitarren pertzepzioa

Bizkaiko Turismoaren Behatokiak bizkaitarrek turisten presentzia nola bizi duten ere aztertu du. Joan den udan jasotako datuen arabera, handitu egin da turismoa onuragarria dela diotenen kopurua: inkestatutakoen %97,4k uste dute hala dela; 2019an, %96,9 ziren. Turista askok Bizkaia bisitatu nahi dutelako harrotasun sentimendua ere badagoela ondorioztatu du behatokiak: %93,8k adierazi dute harrotasun hori; 2019an, %87,8 ziren.

Bizkaiko ekonomiarentzat aukera bat izanik turismoa zaindu behar delako ustea ere handitu egin da, iturri beren arabera. Turismoari esker lan aukerak sortzen direlako ustea ere bai. Aldundiak esan du gizartearen iritziz bateragarriak direla turisten presentzia eta nortasun kulturalari eustea.

Bizkaiko Foru Aldundiak egiten duen turismoaren kudeaketari dagokionez, lurraldeko hamar biztanletik zortzik “positibotzat” edo “oso positibotzat” jotzen dute: 7,7ko puntuazioa eman diote; 2019an, berriz, 7,4koa eman zioten. “%4,2k soilik uste dute negatiboa dela”.