Erbesteratutako berbak eta bizipenak

Erbesteratutako berbak eta bizipenak

A. Igartua Aristondo

Ondare immaterialak, sarritan, arrasto materialak uzten ditu. Arrigorriako 1920ko hamarkadako tradizioak, esaterako, liburu batean daude gordeta, La anteiglesia de Arrigorriaga izeneko obra kostunbristan. Egileak, Ricardo Castellote Lastrak, xehe agertu zituen udalerriaren jatorria, geografia, historia, eraikinak, auzoak, dendak, tabernak, aisialdia, udalbatza eta beste ertz batzuk.

Castelloteren memoriaren parte da argitalpena, 1936ko gerran errepublikanoen alde borrokatu eta Mexikora erbesteratu behar izan zuen gizon batena, hain justu. Eta erbesteko emakumea da, era berean, haren alaba Carmen Castellote ere; zehazki, oraindik bizirik dauden erbesteratu errepublikanoen arteko azken poeta.

Behialako Arrigorriagaren irudia, aita-alaben memoria, Carmen Castelloteren olerkiak: hori dena gordeta dago, baina, hala ere, berreskuratu egin behar da, ezagutarazi. Asmo horrekin, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Arrigorriagako Malmasingo Lagunak elkarteak aitaren liburu kostunbrista eta alabaren zenbait olerki berrargitaratuko ditu, aita jaiotako kalean plaka bat kokatuko dute bien omenez, eta bien inguruko hitzaldia egingo dute udalerriko Edurne Garitazelaia kultur etxean, urriaren 20an, 19:00etan. Era berean, aita-alaben gaineko informazioa helarazi du elkarteak.

1908an jaio zen Ricardo Castellote, Castro Urdialesen (Espainia), baina laster joan zen bizitzera Arrigorriagara. Gaztetatik sortu zitzaion idazteko afizioa. Komunista zen, eta, gerra hasi zenean, Euzkadi roja argitalpeneko erredaktorea zen anaia Celestinorekin batera. 1937ko ekainean, hark eta haren emazte Maria Labat Zabalak Santurtziko portura eraman zituzten Carmen eta Ricardo seme-alabak, eta umeak Sobietar Batasunera erbesteratu ziren, Habana itsasontzian —Carmenek 5 urte zituen garai hartan—. Gurasoek ere hilabete berean erbesteratu behar izan zuten, Mexikora. Ricardo Castellotek han publikatu zuen La anteiglesia de Arrigorriaga, 1975ean; kontrazalean, ikurrin bat zuen argitalpenak.

Carmen, joan-etorrian

Carmen eta neba Leningradera heldu ziren —egungo San Petersburgo—, baina Ukrainako harrera etxe batera bidali zituzten. Aurrerantzean ere hara eta hona ibiliko zen poeta. 36ko gerra bukatu, eta Bigarren Mundu Gerra piztu zen jarraian; hortaz, neba-arrebak ezin izan ziren jaioterrira itzuli. Erbesteratutako umeetako asko SESBen alde borrokatzeko boluntario aurkeztu ziren, baina Carmen Siberiara bidali zuten; gerra bukatu zenean, beste haur batzuekin elkartu zen Moskun.

Moskun ikasi zuen Historia, eta han erdietsi zuen, halaber, Gizarte eta Ekonomia Zientzietako doktoretza. 1950eko urteetan, Tadeusz Wolny poloniarrarekin ezkondu, eta haren herrira joan zen bizitzera; hamarkada bukaeran, 1958an, Mexikora joan ziren senar-emazteak, eta Carmen bere gurasoekin elkartu zen ostera ere. Harrezkero, han bizi da Carmen Castellote.