Beste kultura proiektu handien zabalkundea

Beste kultura proiektu handien zabalkundea

N. S. O.

Sortzaile txiki eta proiektu berritzaile askoren ondoan, kultura proiektu handiak ditu Bizkaiak. Egoitza ikusgarriak eta horiek handitu eta zabaltzeko anbizio handiko egitasmoak darabiltzate esku artean horietako askotan. Guggenheimez gain, horien adibide dira Euskal Museoa, Arte Ederretako Museoa, Bilbo Arte eta Omako Basoa.

Bilboko Arte Ederretako Museoa handitzeko lanak abian dira. Eraikin zaharraren gainean bi gune egingo dituzte: 1.500 metro koadroko galeria txiki bat eta 700 metro koadroko terraza bat, eskulturak erakusteko.

Norman Foster eta Luis Maria Uriartek diseinatu dituzte handitze lanak. Obra horiek egiteko enpresa eraikitzaileen eskaintzarik ez zutenez izan, 4,6 milioi euro handitu zuen aurrekontua museoak. Guztira, 34,1 milioi euro ordainduko dituzte lanok —BEZ gehituta, 41,3 milioi—. %15,5 garestitu da aurrekontua.

Joan den irailaren 26an hasi zituzten Arte Ederretako Museoa handitzeko lanak. Eraikin modernoa itxi zuten orduan, eta jarduera guztiak eraikin zaharrean egiten ari dira. Handitze lanak bukatu arte, eraikin zaharrerako sarrera doakoa izango da.

Bisitari gehiago erakarri

Arte Ederretakoaren antzera, Bilboko Euskal Museoa handitzeko plana ere iaz aurkeztu zuten. 2024rako zabaltzea aurreikusi dute. Orain arteko museoak halako hiru bisitari izatea eta EMYA Europako Urteko Museoaren sarirako hautagaitza sendoa aurkeztea da Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren asmoa. 20 milioi euro gorde dute horretarako. Obraren bidez 6.400 metro koadro irabaziko ditu, eta azalera %38 handituko da.

2016tik 2018ra Euskal Museoko klaustroa berritu zuten, eta Gurutze kaleko Kurtze eraikina erosi zuten. 5 milioi euro inbertitu zituzten Bilboko Udalak eta Foru Aldundiak orduan.

Bilbo Artek 25 urte beteko ditu datorren urtean, eta urteurren biribil horretarako bigarren egoitza izango du. Gaur egun Bilboko Urazurrutia kalean duen egoitzan jarraituko dute asistentziako tailerrek eta administrazio zerbitzuek; gune berria, berriz, erakusketak egiteko eta biltegi modura erabiliko dute. Abandoibarrean egongo da gune hori, Uribitarteko moiletan, eta 650 metro koadro izango ditu. Guztira 580.000 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta hamar hilabete irautea aurreikusi dute. Bilboko Udalak eta Foru Aldundiak ordainduko dute kostua.

Eraikinetatik kanpo, aire zabalean ere ari dira Bizkaiko erakundeak kultura ondarea zabaltzeko lanetan. Agustin Ibarrolak Kortezubin sortu zuen Omako basoa lekualdatzeko lehenengo pausoak ematen hasi ziren joan den uztailean. Lanak datorren udarako amaitzea aurreikusi dute.

Egungo basoaren ondo-ondoan egongo da berria, mugakide den pinudi batean. Lanek milioi bat euroko aurrekontua izango dute. Udan lanaren hastapenak bisitatzeko aukera eskaini du Foru Aldundiak.