Herriak turistei atsegin emateko egokitzen direla salatu dute

Herriak turistei atsegin emateko egokitzen direla salatu dute

N. S. O.

Urdaibai eta Bilbo izan dira, aurten ere, udan bisitari gehien hartu dituzten Bizkaiko lekuak. Turista bakoitzak egin duen gastua ere handitu delako pozik azaldu da Bizkaiko Foru Aldundia. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko Batzordeko kide Aitziber Virgel Mendozak jakin nahiko luke ea diru horrek “herritarren bizi kalitatea edo sektoreko lan baldintzak hobetu dituen”. Uste du hiri eredua ez dela egokitu behar “turismoari atsegin emateko, tokiko biztanleen beharrak asetzeko baizik”. SOS Gaztelugatxe plataformako kide Eider Gotxik ere azaldu du herritarren beharrak ase behar direla lehenik.

Virgelek salatu du badirudiela “gaur egungo hiri eredua turismoaren beharrizanak asetzera bideratuta dagoela, eta ez herritarrenak asetzera”. Garraio publikoaren aldeaz mintzatu da baieztapena arrazoitzeko: “Zentroa —tranbiaren, autobusaren eta metroaren bidez— ondo komunikatuta dago; goiko auzoetan, ordea, gabeziak daude irisgarritasunaren eta zerbitzuen arloan”.

Ondorioak herritarrengan

Erakundeek turismoan jartzen duten indar horrek herritarrengan dituen ondorioak salatu ditu Virgelek: “Etxebizitzen eta lokalen alokairuen prezioen igoera; espazio publikoaren okupazioa; energia gastuaren igoera —toallak aldatzea, buffetetan alferrik galdutako janaria, aire girotua etengabe piztuta egotea…—; aurrekontuaren zati handi bat desbideratzea turismoa erakartzeko; prezioen igoera ostalaritzan…”.

Turista bakoitzak Bizkaian egin duen gastuak gora egin duela nabarmendu du aldundiak, besteak beste: ia %50 igo da. Virgelek uste du “goi mailako turismoak” dirua uzten duela “hotel handietan eta jatetxe ospetsuetan”. Esan du horien irabaziek ez dutela eraginik “langileen lan baldintzetan”.

Urdaibai izan da, Bilborekin batera, bisitari gehien hartu dituen lekua. Bizkaiko Turismo Behatokiak emandako datuen arabera, udan 43.000 bisitari baino gehiago izan ziren han; Gaztelugatxen, 18.038. Gotxik esan duenez, “bisitariak era antolatu batean helduko balira, ziurrenik onuragarriagoa litzateke”.

Bermeon ikusi dituzte horren adibideak: “Antolatutako bidaietan etortzen direnek gure kulturaren zatitxo bat ezagutzeko aukera izaten dute, eta gure saltokietan ere kontsumitzen dute. Hori izan beharko litzateke helburua”. Errealitatea bestelakoa dela deritzo Gotxik: “Gure ondarea turismoari dei egiteko erabiltzen denean, bisitariek argazki bat besterik ez dute nahi”. Uste du Gaztelugatxerekin hori gertatzen dela sarri: “Gaztelugatxera heltzen direnen artean, lau bisitaritik batek besterik ez du tiketa [aldundiak bisitak kontrolatzeko tiket zerbitzua darabil udan]. Urrunetik ateratako argazki batekin bueltatzen dira etxera”. Bisitari horien helburua Rocadragon ikustea dela esan du, “Gaztelugatxeren benetako historia ezagutzeko jakin-minik barik”. Hori horrela, bisitak era antolatu batean egiteak dituen onurez mintzatu da: “Hainbat gauza erakusten dizkiete: arrantzaleen museoa, herriko saregileen lana, kontserba enpresak, kofradia, tala, Matxitxako, baserri mundua, ekortuak, txakolindegiak… Leku horiek guztiak gure kulturaren parte dira, eta denek dute zer kontatu. Hori da gure kultura zabaltzea. Bisitariok gurean gelditzea ere garrantzitsua da, eta, horretarako, azpiegiturak behar dira. Ba al ditugu? Ba al dugu bisitariak behar duena?”.

Urdaibaiko biosfera erreserba eta Gaztelugatxeko biotopoa “ekintzekin zaindu” behar direla uste du Gotxik. Eta salatu du gaur egun sustatzen den turismoak kalte egiten diela ase beharko lituzkeen hainbat eremuri: “Arlo kulturalari kalte egiten dio: azkenaldian, proiektu guztien izenak ingelesez dira; bisitariak euskaldunak eta espainolak direnean, azalpenak gazteleraz ematen dira; ohiturak betetzeko trabak egoten dira… Arlo ekonomikoa ere ez du hobetzen: Urdaibai beti bezain pobre dago; orokorrean, dirua hiriburuetan gelditzen da. Gu eguna pasatzeko plana gara”. Gainera, uste du ez dela bideragarria “baliabide naturalak eta kulturalak etorkizunean etengabe erabiltzeko kontserbatzea, eta, aldi berean, horietatik onurak lortzea”.

Erantzukizuna eskatu dute

Turismoa “erantzukizunez” sustatu behar dela sinetsita dago Gotxi, “herritarren beharrak kontuan hartuta”. Haren esanetan, “ezin da inprobisazioz jokatu. Egindako deiak ekarriko duena hartzeko prest egon behar dugu, eta, gaur egun, gure ustez, ez gaude horretarako prest. Errepideak ez dira egokiak, Bermeon eta beste zenbait herritan, hotel bakarra dago, eta jatetxe pila bat zarratuta daude. Alde zaharra zikin eta abandonatuta dago, auzo batzuetan hainbat etxek ez dute ez urik eta saneamendurik, komun publikoak lotsagarri daude…”.

Ondorioztatu du herria herritarrentzat pentsatu behar dela: “Ur falta ei dago Urdaibain. Turista asko badatoz, ez dakit zer-nola erantzungo diegun haien nahiei. Auzotarron beharrak bete beharko lirateke, eta gero jarri kanpokoen nahiei begira”, dio plataformako kideak.