Natalia Salazar Orbe
Mende laurdena betetzear duela, Bilboko Guggenheim museoak eutsi egin dio hasieratik sortu zuen erakarpenerako gaitasunari. 1997ko urriaren 19an ireki zituen ateak —inaugurazio ofiziala egun bat lehenago egin zuten—. Lehen egun hartan 4.502 bisitari izan zituen. Museoak ateak ireki orduko zain zeuden hainbat herritar, errenkadan, Frank O. Ghery arkitekto kanadarrak diseinatuta titaniozko itsasontzi bat irudikatzen duen eraikinaren barrunbeak ezagutzeko gogoz. Zabalik egin zuen lehen urtean milioi bat bisitari izan zituen. Inauguratu zutenetik joan den abenduaren 31ra arte, 23.745.913 bisitari zenbatu zituen museoak. 25 urteotan aldi baterako 131 erakusketa muntatu dituzte, eta bilduma iraunkorra —79 artistaren 143 obra— 71 aldiz aurkeztu dute.
25 urteren ostean, datuek erakusten dute arrakastak irauten duela: aurtengo irailerako, 2022 osorako aurreikusten zuten bisitari kopurua lortu zuen: 840.000 bisitari izan zituen urteko bederatzigarren hilabetearen erdialderako. Museoa inauguratu zutenez geroztik, aurtengo uda izan da bisitari gehien izan dituena.
Juan Maria Bidarte museoko zuzendariak azaldu duenez, Motion, Autos, Art, Architecture erakusketa ikustera bakarrik 720.000 bisitari joan dira. Hala ere, zehaztu zuen motozikletei buruzko erakusketak eta Andy Warholena direla orain arte markak hautsi dituztenak.
Datuez haragoko arrastoa utzi du Bilboko Guggenheim museoak, ordea, arduradunen ustez. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak “abentura handi” baten gisan definitu du museoa oraintsu. Gogora ekarri zuen, gainera, administrazio publikoek inbertsio handia egin behar izan zutela, eta publikoaren eta pribatuaren artean ordura arte ezagutzen ez zen konbinazioa osatu zutela. Proiektua ontzeko 140 milioi euroko inbertsioa egin behar izan zuten Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.
Inbertsio publikoa
Guggenheimenek hainbat ekarpen ekonomiko publiko jasotzen ditu. 2021a bukatzear zegoela Jaurlaritzak egindako Gobernu Kontseiluak onartu zuen Guggenheimen elkarte edukitzaileari —artelanen erosketak kudeatzen ditu— milioi bat euro gehiago ematea. 2019ko uztailean ere Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, ohiko diru partidaz gain, artelanak erosteko beste milioi bat euro ematea onartu zuen. Krisi ekonomikoaren ondorioz 2013 eta 2016 bitartean egindako ekarpen txikiagoa “konpentsatzeko” eman zion diru hori. Kopuru hori urtero egiten dioten ekarpenari eta obra berria erosteko aparteko ekarpenari gehitzea onartu zuen orduan Gobernu Kontseiluak. Beraz, 2019an, Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ia 7,5 milioi euro eman zizkion, guztira, museoari.
2018-2020 eperako Plan Estrategikoaren barruan, euskal erakundeek erabaki zuten museoaz arduratzen den sozietateari diru gehiago ematea, obra berria erosteko ahalmena berreskuratzeko. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak erosketetara bideratutako diruarekin osatu du museoak 140 artelan inguruko bilduma propioa 25 urteko ibilbidean.
Aurten, Guggenheimek El Anatsui artistaren Itsaso gorakorra lana erosi du. Bildumari gehitu zaion lehen artista afrikarra da. Obra horrez gain, bildumako lanekin osatutako erakusketa izango da museoaren urteurreneko ekitaldi nagusia; urriaren 18an zabalduko ditu ateak. Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak azaldu duenez, “bilduma ospatzea” izango da erakusketaren azken helburua.
Ellsworth Kelly artistaren 1972ko Kurba horia da museoak azken urteetan erosi duen beste lanetako bat. Bidartek ez du argitu bi artelanongatik zenbat ordaindu duten. Esan du azken “hiruzpalau urteetan” eskuratu dituztela, Jenny Holzerren, Alyson Shotzen, Alex Reynoldsen eta Esther Ferrerren lanekin batera, eta erakundeek epe horretan erosketetarako emandako 10 milioi euroko poltsatik ordaindu dituztela.
Sekzioak/Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 Urte izeneko erakusketarekin ospatuko dute museoaren mende laurdena. Bere esku dituen 140 lanetako batzuk daude ikusgai bertan, “adierazgarrienak”, denak erakusteko nahikoa lekurik ez daukatelako museoko aretoetan.
Errezeloak
Arrakastarekin batera, proiektuaren hasiera-hasierakoak dira harenganako errezeloak ere. Museoak sortu duen aberastasuna, hirian eragin duen eraldaketa eta bertara iritsi diren artelanen maila handiaren aurrean —alegia, Guggenheim efektua—, gabezia olde bat ikusi izan dute askok. Euskal Herria eta Bilbo, bereziki, munduko mapan kokatu zituen proiektuaren ardatzak zalantza asko sortu zizkien hasieratik hainbat artistari. Kultur Kezka plataforma eratu zuten berrehun euskal artista eta abeslarik baino gehiagok proiektuaren hastapenetan. Besteak beste, museoak “kultura globalizatzailearen alde” egiten duen ekarpena eta “euskal kulturaren ikusezintasuna” salatu zituzten. Kritika hori urteetan luzatu da. Plataformak esaten zuen Guggenheimek ez duela balio euskal artea munduratzeko, AEBen sukurtsal bat besterik ez dela.
Museoak euskal kulturari eskainitako erakusketa aipagarrien artean dago Ezezagunak. Euskal Herriko Arte Garaikidearen Kartografiak. 2007an ondu zuen Juan Luis Moraza artistak. Geroztik, euskal artista garaikideei eskainitako hainbat erakusketa egin ditu Guggenheimek.
Polemikarako beste iturri bat ere izan da urteotan. Izan ere, Bilboko Guggenheim Busturialdera zabaltzeko proiektuak hautsak harrotu zituen iragarri zutenetik. 2008an esan zuen Jose Luis Bilbao Bizkaiko orduko ahaldun nagusiak Busturiko —orduan Sukarrietakoak ziren— udalekuen eraikinean egingo zutela Guggenheim Urdaibai. Urteetan proiektua zehaztu gabe egon dira, baina artea eta natura uztartuko zituen egitasmo gisa aurkeztua zuten azken aldian. Iazko ekainean hasi ziren egitasmoa zehazten. Guggenheim museoari bi kimu egin nahi dizkiote: bata, Gernika-Lumon, Dalia lantegi zaharraren orubean, eta, bestea, Muruetako ontziolan. Joan den astean, Unai Rementeria ahaldun nagusiak iragarri zuen Guggenheim museoak “prestigiozko” nazioarteko talde bat kontratatu duela arkitektura, ingurumen eta paisaia agiriaren oinarrizko baldintzak lantzeko. Lan hori bost hilabeteren buruan egitea aurreikusi dute. Urtean hilabete batzuk bakarrik egongo litzateke zabalik Guggenheimen Bizkaiko museo berria, eta bisitari kopurua mugatuko lukete.