Emakumeak pantaila handira

Emakumeak pantaila handira

Amaia Igartua Aristondo

“Guk ez baditugu istorioak kontatzen, inork ez du egingo”. Mira Nair Indiako zinema zuzendariaren hitzok ekarri ditu gogora Ana Gutierrez Zinemakumeak gara festibaleko zuzendariak. Berbok laburbildu egiten dute bai jaialdiaren lana, baita arlo askotako feministena ere, andre sortzaileak ezagutarazten dihardutenak. Emakumeek istorioak kontatu behar dituzte, eta kontakizun horiek erakutsi egin behar dira, Gutierrezek nabarmendu duenez.

Hain justu, andreek egindako film horietako zenbaiti ikusgaitasuna emango die, 27. aldiz, Zinemakumeak gara ekinbideak. Astelehenetik urriaren 28ra bitartean, proiekzioak, tailerrak eta hitzaldiak emango dituzte Bilboko hainbat tokitan. Ondoren, azaroaren 2tik 4ra, Basaurira, Portugaletera, Zallara eta Balmasedara hedatuko da jaialdia.

Nazioarteko zinemaldietan emandako edota saritutako bederatzi lan proiektatuko dituzte Pantaila handia zikloan, eta zinema politikoko ziklo bat ere egingo dute. Egitaraua egile hasiberrien zein ibilbide luzekoen lanekin taxutu dute, eta zinemagintzako bi aitzindari omenduko dituzte: aurten, Cecilia Bartolomeri eta Helena Tabernari emango diete Simone de Beauvoir saria; bien atzera begirako bana eskainiko dute jaialdian.

Egungo egoerari erreparatu dio Gutierrezek. “Jakitun gara arlo zinematografikoan aldaketa handiko garaiak bizitzen ari garela, ohiko aretoei gehitu zaizkielako formatu berriak eta plataformak”. Aldatzen ari da, era berean, emakumeek industrian duten presentzia, baina oraindik “ez da nahikoa”, zuzendariak nabarmendu duenez. “Emakumeen proportzioa handitzen ari da, baina oraindik ez da heltzen %20ra”.

Hala, haren ustez, “balioetsi” beharra dago hainbat zuzendari gaztek lortutako aintzatespena, bidea egin baitute egoera “zail” batean, eta berriki aitortu egin baitituzte hainbat jaialditako palmaresetan. Gainera, haiekin batera, andre gidoilari, muntatzaile, argazkilaritza zuzendari eta konpositore andana bat eraman dituzte, besteak beste, industriako alderik “ikusezinena eta kalteberena” osatzen duten horiek, Gutierrezek esan duenez.

Askotariko ikuspuntuak

Simone de Beauvoir sarien banaketarekin hasiko da Zinemakumeak gara. Astelehenean, Bilbon, BBK aretoan, 19:00etan, Tabernari eta Bartolomeri garaikurra emango diete, Dora Salazar artistak ondutako figura femenino bat. Ondoren, Ana Bravo umoristaren ikuskizun bat egongo da, eta, 20:00etan, Finlandiako Alli Haapasalo zuzendariaren Girl Picture (2022) emango dute. Mimmi eta Ronkko lagun min gazteengan ardazten da istorioa: Emma izeneko pertsonaia bat ezagutuko dute, eta, ondorioz, euren arteko harremana aldatu egingo da.

Zinemakumeak gara

Asteartetik ostegunera bitartean, Bilbo Artek Tabernaren atzera begirako txiki bat emango du; egun bakoitzean, obra bat, 19:00etan. Asteartean, Yoyes (1999) filmak hasiko du zikloa: etakide ohia Mexikotik itzuli berria da, bizitza berri bat egin nahi du, baina ETA erakundeak traiziotzat joko du etorrera. Elizgizon bat du protagonista La buena nueva-k (2008), asteazkeneko filmak: udalerri ezkertiar bateko parroko izendatu berri dute Miguel, faxistak matxinatzen ari diren garaian; faxistek herria okupatuko dute, jendea fusilatzen hasiko dira, eta eraildako gizon horietako baten alarguna ezagutuko du Miguelek: Margari. Ondorioz, Elizari eta militarrei aurre egingo die. Ostegunean, Acantilado (2016) ikusi ahal izango da. Kanariar Uharteetako (Espainia) sekta bateko kideetako batzuek beren buruaz beste egin dutela jakinaraziko diote Gabrieli; bere arreba sekta horretan zegoen, baina bere gorpua ez da agertu. Hura bizirik topatzeko itxaropenarekin joango da hara.

Hilaren 24an, bi ekitaldi egongo dira Azkuna zentroan. 17:30ean, Bastida aretoan, lau film labur emango dituzte: Irene Albanellen Club silencio (2021), Katherina Harderren Escamas (2020), Carme Gomilaren Oro rojo (2020) eta Nuria Muñoz-Ortinen eta Eva Libertaden Sorda (2021). 19:45ean, Golemen, Erige Sehiriren Under the Fig Trees (2022) proiektatuko dute, pikuak jasotzen dituzten gizon-emakumeen istorio bat.

Hilaren 25erako, beste bi ekinbide antolatu dituzte Azkuna zentroan. Bastida aretoan, 17:30ean, Cecilia Bartolomeren atzera begirakoa emango dute, bost film laburrek osatutakoa; haien artean, Margarita y el lobo (1969), film feminista aitzindaritzat jotzen dutena. Ondoren, Andrea Bagnyren Ramona (2022) ikusi ahal izango da Golem zinemetan. 26an, 17:30ean Carolina Astudilloren Canción a una dama en la sombra proiektatuko dute ziklo politikoaren barruan, eta, 19:45ean, Laura Moraren Los reyes del mundo, (2022) Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra eskuratu duen filma. 27an, 17:30ean, Manuela Martelliren 1976 (2022) emango dute ziklo politikoaren barruan; 19:45ean, Zaida Carmonaren La amiga de mi amiga (2022). Eta 28an, Maryam Touzaniren The blue caftan. Horiek guztiak Golem zinemetan emango dituzte.

Los reyes del mundo

Bestelako ekinbideak

Bestelako ekintzak ere eskainiko dituzte. Urriaren 27an, 28an eta 29an, Ainhoa Rodriguez zinemagileak Disidentziak sortu. Beste kontakizun filmikoa ikastaroa emango du, BBK aretoan. 27an, Bizkaiko Psikologiako Elkargo Ofizialean, Maitane Valdecantosek jabetza intelektuala eta egile eskubideak izango ditu mintzagai, Euskal Herriko Gidoigileen elkartearen eta (H)emen elkartearen babesarekin. Bion eskutik antolatu dute Generoa eta generoak mahai ingurua ere: hilaren 28an, Bastida aretoan. Julene Aranburuk, Ainhoa Bolañosek eta Zaida Carmonak hitz egingo dute.